Su etena helburu izanda ere, elkarri erasoka jarraitu dute Washingtonek eta Teheranek

AEBek soldadu bat hil dute Tabriz hirian, Iran iparraldean. Islamiar errepublikak AEBen Kuwaiteko, Jordaniako eta Bahraingo gune militarrak jo ditu. Huthiek itsas blokeoa ezarri diote Saudi Arabiari.

Herritar bat Teheranen, atzo,  atzean duela Donald Trump AEBetako presidentea itotzen erakusten duen irudi bat. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Herritar bat Teheranen, atzo, atzean duela Donald Trump AEBetako presidentea itotzen erakusten duen irudi bat. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria - Julen Otaegi Leonet
2026ko uztailaren 20a
19:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batak besteari egiten dio eraso, eta alderantziz. Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek horrelaxe daramatzate azken bederatzi egunak, Washingtonek su etena amaitutzat jo zuenetik. Teheranek asteburuan bi soldadu estatubatuar hil ondoren, gaur ere halaxe jarraitu dute, nahiz eta gatazka eteteko negoziazioetarako proposamenik baden mahai gainean —Irango iturri ofizialek Reuters agentziari adierazi diotenez, hamar eguneko su etena ezartzeko planteamendua jaso du islamiar errepublikak, AEBek eta Iranek ekainaren erdialdean sinatutako memorandumaz eztabaidatzeko eta hura berriro ezartzeko—.

Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaur jakinarazi du, inolako xehetasunik eman gabe, proposamen bat jaso dutela, eta bitartekariak beharrean ari direla. Goizean emandako prentsaurreko batean, nabarmendu du diplomazia «interes nazionalak lortzeko tresna bat» dela, «gerra bezalaxe». Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak bart kazetarien aurrean adierazi zuenez, diplomaziak «erreala» izan behar du, eta, uste duen arren beste aldeak hitz egiteko asmoa duela, erasoen bidez Iranen «jarrerari» ari dira erantzuten: «Eta jarrera hori hauxe da: misilak eta droneak jaurtitzen aritzea ontzien kontra».

Centcom AEBetako armadaren Komandantzia Nagusiak zehaztu du zera izan dela Washingtonen erasoen helburua, «Iranek Ormuzko itsasartetik igarotzen diren ontziei erasotzeko duen gaitasuna are gehiago murriztea». Dena den, Tabriz hiriko gune militar bat jo dute AEBek, Iran iparraldean, eta soldadu bat hil, Fars agentziaren arabera. Duela ia hamar egun memoranduma bertan behera utzi zutenetik, lehen aldia da AEBek Iran iparraldean eraso bat egin dutena.

Euskal Herrian goizaldea zela, Donald Trump AEBetako presidenteak kazetarien aurrean egindako agerraldi batean adierazi du «oso eraso gogorrak» egin dituztela Iranen, Teheranek asteburuan hil zituen AEBetako soldaduen «omenez». Eta Donald Trump AEBetako presidenteak sare sozialetan gaur arratsaldean idatzitako mezu batean ohartarazi du Ekialde Hurbileko herrialdeak «askozaz ere garestiago» ordainduko duela soldadu bat hiltzen duen aldiro.

Izan ere, AEBetako armadako bi kide hil zituen asteburuan Teheranek Jordanian, base militar bat jota —beste soldadu bat desagertuta dagoela jakinarazi zuen asteburuan Washingtonek—. Irango Atzerri ministrorde Kazem Gharibabadik atzo Tasnim agentziari esan zion Iranek bertan behera utzi dituela memorandumean hartutako «konpromiso guztiak».

Pezexkian Irango presidenteak gaur berretsi du «erabateko gerran» daudela beste behin AEBen kontra. Bere bulegoak kaleratutako ohar batean, herritarrei esan die «errealistak» izan behar dutela, eta «erresistentziaren ondorio naturalak onartu». Horren harira, Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi du AEBek Irango instalazio eta azpiegitura zibilak jo dituztela azken erasoaldian, eta nabarmendu beste behin agerian gelditu dela AEBek zer helburu duten.

Ahalegin diplomatikoetan ere ari da Ekialde Hurbileko herrialdea: Esmail Mokhtarian Irango Barne ministroa Pakistanera joan da gaur bertako bere homologoak gonbidatuta, Teheranek eta Washingtonek akordio bat lortzeko elkarrizketak berreskuratzeko xedez. Pakistan bitartekari aritu da gatazkan.

Iran ere erasoan

Irango Guardia Iraultzaileak gaur goizean jakinarazi du AEBetako armadako hamar bat soldadu hil dituela Kuwaiten, eta zehaztu du Jordanian ere eraso egin duela. Tasnim albiste agentziaren bidez zabaldutako ohar batean, jakinarazi du AEBetako armadako tropa batzuk hartzen zituzten hogei babesleku inguru jo dituela gaur Al-Azraqen —AEBetako armadaren aireko indarren base bat dago han—. Oharrean zehaztu dutenez, AEBetako armadako hamar bat «terrorista» hil ditu; nolanahi ere, AEBek ez dute oraindik halakorik baieztatu.

Horrez gain, oharrean zehaztu dute Aqabako aireportuari ere eraso diotela Jordanian, eta AEBetako armadaren hainbat hegazkin hondatu dituztela, misil balistikoak baliatuta. «AEBetako armadak milioika herritar musulman hil ditu azken hamarkadetan, eta Gazan sarraskia egin duen erregimen sionistaren babesle nagusia da. Musulman orok hiltzaile basati horiek hil behar ditu, dagoen tokian dagoela», gaineratu dute oharrean.

