AEBek eraso egin diote Venezuelatik irtendako itsasontzi bati, eta 11 lagun hil dituzte

Washingtonek argudiatu du narkotrafikora bideratutako ontzi bat zela, Tren de Aragua talde kriminalaren jabetzakoa. Venezuelak esan du erasoaren bideoa adimen artifizialarekin egina dela, eta salatu AEBek haien baliabide naturalak ustiatu nahi dituztela.

AEBetako presidente Donald Trump, atzo, Etxe Zurian, Washingtonen. AL DRAGO / EFE
AEBetako presidente Donald Trump, atzo, Etxe Zurian, Washingtonen. AL DRAGO / EFE
maddi iztueta olano
2025eko irailaren 3a
10:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mehatxuak eta hitz bidezko probokazioak alde batera utzita, Venezuelari eraso egin diote AEBek, zeharka bada ere. Venezuelatik irtendako itsasontzi bat bete-betean jo zuen atzo AEBetako armadak, hura oraindik ere Venezuelako kostaldetik gertu zegoela. AEBetako presidente Donald Trumpek eman zuen erasoaren berri, sare sozialetan publikatutako bideo baten bidez, eta hor ikus daiteke nola jotzen duen itsasontzia misil batek. Trumpen arabera, Tren de Aragua talde kriminaleko 11 kide zihoazen bertan, eta droga zeramatzaten; guztiak hil dira. Hori aski ez, eta Trumpek zera leporatu dio Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari, herrialdeko talde kriminalen gaineko kontrola izatea, eta horiek egiten dituzten «erailketak, droga trafikoa eta AEBen aurkako indarkeriazko ekintzak» antolatzea. 

Ohiko duen tonuari eutsi dio Trumpek, eta ahoan bilorik gabe egin du akusazioa. Halere, AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok nabarmendu du operazioa «drogen aurkako eraso bat» baino ez dela izan. «Droga trafikoan aritzen diren talde guztien aurka egingo dugu baldin eta kontra egiten badiete AEBen interesei, dauden tokian daudela», gaineratu du. Hegazkinera igo aurretik egin ditu adierazpen horiek; izan ere, Mexikon izango da bi egunez. Egonaldiaren helburua da, besteak beste, narkotrafikoaren aurkako borrokan bi herrialdeen arteko kooperazioa indartzea. 

Venezuelako Gobernuak Telegram sare sozialaren bidez erantzun dio lehendabizi AEBen erasoari, eta leporatu die Trumpek zabaldutako bideoa adimen artifizialarekin sortzea, «gezurrak» helarazteko asmoz. Mezu horretan bertan, nabarmendu du Venezuela ez dela «mehatxu bat».

Handik gutxira hitz egin du Madurok, herrialdeko telebista kate ofizialean. Ez du ezer aipatu itsasontziaren aurkako erasoaren inguruan, baina nabarmendu du Washingtonen helburua haien baliabide naturalak ustiatzea dela, hala nola gasa eta urrea, baita beste mota bateko «ondare bat» zapuztea ere: «Badakizue zer ondare den hori? XXI. mendeko iraultza sozialistaren proiektua, Amerikak inoiz izan duen proiekturik handiena».

Ikusi beharko da Venezuelaren eta AEBen arteko tentsioak gora egiten jarraitzen duen, zuzeneko konfrontazio baterako zirrikitua irekita utzi baitu Rubiok. Luze gabe Washingtonek militarki Venezuelari eraso egitea posible izango ote litzatekeen galdetuta, erantzun du ezin duela «espekulaziorik» egin etorkizunean gerta daitekeenaren inguruan. 

Mehatxu bat

Washingtonek zortzi itsasontzi militar —bakoitzak 1.200 misil ditu— eta urpeko nuklear bat zabaldu zituen herenegun Venezuelako kostaldean, argudiatuta horien helburua dela eremu horretatik AEBetarantz abiatzen den narkotrafikoa mugatzea, eta operazio horren biharamunean iritsi da erasoa. Maduroren arabera, baina, zabalkunde militar hori Amerikan azken ehun urteetan egon den «mehatxurik» handiena da, eta ohartarazi zuen armak hartuko dituztela herrialdeari eraso egiten badiote. 

Hain justu, ekintza horri erantzunez, Madurok Venezuelako armadako tropa batzuk zabaldu ditu herrialdeko mugetan, eta herritarrei eskatu die «beharrezkoa izanez gero» prest egoteko AEBen lehorreko ofentsiba bati aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.