Su etena indarrean denetik, asko murriztu dira Iranen eta AEBen arteko erasoak. Negoziazioak abian dira, baina oraingoz ez dute lortu adostasunetara heltzea. Eta ez dirudi aldeak akordio bat lortzetik gero eta hurbilago direnik. Gaur bertan, AEBetako armadak Iranera zihoan petroliontzi bati eraso egin dio, eta geroago Qexm uhartean Guardia Iraultzailearen komunikazio dorre bat bonbardatu du. Tregoa urratzea leporatu dio Teheranek Washingtoni, eta eraso horiei erantzunez misilak eta droneak jaurti ditu Bahrainera eta Kuwaitera. Kuwaiteko aireportua jo dute, eta pertsona bat hil.
AEBetako armadak goizaldean jakinarazi du Botswanako bandera zeraman petroliontzi bati egin diola eraso Ormuzko itsasartean. Washingtonen arabera, ontzia Irango Kharg uhartera bidean zioan. Donald Trump AEBetako presidenteak iragan astean iragarri zuen bertan behera utziko zuela Irango portuei ezarritako blokeoa, baina, Teheranek Etxe Zuriak egindako exijentziak onartzea baztertu ostean, blokeoak abian jarraitzen du. Gaur bonbardatutako ontziak debeku horri muzin egin nahi ziola argudiatu du AEBetako armadak, eta horregatik itsasontziaren motorrak suntsitu dituztela.
Eraso horri erantzunez, Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du Panaya itsasontziari egin diola eraso, beren hitzetan, AEBena da ontzi hori. Panaya zamaontziak Liberiako bandera du, eta Bahraingo portu batean dago Marine Traffic itsas nabigazioaren jarraipenerako webgunearen arabera. AEBetako armadak esan du Iranek itsasontzi zibilen aurka jaurtitako hainbat drone eraitsi dituela, eta segidan Guardia Iraultzailearen komunikazio dorre bat bonbardatu duela, Qexm uhartean.
Orduan, Guardia Iraultzaileak AEBetako armadak Ekialde Hurbilean dituen bi base izan ditu jomugan, Bahrainen eta Kuwaiten. Whasingtonek ziurtatu du Teheranek bere baseen aurka jaurtitako misil eta drone guztiak atzeman dituela, eta eraso horiek ez dutela armadako inor zuritu. Bahraingo Defentsa Ministerioak jakinarazi du beren sistema antiaereoek Irandik jaurtitako hiru misil eta hainbat drone eraitsi dituztela. Kuwaiten, ordea, drone batzuek kalteak eragin dituzte herrialdeko nazioarteko aireportuan. Herrialde horretako Osasun Ministerioaren arabera, erasoak hildako bat eta 63 zauritu eragin ditu. Aireportuko terminal bateko hegaldiak bertan behera egon dira hainbat orduz.
Irango Atzerri Ministerioak Kuwaiten eta Bahrainen aurkako erasoak justifikatu ditu, argudiatuz bi herrialde horiek «erantzukizun zuzena eta argia» dutela AEBek Iranen aurka egindako erasoetan. Teheranek bi herrialde horiei leporatzen die beren azpiegiturak erabiltzen uztea AEBetako armadari.
Azken erasoek agerian uzten dute negoziazioak ez atzera ez aurrera daudela. Atzo, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak esan zuen AEBak eta Iran akordio bat lortzear daudela, eta Teheran prest agertu dela bere programa nuklearraren inguruan orain arte negoziatu nahi ez zituen kontu batzuen inguruan eztabaidatzeko. Rubiok AEBetako Kongresuan hitz egin zuen Iranen aurkako erasoaldiaren inguruan, operazio militarra hasi zutenetik lehen aldiz. Geroago, Trumpek ziurtatu zuen negoziazioak etenda daudela dioten berriak «albiste faltsuak» direla, eta zeharkako elkarrizketak abian daudela.
Libanoko frontea ere kontuanÂ
Iranek, baina, ez du negoziatzen jarraitzeko asmorik; ez, behintzat, Libanon erabateko su etena ezartzen duten arte. Hala jakinarazi zuen Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak: «Iranen eta AEBen arteko su etenak barne hartzen ditu fronte guztiak, Libanokoa ere bai. Hura urratzea menia urratzea da. AEBak eta Israel dira horren erantzuleak».
Herenegun Trumpek berretsi zuen Libanon menia indarrean dagoela, eta Tel Avivek eta Hezbollah milizia xiitarekin adostu zuela eraso guztiak etetea. Atzo, ordea, milizia xiitak Israel iparraldeari eraso egin zion, eta Israelgo armadak gutxienez hamar pertsona hil zituen Libano hegoaldean. Bitartean, Washingtonen bilduta zeuden Israelgo eta Libanoko ordezkariak, bien arteko laugarren bilkura errondan. Libanok AEBetan duen enbaxadoreak esan zuen negoziazioek «itxura ona» dutela. Halere, gogorarazi zuen erabateko tregoa nahi duela herrialdean, baita Israelgo tropek Libano uzteko egutegi bat finkatzea ere. Izan ere, Israelgo armadak Libano hegoaldeko hainbat zati okupatu ditu. Tel Avivek ziurtatu du ez duela lurralde horietatik alde egingo; ez, behintzat, Hezbollah desegin artean. Gaur gaurkoz Libanoren %10 inguru du okupatuta edo ebakuazio agindupean Israelgo armadak.

Gaur Beirutetik hurbil Israelgo drone batek eraso egin dio ibilgailu bati. Hala zabaldu du Libanoko albiste agentzia nazionalak, eta ez du xehetasun gehiagorik. Gainera, herrialdearen hegoaldean ere izan direla erasoak kaleratu du; besteak beste, Nabatieh eta Tiro hirietan. Herenegun, Benjamin Nentanyahu Israelgo lehen ministroak Beiruti eraso egiteko agindu zuen, baina Trumpek eraso hori geldiarazi zuela esan zuen. Ordutik, Israelek Libano hegoaldea izan du jomugan, eta gaur arte ez zuen erasorik egin hiriburuaren inguruan.