Minutu batzuk geroago, beste ohar baten bidez, Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du drone bidez egin duela eraso Kuwaiten, eta nabarmendu du «erabat» suntsitu duela alerta goiztiarreko radar sistema bat. Kuwaitek X sare sozialean jakinarazi du bere defentsa sistemak «drone bidezko mehatxuei» aurre egin behar izan diela, eta «erantzuten» ari direla.

Arratsaldean Irna agentziaren bidez zabaldu duen ohar baten bidez, islamiar errepublikako armadak jakinarazi du AEBetako armadaren helburuak bonbardatzen jarraitu duela erantzun gisa: Bahrainen, droneak konpontzeko instalazio bat eta ontzi bat «suntsitu» ditu; Kuwaiten, berriz, itsas armadaren gune bati eraso dio.

Itsas nabigazioa «babestea»

Azken orduetan ontzi batek su hartu du Ormuzko itsasartean, Omandik 15 kilometro ingurura, jaurtigai batek jo ostean. Erresuma Batuko Itsas Merkataritza Erakundeak (UKMTO) ohar batean adierazi duenez, eskifaiako kideek ihes egin dute ontzitik, eta onik atera dira. Sutea, ordea, ez dute itzali oraindik, eta ontzia noraezean dabil.

Horiek horrela, egoera memoranduma sinatu aurretikoaren parekoa da berriro. Teheranek blokeatuta dauka Ormuzko itsasartea, eta AEBek, berriz, itsas blokeoa ezarri dute beste behin Irango portuetan. Horren harira, Rubiok atzo Irani leporatu zion Ormuz presio egiteko tresna gisa erabili izana. Rubiok Filipinetara joan aurretik kazetarien aurrean esan zuenez, Washington «bere eskuetan dagoen guztia» egiten ari da munduko itsas nabigazioa «babesteko», baina ohartarazi zuen beste herrialde batzuek «aurrerapausoak ematen» hasi beharko dutela, hala baliabide materialekin nola finantza baliabideekin, «zama» horri eusten laguntzeko. 

Tentsioa, ordea, are gehiago handitu da gaur Ekialde Hurbilean. Izan ere, Yemengo huthiek ohar bat zabaldu dute jakinarazteko itsas blokeoa ezarriko diotela gaurtik aurrera Saudi Arabia «arerioari». Huthien eledun militar Yahya Sareek sinatutako oharrean azaldu dute berehalakoan jarriko dela indarrean itsas blokeoa, eta «begia begi truk» esaeraren arabera jokatu dutela. Izan ere, iragan astean elkarri eraso zioten bi aldeek, hainbat urtez elkarri inolako erasorik egin gabe egon ostean: Saudi Arabiaren babespeko Yemengo Gobernuak, nazioartearen aitortza duenak, eraso egin zion Sana hiriburuko aireportuko pistari, Irandik abiatutako huthien ordezkaritza batek ez zezan lur hartu. Erantzun gisa, milizia xiitakoek Saudi Arabia hego-mendebaldeko Abha hiriko aireportua jo zuten misilez. Ostegunean, berriz, huthiek mehatxu egin zioten bizilagunari: ohar batean adierazi zuten bertako petrolio instalazioak helburu izango dituztela baldin eta Riadek «eskala handiko eraso bat» egiten badu huthiek kontrolatutako gunearen aurka —2014az geroztik dute beren gain hartua herrialdearen mendebaldea, eta erasoak egin izan dituzte Itsaso Gorrian nabigazioa oztopatzeko xedez—.

Sultan al-Barakani Yemengo Parlamentuko presidenteak gaur ohartarazi du huthiek «gerra hautatu» dutela, eta nabigazioa blokeatzeko erabakiak milizianoen kontra jarriko duela «mundu guztia».

ISRAELGO armadak hiru palestinar hil ditu gazan

Israelgo armadak hiru palestinar hil ditu gaur Gazan, Khan Yunis hiriko Al-Nasser ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez; soldaduek jaurtigai bat bota dute auto baten kontra zerrenda hegoaldeko Mawasi herrian, eta eraso horrek zenbait zauritu ere eragin ditu. 

Palestinako Gurutze Gorriak gaur jakinarazi duenez, kolono talde batek bi palestinar hil zituen atzo gauean Ramallahn, eta beste hiru larri zauritu. Gainera, Palestinako Wafa albiste agentziak bertako iturri batzuk aipatuz adierazi duenez, kolonoek tiro egin zioten zaurituetako bat zeraman anbulantziari. 

Hamasek ohar batean salatu du Israel Zisjordaniako herriaren aurka gauzatzen ari den «hilketa eta terrorismo politikaren hedapen bat» besterik ez dela kasu hori. «Palestinarrek ez dute onartuko kolonoek gure hirien eta herrien kontra egitea inongo zigorrik gabe eta kostuari erreparatu gabe», gaineratu du Hamaseko kide Abdul Rahman Xadidk. 

Bestalde, Palestinako talde islamistak gaur jakinarazi du Khalil al-Hayya izango dela taldearen bulego politikoaren liderra aurrerantzean. Al-Hayyakek Yahya Sinwarren tokia hartuko du; Israelgo armadak hil zuen, Gazan, 2024ko urrian. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA