AEBek eta Erresuma Batuak Yemen bonbardatu dute beste behin

Huthien Itsaso Gorriko zamaontzien kontrako erasoak ez dira baretu, eta horiei berriro ere erantzun diete AEBek eta Erresuma Batuak. Helburua eraso gaitasuna «degradatzea» da, baina milizia xiita tinko dabil.

YEMEN HOUTHIS USA CONFLICT
Sanako eraikin batzuk, bart. YAHYA ARHAB / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2024ko otsailaren 4a
14:30
Entzun

Yemengo huthiek argi dute beren jarrera Palestinako gatazkari dagokionez, eta iragan urritik kokapen estrategikoaz baliatu dira Itsaso Gorritik Israelerantz igarotzen diren zamaontziei eraso egiteko; izan ere, munduko itsas trafikorik handienetako baten ingurua kontrolatzen du milizia xiitak. Horrek ekonomian izan dezakeen eragina kontuan hartuta, AEBek eta Erresuma Batuak huthien posizio batzuk bonbardatu zituzten urtarrilean —bost hildako eta sei zauritu eragin zituzten—. Ordutik hona, alde bakoitzak bereari eutsi dio: huthiek zamaontzien kontra egiten segitu dute; Washingtonek eta Londresek, berriz, ia 50 aldiz bonbardatu dituzte Yemengo matxinoen posizioak bart, besteak beste Sana hiriburuan. Yemenen ipar-mendebaldea ere kontrolatzen dute huthiek.

AEBek nabarmendu dute ekintza horien helburua dela huthien eraso gaitasuna «degradatzea»: lurpeko biltegiak, kontrolguneak, misil sistemak, operazio guneak, droneak, radarrak eta helikopteroak bonbardatu nahi zituzten. Miliziak ziurtatu du, ordea, operazio horiek ez duela eraginik izan; are gehiago, areagotu egin dituzte zamaontzien eta gerraontzien kontrako erasoaldiak. Eta ez dute geratzeko asmorik: «Gazaren kontrako oldarraldia amaitzen ez bada, gerra bat egongo da azken judizioko egunera arte», adierazi du Naser al Din Amer talde politiko-militarreko goi kargudun batek. Milizianoen bozeramaile batek ere azpimarratu du bart gaueko erasoak ez direla geratuko «erantzunik zein zigorrik» gabe.

Yemendik iparralderago ere gora egin du tentsioak azken egunetan: Gazako gerra hasi zenetik lehen aldiz, AEBetako soldaduak hil zituzten Jordanian, Siriaren eta Iraken mugetatik gertu. AEBek Irani egotzi zioten erasoa, baina Teheranek ukatu egin zuen zerikusirik izatea —Iranek milizia xiita aliatuak hornitzen ditu ekipamendu militarrarekin eta laguntza ekonomikoarekin—. Ondorioz, AEBek Siriako eta Irakeko milizia xiiten posizioak bonbardatu zituzten herenegun.

Bart gaueko erasoa ikusita, Naser Kanani Irango Atzerri ministroak AEBei leporatu die Ekialde Hurbilean «kaosa» sustatzea, Israeli «arnasa» ematearren. Washingtonen eta Londresen jarrera eta erasoak «kontraesankorrak» direla nabarmendu du; izan ere, Joe Biden presidente estatubatuarrak adierazi du ez duela nahi gatazkarik eragin, ezta gatazka eskualdera zabaldu ere. Yemengo erasoekin aurkakoa gertatzen ari da.

Jada 27.300 hildako baino gehiago utzi ditu Palestinako gatazkak urriaren 7tik, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Azken egunean hainbat eraso egin ditu Israelek zerrendako hegoaldean, eta gutxienez 127 lagun hil dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.