EKIALDE HURBILA

Erresuma Batuak eta AEBek Yemen bonbardatu dute

Huthiek, oldarraldiari erantzun, eta misilak jaurti dizkiete bi estatuen zenbait gerraontziri.

CYPRUS BRITAIN YEMEN STRIKE
Erresuma Batuak Yemen bonbardatzeko erabilitako hegazkinetako bat. RAF AKROTIRI
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urtarrilaren 12a
09:11
Entzun

Ekialde Hurbileko gatazka  are gehiago larritu da, Israelek Palestinan «genozidio kalkulatu bat» egin duela Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegian salatu eta ordu gutxira. Bart, Erresuma Batuak eta AEB Amerikako Estatu Batuek 73 aldiz bonbardatu dituzte milizia huthiek Yemenen dituzten posizioak. Milizia Bab el-Mandeb itsasartearen inguruan dago, Itsaso Gorriaren ertz batean, eta handik igarotzen diren itsasontziei erasotzen ari zaie urritik. Washingtonen eta Londresen arabera, matxino xiita horien erasoei emandako erantzuna dira bonbardaketak. Huthien arabera, bost kide hil eta sei zauritu dizkiete azken orduetan.

Milizia xiitak, hogei drone eta «hainbat misil» erabilita, eraso handi bat egin zuen asteazkenean. Horren ostean, Abdel-Malik al-Huthi miliziako buruak Al-Jazeera telebista kateari adierazi zion «erantzun» egingo diotela «AEBen edozein erasori»: «Erantzuna orain arte aurrera eraman ditugun ekintzak baino bortitzagoa izango da». Erantzuna gaur goizean heldu da, miliziak hamaika misil jaurti baititu AEBek eta Erresuma Batuak Itsaso Gorrian dituzten gerra itsasontzien aurka. Yahya Sarea huthien bozeramaile militarrak esan du AEBek eta Erresuma Batuak dutela erantzukizun «osoa». «Mehatxu guztiei erantzungo diegu, zalantzarik gabe. Lehorreko eta itsasoko helburu etsai guztiei erasoko diegu, Yemenen subiranotasuna eta independentzia defendatzeko», azpimarratu du Sareak.

Irani leporatu diote behin baino gehiagotan huthiak armekin hornitu izana. Teheranek, baina, ohartarazi du Yemenen aurkako azken oldarraldiak eskualdea «gehiago desegonkortu» dezakeela. Naser Kanani Irango atzerri ministroak nazioarteko komunitateari eskatu dio gatazkan «esku hartzeko», oldarraldiak gora egin ez dezan. Erasoa «nazioarteko zuzenbidearen aurkako ekintza» dela baieztatu du Kananik.

Joe Biden AEBetako presidenteak baieztatu duenez, erasoa Erresuma Batuak eta AEBek egin dute, Australiaren, Bahreinen, Kanadaren eta Herbehereen oniritziarekin. Oldarraldia azaltzeko argitaratu duten idatzian, miliziaren azken hilabeteetako ekintzen aurkako erantzuntzat jo dituzte bonbardaketak, huthiek «nabigatzeko askatasuna galarazi baitute». Azpimarratu dute erasotako guneetan «huthiak arriskuan jartzen» ari direla «munduko nabigazio bide garrantzitsuenetako batean ibiltzeko askatasuna». Antzera mintzatu da Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa, argudiatuta «ekintza mugatua, proportzionala eta beharrezkoa» izan dela.

Ikusi gehiago

Bonbek hamaika helburu izan dituzte jomugan, besteak beste Sana, Yemengo hiriburua. Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariaren hitzetan, radarrak, aire erasoen aurkako babes sistemak, droneak, misil balistikoak eta gurutzaldi misilak izan dira bonben helburua. Izan ere, huthiek Erresuma Batuaren eta AEBen aurka egindako erasoaren biharamunean heldu da bi herrialdeen oldarraldia.

