AEBek EIren adar baten posizioak bonbardatu dituzte Nigeria ipar-mendebaldean

Pentagonoaren arabera, hainbat biktima eragin dituzte. Trumpek justifikatu egin du erasoa, «kristauen sarraskiak» egiten ari direla esanda.

AEBek erasoaren berri emateko erabili duten bideoaren fotograma bat. BERRIA
AEBek erasoaren berri emateko erabili duten bideoaren fotograma bat. BERRIA
Igor Susaeta.
2025eko abenduaren 26a
10:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump lehen agintaldian (2017-2021) baino modu gerrazaleagoan jokatzen ari da atzerri politikan. Adibide bat: EI Estatu Islamikoak Sirian dituen azpiegituren kontrako aire eraso bat egin zuten AEBek joan den larunbatean, eta gaur muturreko talde islamista horren adar batek Nigeria ipar-mendebaldean dituen posizioak bonbardatu dituzte. Pentagonoaren arabera, hainbat biktima eragin dituzte.

AEBetako presidenteak Truth Social bere sare sozialean idatzitako mezu batean esan duenez, erasoa «indartsua eta hilgarria» izan da, eta AEBek hori egin dute, hain justu, EIko adar hori «kristauen sarraskiak» egiten ari delako. Askatasun Zibilen eta Zuzenbide Estatuaren Nazioarteko Elkartea GKE gobernuz kanpoko erakundeak irail hasieran kaleratutako txosten baten arabera, miliziano islamiarrek 7.000 kristau inguru hil zituzten Nigerian urteko lehen 220 egunetan.

Nigeriako armadak baieztatu egin ditu bonbardaketak, eta ohar batean adierazi du lankidetzan aritu direla, eta erasoak «planifikatuta» zeudela. AEBetako Defentsa Departamentuak komunikatu batean adierazi duenez, Gineako golkoan duten gerraontzi batetik jaurti dituzte dozena bat inguru misil.

Trumpek azaroan adierazi zuen, frogarik erakutsi gabe, kristauen aurkako «sarraski bat» gertatzen ari zela Nigerian, Afrikan biztanle gehien dituen herrialdean —237 milioi inguru—, kontinente horretan petrolio gehien duenean. Nigeriako Gobernuak garrantzia kendu zien horiei.

Aspalditik dator

Dena den, Nigerian aspalditxotik ari dira muturreko talde islamisten indarkeria nozitzen. Boko Haram talde jihadistak 2009tik egiten ditu han erasoak, eta EIren adar ISWA Mendebaldeko Afrikako Estatu Islamikoak, 2016tik. Datu ofizialek diotenez, bi talde horiek 35.000 pertsona inguru hil dituzte —horietako asko musulmanak—, eta 2,7 milioi barne desplazatu eragin; batez ere Nigerian, baina baita Nigerren, Txaden eta Kamerunen ere.

Nigeria iparraldean musulmanak dira gehiengoa, eta hegoaldean, berriz, kristauak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.