AEBek eta Iranek berriro egin diote eraso elkarri, eta menia hari batean dago

AEBetako armadak Irango hiru petroliontziri egin die eraso, eta Teheranek AEBetako hiru ontzi militarri. Su etenak indarrean jarraitzen duela ziurtatu du Trumpek.

'USS George H.W. Bush' AEBen hegazkinontzia, asteon. EFE
'USS George H.W. Bush' AEBen hegazkinontzia, asteon. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 8a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itun bat egiteko prest agertu dira AEBak azken egunetan, eta proposamen bat ere egin diote Teherani. Iran garesti ari da saltzen bere larrua, eta oraindik ez dio erantzunik eman, baina Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak elkarrizketarako eta diplomaziarako deia egin zuen atzo arratsaldean. Bada, bi aldeak gertuago zeudela zirudien honetan, erasoen bidera itzuli dira, eta tregoa hautsi izana leporatu diote elkarri. Hala ere, negoziazioekin aurrera egingo dutela adierazi du Donald Trump AEBetako presidenteak.

Araghtxik Trumpi leporatu dio erasoak egitea diplomazian urratsak egiten ari diren bakoitzean: «Agian presio egiteko estrategia bat da, baina Iran ez da makurtzen presioa eginda ere».

Su etena urratzea leporatu dio Teheranek Washingtoni. Baina AEBetako armadak esan du Iranen eraso bati erantzuteko hasi zutela atzo gauean Irango aginte eta kontrol guneen eta instalazio militarren aurkako erasoaldi bat. Izan ere, aurrez AEBetako hiru ontziri eraso egiten saiatzea leporatu zion Washingtonek Teherani. «AEBetako hiru ontzik arazorik gabe zeharkatu dute Ormuzko itsasartea, etsaiaren erasopean. Misilak jaurti dituzte gure ontzien aurka, baina erraz eraitsi dituzte», idatzi zuen Trumpek atzo gauean, Truth Social bere sare sozialean.

Gerora, Trumpek ABC katean adierazi du «indarrean» jarraitzen duela «su etenak», eta ironiaz gaineratu du azken orduetako erasoak «maitasun kolpetxo batzuk» besterik ez direla izan. Hala ere, Etxe Zurian zeuden kazetariei esan die Iranek «iseka» egin diela salatu duen eraso horrekin. «Gaur iseka egin digute. Suntsitu egin ditugu». Gainera, mehatxu egin dio Teherani, beste behin, sare sozialetan: «Akordioa laster sinatzen ez badute, indar handiagoz egingo diegu eraso. Azkar!».

%50

Zenbat libanoar bizi diren laguntza humanitarioaren menpe, ehunekotan. Europako Batasunak jakinarazi duenez, Libanon hiru milioi biztanle laguntza humanitarioaren menpe bizi dira, hau da, herritarren erdiak baino gehiago. Libanon 5,8 milioi pertsona bizi dira, eta martxoaren hasieratik Israelen erasoetan 2.700 herritar baino gehiago hil dituzte.

Kontua da AEBek ere egin dituztela erasoak. Armadak berak jakinarazi duenez Irango bandera zuten hiru petroliontziri eraso egin diete, eta ez diete utzi Iranen porturatzen. Teheranek argudiatu du eraso horien harira egin dutela Washingtonen ontzi militarren aurka.

Era berean, Irango armadak salatu du AEBek zibilen aurkako erasoak egin dituela Bandar Jamir hiriko kostaldean, Siriken eta Qexm irlan, «eskualdeko beste herrialde batzuekin elkarlanean».

Hilabete igaro da AEBetako presidenteak «su etena» iragarri zuenetik Iranen. AEBek eta Iranek bi asterako su etena hitzartu zuten orduko hartan, baina apirilaren 21ean jakinarazi zuen Trumpek tregoa luzatzea erabaki zuela, Irani «negoziatzeko denbora gehiago» emateko.

AEBen azken proposamenak oraindik ez dauka Teheranen erantzunik. AEBek uste dute gerraren amaiera deklaratuko lukeen orri bateko dokumentu bat adostu dezaketela, eta horrek hilabete inguruko negoziazio tartea ekarriko lukeela, gairik gatazkatsuenak jorratzeko. Teheranen erantzuna atzoko espero zen, baina oraindik ez dute erantzunik eman. Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak azken orduetan adierazi duenez, proposamena aztertzen ari dira oraindik. Baina gogoratu beharra dago orain arteko proposamen guztietan Teheranek salatu izan duela AEBen eskakizunak ez direla errealistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE