Ali Khamenei Irango buruzagi gorena hil duela erran du Israelek

Herrialdeko 24 probintzia bonbardatu dituzte Washingtonek eta Tel Avivek. Defentsa ministroa eta Guardia Iraultzaileko komandantea hilik daudela jakinarazi dute, eta, horietaz gain, berrehundik goiti herritar. Ormuzko itsasartea ixteari ekin dio Iranek.

Auto batzuk erreta, Iranek Israelen egindako eraso baten ondorioz. ABIR SULTAN / EFE
Auto batzuk erreta, Iranek Israelen egindako eraso baten ondorioz. ABIR SULTAN / EFE
Edu Lartzaguren - Irati Urdalleta Lete - Iratxe Muxika Karrion
2026ko otsailaren 28a
23:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurkako erasoaldia hasi dute larunbat goizaldean. Irango erregimeneko buruzagi nagusiak jarri dituzte jopuntuan: Ali Khamenei herrialdeko buruzagi gorena eta Masud Pezexkian presidentea.

Khameneiren etxea bonbardatu dute, eta Israelgo iturri ofizialek jakinarazi dute hil egin dutela. Eta ez hura bakarrik. Israelgo Gobernuak adierazi duenez, goi mailako zazpi ofizial hil dituzte erasoetan; horien artean, Irango Defentsa ministro Amir Nasirzadeh eta Guardia Iraultzaileko komandante Mohammed Pakpur. Irango iturriek ez dute hildakorik baieztatu, aitzitik, Khamenei «bizirik eta ongi» dagoela erran dute.

Netanyahuk agerraldi bat egin du iluntzean, eta Khameneiri egotzi dio «mundu osoan terrorismoa zabaltzearen errua». Israelgo lehen ministroaren irudiko, gainera, Irango buruzagia egon da «Israel akabatzeko planen» gibelean. 

Erasoekin hasi berritan, Trumpek erran du «borroka operazio handiei» ekin dietela Iranen aurka. Gaineratu du Teheranekin akordio bat egiten saiatu direla azken egunetan, alferrik. «Haien misilak suntsituko ditugu, eta haien misil industria eraitsiko. Erabat deuseztatuko dugu», adierazi du. Hau dute xedea, Trumpen hitzetan: «Irango erregimena amaiaraztea, eta Irango herria matxinatzea, boterea har dezan». Erasoak egun batzuk iraungo duela ere adierazi du. Israelgo armadako iturrien arabera, erasoaldia «behar adina» luzatuko dute, eta «asteak» zeramatzaten dena prestatzen.

Lau «helburutik» hiru hilik direla jakinarazi ondotik, Trump berriro mintzatu zaio Irani, eta AEBetako hedabide bati erran dio bi aukera ikusten dituela Irango auzian: «Edo egoera luzatu, edo haren kontrola hartu. Nahi adina iraun dezake honek, edo hiru egunean esan diezaieket agur irandarrei». Edonola den, AEBetako presidentearen arabera, herrialdeak «urte asko» beharko ditu erasoetatik «errekuperatzeko». 

Teheranen ez ezik, herrialdeko 24 probintziatan egin dituzte erasoak, eta, Irango Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuaren arabera, 200 pertsona baino gehiago hil dira eraso horietan, eta 750 inguru zauritu, gutxienez. Tartean, Minab herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe bat ere jo dute bonbardaketek. Irango iturri ofizialek jakinarazi duenez, 115 ikasle hil dituzte, eta gutxienez 90 zauritu. 170 ikasle zeuden ikastetxean erasoa egin dutenean, eta erreskate taldeak biktimen bila ari dira. Hegoaldeko hiri handienari eraso diote hurrena, Xirazi.