Gaur goizean huthiek Al-Jazeeran adierazi dutenez, «Israelek Gazaren aurkako oldarraldia eten arte» ez diote utziko Israelen ontziei erasotzeari. Huthiek Tel Aviv jomugan jarri duten arren, AEBen aburuz «50 herrialdetako baino gehiagotako» itsasontziei eraso die miliziak azken asteetako 27 oldarraldietan. Are gehiago, Bidenek adierazi du hogei herrialdetako baino gehiagoko tripulazioak «mehatxatu edo bahitu» dituztela, eta 2.000 ontzi baino gehiago «milaka milia» desbideratu, Itsaso Gorriko pasabidea trabatzeko.

Nazioartearen erantzuna

Goizaldeko erasoen ostean, Alemaniak, Australiak, Bahreinek, Danimarkak, Herbehereek, Hego Koreak, Kanadak eta Zeelanda Berriak adierazpen bateratua bat plazaratu dute Erresuma Batuarekin eta AEBekin batera. Bertan, nabigazio askatasunaren, nazioarteko merkataritzaren eta marinelen biziaren aldeko «eginbide bateratu baten» beharra nabarmendu dute. Gaineratu dute inguruko tentsioa «baretzea» dela herrialde horien helburua, eta «egonkortasuna itzultzea» Itsaso Gorrira.

Huthien aurkako adierazpen gehiago izan dira azken egunetan. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak huthiek Itsaso Gorrian aurrera eraman dituzten erasoak gaitzetsi eta horiek bertan behera uzteko exijitu zuen asteazkenean. Horrek, baina, bi interpretazio izan ditu; izan ere, Errusiak iritzi dio Segurtasun Kontseiluak ez dituela babesten Yemenen aurkako bonbardaketak. Dmitri Peskov presidentetzako bozeramaileak dio nazioarteko zuzenbideari erreparatuz gero erasook «legez kontrakoak» direla: «Erresuma Batua eta AEBak oinarri juridiko bat izaten saiatu dira Segurtasun Kontseiluaren bidez, baina ez dute lortu. Ebazpenak ez die eraso egiteko eskubiderik ematen».

Hain zuzen, huthien erasoei erantzuteko, Prosperity Guardian nazioarteko koalizioa osatu dute hainbat herrialdek, AEBek eta Erresuma Batuak bultzatuta. Bahrein, Frantzia, Herbehereak, Italia, Kanada, Norvegia eta Seychelles ere horko kide dira, eta helburu dute Itsaso Gorritik igarotzen diren ontzien «segurtasuna» bermatzea. Izan ere, handik igaro behar da Suezko kanalera heltzeko. Koalizio horrek gerraontziak bidali ditu ingurura.

Kontrako ahotsak

Harrabotsa eragin du Yemengo bonbardaketak. Izan ere, alde agertu diren herrialdeak dauden bezala, aurka lerratu direnak ere daude. Errusia ez da bakarra azken orduetan haren kontrako jarrera adierazi duena. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak esan du Erresuma Batuak eta AEBek Itsaso Gorria «odolez beteriko itsasoa» bihurtu nahi dutela.

Libanoko Hezbollah talde xiitak ere gaitzetsi ditu bonbardaketak, eta huthiek Gaza defendatzeko egiten duten lana «txalotzekoa» dela gaineratu: «Yemenek Palestina defendatu du era ausart eta arduratsuan, Gazan duten blokeoa hainbat bidetatik eten dezaten ahaleginduz». Hezbollahren iritziz, Washingtonek Palestinaren alde egiten duen «edonori» egiten dio eraso. Hamasek ildo beretik jo du, eta erasoek eskualdean izan dezaketen eraginaren erantzuletzat jo ditu Erresuma Batua eta AEBak: «Yemenen aurkako erasoa neurtu gabeko ekintza terrorista bat da. Eskualdeko tentsioa areagotuko du, eta horrek izango dituen emaitzen erantzule bakarrak Erresuma Batua eta AEBak dira».

Saudi Arabiak, bestetik, erdibideko adierazpen bat plazaratu du. Izan ere, herrialde arabiarrak hilabeteak daramatza huthiekin negoziatzen bake akordio bat lortzeko. Horregatik, Itsaso Gorrian «segurtasuna eta egonkortasuna» lortzearen garrantzia azpimarratu du, eta «nazioarteko interestzat» jo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.