SIRIA

AEBek Damaskozigortzea «oso larria» dela dio Liga Arabiarrak

AGENTZIAK
DAMASKO
2004ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Siria «terrorismoa sustatzen ari» dela argudiatuta, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente George Bushek hari zigor ekonomikoak ezartzeko legea sinatu zuen herenegun. AEBetako Kongresuak lege proiektua iaz, gehiengo absolutuz, onartu zuen arren, Bushen sinadura falta zen lege bihurtzeko. Damaskoko Gobernuak zigorrak kritikatu zituen atzo, «krudel eta bidegabeko» iritzita. Liga Arabiarrak, bere aldetik, «oso larriak» direla eta hori ez dela bidea adierazi zuen.

Bushek sinatutako Siriaren Erantzukizun Legeari jarraiki, AEBek Siriara egin ditzakeen esportazio oro botikak eta elikagaiak izan ezik debekatuko ditu Washingtonek, baita bi estatuon arteko banku transakzioei murrizketak ezarri ere. Gainera, Siriako hegaldi zibilei ateak itxi eta ustez «terrorismoarekin lotura duten talde eta norbanakoek» AEBetan izan ditzaketen ondasunak bahitzeko baimena ematen du. «Siriak terrorismoa sustatzen du, Libanon presentzia militarra atxikitzen du, suntsipen handiko armak garatu nahi ditu eta AEBek eta nazioarteak Irak berreraiki eta egonkortzeko eginahalak azpizulatzen ditu», berretsi zuen herenegun Bushek. Alabaina, Damaskok behin eta berriro esan du talde palestinar eta libanoarren sostengua soilik politikoa dela. Siriak ez ditu hauek terroristatzat jotzen, askatasunaren aldeko borrokalaritzat baizik.

«Zigor sinbolikoak»

Zigorrak gaitzetsi arren, Siriak Washingtonen duen enbaxadore Imad Mustafak sinbolikotzat jo zituen, AEBek Siriarekin dituen merkataritza harremanak urtean 300 milioi dolarretik igotzen ez direlako eta Siriako hegazkinek aspaldi ez dutelako AEBetara bidairik egiten. «Zigorrek ez diete harreman diplomatikoei eragingo», esan zuen Mustafak.

«Neurriotako asko lobby sionistari men egiteko onartu dituzte», salatu zuen enbaxadoreak. Herrialde arabiarrek zigorrei aurre egiteko prest daudela esan arren, soilik Liga Arabiarrak eta Libanok arbuiatu dute AEBen erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.