Irango Konarak hiriko itsasontzi-baseari egindako erasoa, satelite bidez ateratako argazkian. EFE
Irango Konarak hiriko itsasontzi-baseari egindako erasoa, satelite bidez ateratako argazkian. EFE

Teheranek misilekin eta droneekin erantzun dio erasoaldiari. AEBen Qatarreko, Arabiar Emirerri Batuetako eta Bahraingo base militarrak bonbardatu ditu. Are, mehatxu egin du horretan jarraituko dutela: «Israeli laguntzen dion eskualde osoko edozein base izango da gure helburua». Irango iturriek zera ohartarazi diote Al-Jazeera telebistari: «AEBek eta Israelek eskualdean duten gune oro da jopuntu zilegia, baita aurrez inoiz kontuan hartu ez badugu ere; ez dago mugarik». AEBek erantzun dute gaurko erasoetan Iranek ez duela militar estatubatuar bakar bat ere hil. Tel Aviven, aldiz, herritar bat hil da Iranek egindako erasoetan.

Horiek horrela, Teheranek agindu du herritarrentzako aterpeak eta baliabideak prestatzeko. «Negoziatzen ari garen bitartean, etsai kriminalak gure aberriari eraso egin dio, nazioarteko arau guztiak urratuz», gaitzetsi du Irango Atzerri Ministerioak. Iranen bertan behera geratu da Internet zerbitzua, eta aire konpainia handiek eten egin dituzte hegaldiak. Golkoko herrialdeek itxi egin dute euren aire eremua.

Iranek ormuzko itsasartea itxi du

Jasandako kolpeei komertzialki ere erantzun die Iranek: Guardia Iraultzaileak itxi egin du Ormuzko itsasartea. Omango golkoaren eta Persiar golkoaren artean dago itsasartea, baina ez dio soilik inguru hari eragiten: munduan kontsumitzen den petrolioaren %40 inguru itsasarte horretatik igarotzen da, eta, haatik, munduko erregaien ibilbide komertzial nagusietako bat da. Itsasartea itxita edukitzeak zuzen-zuzenean eraginen dio petrolioaren prezioari. 

Irango itsas armadak esplikatu duenez, «etete prozesuan» dago itsasartea, alegia, oraindik ez da guztiz itxi. Baina irrati seinale bidez jarri dira harremanetan itsas zirkulazioarekin, eta «denei» jakinarazi diete operazioa hastera doazela eta itxi eginen dutela pasabidea. 

NBC News hedabideari elkarrizketa bat eman dio Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak, eta erran du «ezinezkoa» dela Irango erregimena amaitzea. «Programa nuklear baketsu bat» bermatuko duen akordio batera ailegatzeko prest daudela jakinarazi du. «Oraintxe ez daukagu komunikaziorik AEBekin. Washingtonek gurekin hitz egin nahi badu, badaki nola», erran du. Baina, hori bai, azaldu du erasoak eten egin behar direla elkarrizketarako atea ireki aitzinetik.

Joan zen ekainean bonbardatu zuen Israelek Iran azken aldiz. Hamabi egunez jo zuten herrialdearen instalazio nuklearren kontra. Oraingoan ere, Trumpen esanetan, Irango programa nuklearra da operazio militarraren helburua, hala ohartarazi du AEBetako presidenteak berak: «Iranek ez du eta ez du izango arma nuklearrik».

Nazioartearen erantzuna

Iranen kontrako erasoak nazioarteko komunitatea astindu du, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak presazko bilera egin du Euskal Herrian gaua zenean. Irango ordezkariak salatu du «gerra krimen bat eta humanitatearen kontrako krimen bat» izan dela, ez eraso bat soilik. Gogorarazi du eskola batean «ehun ume baino gehiago» hil dituztela. bonbardaketek, eta milioika pertsona bizi diren hiriguneak erasan dituztela. Erasoa berehala eteteko eskatu dio NBEri, baina ohartarazi du bere burua defenditzeko eskubidea duela Iranek, eta gehitu du erantzun egingo duela, mugarik gabe.

Errusiak eta Txinak ere gaitzetsi egin dute erasoa. Turkiak ere gaitzetsi du erasoa, eta bere burua bitartekari gisa aurkeztu du, borroka gelditzeko. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak berak ere gaitzetsi du, eta borroka etetera dei egin. «Edozein gatazka armatutan, zibilek ordaintzen dute garestien». Erran du nazioarteko bakea eta segurtasuna «arriskuan» jarri dituztela, eta ohartarazi du liskarrak eten ezean ondorioak «biztanleria zibil osoarengana» ailegatu daitezkeela.

NBEko idazkariak estatu guztiei eskatu die bete ditzatela nazioarteko legezkotasunaren alorrean dituzten betebeharrak, eta «alde guztiei» exijitu die itzul daitezela «negoziazio mahaira». Guterres: «NBEk argi eta garbi debekatzen du lurralde osotasunaren eta edozein estaturen independentziaren kontrako indarra erabiltzeko mehatxua».

Europako Batzordeko presidenteorde Kaja Kallasek, aldiz, Irango Gobernua kritikatu du: «Talde terroristak babesten ditu, eta hori mehatxu handia da munduko segurtasunerako». Gainera, esan du bertatik erretiratzen ari direla ezinbestekoak ez diren Europako Batzordeko langileak. EBko Atzerri ministroak bihar biltzera deitu ditu, egoera aztertzeko.

Ekialde Hurbila ere dardar batean jarri du erasoak. Iranek inguruko herrialde askotara egin ditu erantzun gisako erasoak. Israelgo Gobernuak, berriz, itxi egin ditu Gazarako sarbideak, baita Rafahkoa ere; Libanori, berriz, esan dio ez duela asmorik erasorik egiteko, Hezbollahk ez duelako erantzun Iranen erasoaren ostean.

Euskal Herrian mobilizazioak antolatu dituzte. Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatuta, elkarretaratzeak eginen dituzte bihar Iruñean —12:30ean Udaletxe plazan—, Donostian —13:00etan Bulebarrean—, eta Bilbon —12:30etan Areatzan—. Israelek eta AEBek Iranen aurka egindako erasoa salatzea da helburua, eta, era berean, «sionismoaren eta inperialismoaren aurkako erresistentziari babesa adieraztea». 

Negoziazioak

Azken asteetan hainbatetan bildu dira AEBetako eta Irango ordezkariak azken horren programa nuklearrari buruz hitz egiteko. Azken bileraren ostean, bi aldeek nabarmendu zuten elkarrizketak «ondo» joan zirela.

Ordea, azken orduetan oso bestelakoa izan da Etxe Zuriaren jarrera. Atzo arratsaldean, bai AEBek, bai beste hainbat herrialdek Israeldik alde egiteko eskatu zieten beren herritarrei, eta ohartarazi handik ordu gutxira ez zela ihes egiteko aukerarik izango. 

Irango programa nuklearrak Mendebaldeko estatuen ezinegona eragin du urte luzez, nahiz eta Iranek behin baino gehiagotan ukatu arma nuklearrak dituela edo halakoak egiteko asmoa duela.

Ali Khamenei Irango buruzagi gorenak berak ezarri zuen arma nuklearrak egiteko debekua, eta, azken egunetan zenbait iturrik zabaldu dutenez, Teheran prest agertu da «tarte batez» uranioa aberasteari uzteko. Hitz eta promesak, baina, ez dira aski izan Etxe Zuriarentzat.

Arma nuklearrak garatzeko, uranioa gutxienez %90 aberastu behar da. Iazko ekainean Irango instalazio nuklearrei eraso egin zieten AEBek, eta, Trumpen arabera, «guztiz txikitu». Aste batzuk lehenago ohar bat kaleratu zuen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, eta zehaztu Iranek %60 aberastutako 400 kilogramo pasa uranio zituela; azpimarratu zuen, dena den, ez zegoela frogarik esateko Iranek arma nuklearrak garatzeko asmoa zuenik. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek ezin izan ditu ordutik neurketa gehiago egin, Iranek harekin zuen lankidetza bertan behera utzi baitzuen AEBen erasoen ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!