AEBak eta Iran, etsaiak mende erdiz

AEBen eta Iranen arteko gatazkak hainbat mugarri izan ditu Irango Iraultzaz geroztik. Bi herrialdeen arteko harremanak urte ugari daramatza gaiztotuta, baina Trump agintera iritsi denetik are gehiago tenkatu da soka.

Gizon bat Teheranen, AEBen aurkako mural baten ondotik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Gizon bat Teheranen, AEBen aurkako mural baten ondotik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko otsailaren 28a
18:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek azken egunetako mehatxuak bete ditu, eta, Israelekin batera, Iranen aurkako erasoaldia abiatu du. AEBen eta Iranen arteko harremana 1979. urtetik dago etenda, Irango Iraultza gailendu zenetik, eta etsaiak dira ordutik.

CIAren eta MI6ren estatu kolpea

AEBek eta Erresuma Batuak, haien zerbitzu sekretuen bitartez —CIA eta MI6, hurrenez hurren—, Irango lehen ministro Mohammed Mossadegh agintetik kendu zuten 1953ko abuztuaren 19an, estatu kolpe bat emanez; Ajax operazioa deitu zioten. Horrela, Mohammad Reza Pahlavi xahren monarkia berrezarri zuten, botere osoa har zezan konbentzitu ostean.

Mossadeghek bigarren agintaldia hasi berria zuen, eta urtebete eskas zeraman, haren Fronte Nazionalak hauteskundeak irabazi baitzituen 1954an. Baina CIAk eta MI6k ezegonkortasun soziala sustatu zuen Iranen, eta armadako bandoak Mossadeghen kontra matxinatzera deitu.

Hala, AEBen laguntzarekin —CIAk 2013an onartu zuen Mossadegh boteretik kentzeko estatu kolpea prestatu zuela eta demokraziaren aurkako mugimendu bat izan zela—, Mohammad Reza agintera iritsi zen, eta diktadura bat ezarri zuen. SAVAK Polizia sekretua izan zuen lagun, eta torturen eta espetxeratzeen ikur bilakatu zen.

Xahren erorialdia eta Irango Iraultza

Ekonomia arloan Iran nazioarteko potentzia bilakatu zedin saiatu zen Mohammad Reza, baina ezarri zituen politikek berdintasunik eza sustatu zuten. Horren ondorioz, Irango gizartea altxatu egin zen 1979an, Mohammad Reza AEBen txotxongilo bat zelakoan; xahk herrialdetik ihes egin behar izan zuen, eta Ruhollah Khomeini aiatola erbestetik itzuli zen Errepublika Islamiarra aldarrikatzeko.

Zazpi hilabete geroago, 1979ko azaroaren 4an, Irango ikasle talde bat AEBek Teheranen zeukaten enbaxadan sartu zen, eta Mohammad Reza estraditatzeko eskatu zuten. Horretarako, AEBetako 52 herritar bahitu zituzten. Auziak iraun zuen artean hil zen Mohammad Reza, eta orduko AEBetako presidente Jimmy Carterrek (1977-1981) hauteskundeak galdu zituen, Ronald Reaganen mesedetan. 444 egun iraun zuen auziak, azkenerako.

Bahituak heroien moduan hartu zituzten Washingtonen, baina, auzi hori amaiarazi bazuten ere, bi herrialdeen arteko erlazioa guztiz apurtu zuen gertakizun horrek. Are, AEBen eta Iranen arteko negoziazio guztiak bitartekarien bidez egin behar izan dira orduz geroztik.

AEBen erasoa, «nahastuta» 

1988ko uztailaren 3an, AEBek Irango hegazkin bat —Iran Air aire konpainiako 655 hegaldia zen— erorarazi zuten, ustez Irango armadaren hegazkin bat zelakoan. 290 lagun hil ziren AEBek misilekin egindako eraso hartan. Washingtonen esanetan, AEBetako itsas armadak «11 ohartarazpen dei» egin zituen irrati bidez, hegazkina suntsitu baino lehen.

Hilabete geroago, AEBetako Defentsa Departamentuak ondorioztatu zuen AEBetako armadak ez zuela jokabide «arduragaberik» izan. Hala ere, Iranek auzitara eraman zituen AEBak, eta, handik urtebetera, 132 milioi dolarreko kalte ordaina ematea adostu zuten bi herrialdeek.

«Gaizkiaren ardatza»

2002an, Al-Qaedak World Trade Centerreko dorre bikiak eraitsi eta lau hilabetera, garai hartako AEBetako presidente George W. Bushek (2001-2009) esan zuen Iranek, Irakek eta Ipar Koreak Gaizkiaren ardatza osatzen zutela eta «terrorismoaren alde» egiten zutela, baita mundu osoko bakea kolokan jarri ere.

Handik hilabete gutxira, AEBek salatu zuten Iran uranioa aberasten ari zela arma nuklearrak egiteko. Teheranek ukatu egin zuen hori; elektrizitatea sortzeko asmoz ari zela argudiatu zuen, eta NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna sinatu. Hala ere, 2011n Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak txosten baten bidez jakinarazi zuen Iranek «jarduera garrantzitsuak» egin zituela 2003 bitarte, «lehertzeko moduko gailu nuklear bat» garatzeko asmoz.

Akordio nuklearra

2015eko uztailaren 15ean, Iranek eta munduko potentzia nagusiek —AEBek, Erresuma Batuak, Alemaniak, Israelek eta Txinak hartu zuten parte, eta 5+1 Taldea deitu zioten— akordio nuklear bat sinatu zuten, programa nuklearra mugatzeko helburuz. Akordio horren arabera, Iranek uranioa gehienez %3,67ra aberastu zezakeen, gutxienez hamabost urtean. Horrez gain, AEBek armak inportatzeko eta esportatzeko debekua bost urtez luzatu zioten Irani, eta misil balistikoen osagaiak lortzekoa, zortzi urtez.

Itun horrek «historikoa» zirudien, baina Trumpek hautsi egin zuen 2018ko maiatzean, agintera iritsi zenean, «oso txarra» zelakoan; Akordiotik irten, eta Iranen aurkako zigor ekonomikoak ezarri zituen. Baita Iranekin negozioak egiten zituen edozein herrialderen aurkakoak ere. Handik urtebetera, akordioan hartu zituen konpromisoak ez betetzen hasi zen Iran.

Azken urteetan gorabehera asko izan dituzte bi herrialdeek. 2019ko apirilean, Trumpek «erakunde terroristen zerrendan» sartu zuen Irango Guardia Iraultzailea —gauza bera egin dute aurten EB Europako Batasuneko Atzerri ministroek—, eta hilabete batzuk geroago AEBek Qasem Soleimani Irango Guardia Iraultzaileen buruzagia hil zuten drone batekin egindako erasoan, Bagdaden. Trumpen esanetan, Soleimanik AEBetako armadaren aurkako eraso bat egiteko asmoa zeukan Iraken.

Horrez gain, iazko ekainean, Trumpen bigarren agintaldian, AEBek Iran bonbardatu zuten —Hamabi eguneko gerra deitu izan zaio gerora—. Herrialdeko hiru gune nuklear nagusiei eraso zieten AEBek, Fordowri, Natanzi eta Isfahani, eta operazioa «arrakasta militar ikusgarria» izan zela esan zuen Trumpek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.