Mehatxuak utzita, ekin egin diote, eta AEBek berriro eraso egin diote Irani. Jakinarazi dutenez, 140 «jomuga militar» jo ditu airez egindako eraso batean. Zehaztu dute misil eta drone instalazioak, itsas azpiegiturak, arma biltegiak, komunikazio sareak eta kosta zaintzeko azpiegiturak direla, eta Iranek Ormuzko itsasartean Zipreko itsasontzi bati eraso egin ostean erantzuteko egin duela hori dena.
Iranek ere misilak jaurtiz erantzun du. AEBek Jordanian, Kuwaiten, Qatarren eta Bahrainen dituen baseei egin die eraso. Erasoaren aurretik esana zuen Iranek erantzun egingo zuela, eta AEBek eskualdean dituen baseak izango zituela jomuga.
Bart itxi du Iranek Ormuzko itsasartea. Irango Guardia Iraultzaileak azaldu du Zipreko ontzi horrek bere sistemak itzali dituela, eta itsasarteko segurtasuna kolokan jarri duela hala. Gaineratu du ez diela kasurik egin eurek emandako azalpenei, eta ohartarazteko egin diotela tiro. Sua piztu da barkuan, eta marinel indiar bat desagertuta dago.
Gaur goizaldeko erasoaren ostean, beste itsasontzi bati ere eraso egin diola jakinarazi du. Iranek esan du ez duela zehaztu noiz irekiko duen berriro Ormuzko itsasartea. Mohamad Baqer Qalibaf Irango Parlamentuko presidenteak esan du bukatu dela «akordioen garaia».
Ekainaren 17an sinatu zuten memoranduma Iranek eta AEBek, eta ia hiru astean 513 ontzik zeharkatu dute hura. Hala jaso du Port Watchek, itsas trafikoa neurtzen duen etxeetako batek. Batez beste, 28 ontzik egunero; otsailaren 28an Israelek eta AEBek erasoaldia hasi aurretik, batez beste ehun ontzi igarotzen ziren handik.