Pakistanek eta Qatarrek jakinarazi dute AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek «bide orri bat» adostu dutela Ekialde Hurbileko gerra 60 egunen buruan bukatzeko. Bitartekariek ohar bateratu bat zabaldu dute gaur goizaldean X sare sozialean, eta gaineratu dute «astean zehar» jarraituko dutela «elkarrizketa teknikoekin». Horrez gain, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak gaur X sare sozialean zabaldu du «aurrerapausoak» eman dituztela Libanon gerra amaitu dadin.
Gaur-gaurkoz, bi fronte ditu nagusiki Ekialde Hurbileko gatazkak: Israel Libanon gauzatzen ari den okupazioa, eta Ormuzko itsasartearen kudeaketa —AEBek Iranen programa nuklearra dute begiz joa, baina hori aurrerago negoziatuko dutela esan izan dute—. Elkarrizketak beste fase batera igaro dira orain: iragan astean memorandum bat sinatu ostean, bi aldeetako ordezkariak Suitzan bildu ziren atzo, aurrez aurre. Pakistan eta Qatar bitartekarien arabera, «giro positibo eta eraikitzaile batean» negoziatu zuten, eta nabarmendu dute «aurrerapauso pozgarriak» ematea lortu zutela.
Oharrean azaldu dutenez, negoziatzaileek informazioa emango diote etengabe «Goi Mailako Batzorde» bati, eta auzi nuklearrean eta Irani ezarritako zigorretan ardaztutako lantaldeak zuzenduko dituzte, memorandumean adostutakoa «modu eraginkor batean» betetzen dela bermatzeko. Era berean, gaineratu dute komunikazio bide bat ezarri dutela Teheranen eta Washingtonen artean, «gaizki-ulerturik eta istiluri izan ez dadin» eta «merkantzia ontziak Ormuzko itsasartetik modu seguruan igarotzen direla bermatua egon dadin».
Araghtxik, bestalde, X sare sozialaren bidez hitz egin du gaur, bitartekariek oharra zabaldu eta berehala. Azaldu du elkarrizketak bide onean doazela, eta Ormuzko itsas blokeoa «bertan behera» utzi duela Teheranek. Horrez gain, gaineratu du Iranek atzerrian blokeatuak dituen aktiboetako batzuk kudeatu ahal izango dituela, eta Iran berreraikitzeko plan «garrantzitsu bat» jarri dutela martxan —Pakistanek eta Qatarrek zabaldutako oharrean ez da ezer aipatzen horren gainean—. Bi aldeek sinatutako memorandumaren seigarren puntuaren arabera, Iran berreraikitzeko 300.000 milioi dolarreko funtsa —258.000 milioi eurokoa— bermatuko dute AEBek eta haien aliatuek. Baina mekanismo hori behin betiko akordioan zehaztuko dute.
Araghtxi Suitzan egon zen atzo, Irango beste ordezkari batzuen aldamenean. Baina, Irango Isna eta Tasnim agentziek gaur zabaldu dutenez, jada Teheranera bidean da, Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko presidentearekin batera. Hala ere, nabarmendu dute Kazem Gharibabadi Atzerri ministrordeak zuzentzen duen talde teknikoa Suitzan dagoela oraindik, negoziazio teknikoekin jarraitzeko.
Libano, jomugan
Bitartekarien oharraren arabera, Irango eta AEBetako ordezkaritzek «gatazkak konpontzeko talde bat» sortzea adostu dute, Libanon gerra amaituko dela bermatzeko.
Auzi horrek ika-mika sortu zuen atzo, bi aldeen arteko elkarrizketetan. Izan ere, Teheranek elkarrizketak eten zituen, Donald Trump AEBetako presidentearen mehatxuak ikusirik. Etxe Zuriko maizterrak ohartarazpen bat egin zion atzo Irani; «Libanoko aliatuen» ekintzak gelditzeko agindu zion, Hezbollah milizia xiitari erreferentzia eginez.
Hamaseko bi kide hil dituela esan du tel avivek
Israelgo armadak gaur jakinarazi du asteburuan Hamas talde islamistako bi kide hil dituela Gazan, bi erasotan. Israelgo armadak 1.000 lagun baino gehiago hil ditu Gazan, 2025eko urrian su etena adostu zutenetik. Eta jada 73.000 baino gehiago dira 2023ko urriaz geroztik Isralek zerrendan hil dituen pertsonak.
«Hala egiten ez badu, berriro joko dugu Iran, gure indar guztiarekin. Joan den astean egin genuen bezala, baina are indar handiagoz», idatzi zuen Trumpek Truth Social bere sare sozialean.
Esmail Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaur Irango hedabideei berretsi dienez, Trumpen mehatxuaren ostean, Irango ordezkaritzak uko egin zion lau aldeko elkarrizketekin jarraitzeari. «Pakistan eta Qatar negoziazioarekin jarraitzen ahalegindu ziren, baina argi esan genien ez zela lau aldeko elkarrizketa batean izango», azaldu die bertako hedabideei.
Gaur, era berean, Libanoko presidente Joseph Aounek telefonoz hitz egin du AEBek Suitzara bidalitako ordezkaritzarekin —JD Vance presidenteordea, Steve Witkoff Etxe Zuriaren ordezkari, eta Trumpen suhi Jared Kushner— eta Qatargo lehen ministro Mohammed bin Abdulrahman Al Thanirekin. Libanoko Gobernuak ohar batean zabaldu duenez, deian zera aztertu dute: «Libanon su etena nola finkatu eta Israelen operazio militarrak nola murriztu».
Israelek, baina, oso argi dauka auzi horren inguruan zer egin; Libanoko erasoaldia erabiltzen ari da AEBen eta Iranen arteko soka ahal bezainbeste tenkatzeko. Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak gaur X sare sozialean adierazi du Tel Avivek menia «errespetatuko» duela, Hezbollahk erasorik egiten ez duen bitartean. «Ez gara segurtasun gunetik irtengo. Bestela, gure herritarrak arriskuan jarriko genituzke», azaldu du. Hau da, okupazioari eutsiko diola.
Aurrez, larunbatean, Israelek su etena urratu zuen, eta gutxienez 25 pertsona hil zituen Libanon. Hori ikusirik, Iranek jakinarazi zuen Ormuzko itsasartea itxi zuela, argudiatuta Tel Avivek Libanon eraso egiten segitzen duela.