Trumpen aginduak agindu, Libanon erasoei berrekin diete

Gutxienez hamar lagun hil dira Libano hegoaldean Israelgo armadaren erasoen ondorioz. Trumpen eta Netanyahuren arteko harremana tenkatu egin da, eta AEBetako presidenteak «seko erotuta» dagoela esan dio Israelgoari.

Israelgo armdaren erasoek suntsitutako hainbat eraikin, gaur, Tiro hirian. WAEL HAMZEH / EFE
Israelgo armdaren erasoek suntsitutako hainbat eraikin, gaur, Tiro hirian. WAEL HAMZEH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko ekainaren 2a
12:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako presidente Donald Trumpen hitzak hutsean geratu dira oraingoan ere. Atzo gauean ziurtatu zuen Hezbollah Libanoko milizia xiitarekin eta Israelekin hitz egin zuela, eta adostu zutela elkarri eraso ez egitea, ezarrita dagoen menia errespetatzea. Bada, gutxi iraun du adostutakoak. Israelgo armadak jakinarazi duenez, gaur goizaldean Hezbollahk Israel iparraldera botatako hainbat jaurtigai atzeman ditu. Esan dute ez dela inor zauritu, baina Tel Avivek segituan erantzun du, eta hainbat bonbardaketa egin ditu Libano hegoaldean. Libanoko albiste agentzia nazionalak kaleratu duenez, eraso horietan gutxienez hamar pertsona hil dituzte, tartean bi haur. Gaur eta bihar Washingtonen batzartzekoak dira Libanoko eta Israelgo ordezkariak.

Israelek kontrakoa zabaldu badu ere, Ekialde Hurbileko gatazkak elkarrekin lotuta daude, erabat. Iranek esana du ez duela AEBekin behin betiko akordiorik egingo Israelek ez baditu Libanoren aurkako erasoak gelditzen. Besteak beste horregatik, Etxe Zuria bitartekari ari da Beiruten eta Tel Aviven artean. Apirilean menia bat adostu zuten, eta maiatzaren 15ean beste 45 egun luzatu zuten, baina tarte horretan Hezbollahk Israel iparraldeari eraso egiten jarraitu du, eta Israelgo armadak, berriz, Libano hegoaldea suntsitzen.

IAEAK esan du Irango hurrengo akordio nuklearra «oso ezberdina» izango dela

Iranekin beste akordio nuklear bat egin behar dela eta akordio hori aurrekoaren «oso ezberdina» izango dela adierazi du Rafael Grossi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusiak, Al-Jazeeran egindako elkarrizketa batean. 2015ean sinatu zuten Irango programa nuklearra mugatzeko azken akordioa, baina, Grossiren arabera, ordutik Teheranek «izugarrizko» garapen teknologikoa izan du. Bestalde, ziurtatu du posible dela Irandik uranio aberastua ateratzea —hori exijitzen ari da Washington—, baina teknikoki «zaila» izango dela ohartarazi du. Gas egoeran dago Iranek aberastutako uranioa, eta hori garraiatzea ez dela erraza jakinarazi du Grossik. Kalkuluen arabera, Iranek %60 baino gehiago aberastutako 440 kilogramo uranio ditu. Erreaktore nuklearretarako nahikoa da %5eraino aberastutako uranioa, eta, bonba nuklear bat ekoizteko, %90 inguru aberastu behar da.

Atzo beste urrats bat egingo zuela iragarri zuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak: Beirut bonbardatzeko agindu zuen, eta Israelgo tropak Libanoko hiriburuan sartuko zirela jakinarazi. Dahieh auzoa hartzekoa zen helburu Israelgo armada; Hezbollah miliziaren gotorlekutzat dauka hori Tel Avivek. Trumpek, ordea, atzo gauen jakinarazi zuen bi aldeekin hitz egin zuela: Israelek ez ziola eraso egingo Beiruti, eta Hezbollahk ere ez Israel iparraldeari. Netanyahuk, ordea, ohartarazi zuen milizia xiitak erasoren bat eginez gero ez zuela menia errespetatuko, eta hori gertatu da. Halere, oraingoz ez dute, atzo iragarri moduan, Libanoko hiriburuaren aurkako erasorik egin. AEBek orain arte ontzat jo dute menia urratzeko arrazoia, hau da, Israel iparraldeko biztanleen «segurtasuna bermatzea».

Baliteke Libanoko gatazkak AEBen eta Israelen arteko harremana tenkatzea. Washingtonek akordio bat egin nahi du Iranekin, eta, Israelek Libanon egindako erasoen ondorioz, zailtzen ari da ados jartzea. Atzo Trumpek Netanyahuri dei egin zion, eta, Etxe Zuriko bi iturri ofizialek Axios hedabideari esan diotenez, haserre mintzatu zitzaion. «Seko erotuta» dagoela esan zion, eta mundu guztiak gorrotatzen duela. Beiruten aurkako erasoak behin-behinean bertan behera utzi bazituzten ere, Netanyahuk ziurtatu zuen ez zutela etengo herrialdearen hegoaldearen aurkako operazioa.

Ebakuazio eremua zabaltzen

Israelgo armadak Libano hegoaldea okupatu zuen martxoaren hasieran —jada Israelgo hainbat tropa Libanon zeuden 2024ko azaroan ezarritako tregoaren ondotik—. Israelek eta AEBek Iranen aurka hasitako erasoaldiari erantzunez, Hezbollahk Israel iparraldeari eraso egin zion, eta, milizia hori deuseztatu behar duela argudiatuta, Tel Aviv Libano hegoaldea txikitzen ari da. Hasieran, Litani ibairainoko eremua ebakuatzeko agindua eman zuen Israelgo armadak, baina jada ibai hori ere zeharkatu du, eta asteburuan libanoarrei agindu zien Zahrani ibaitik iparraldera ihes egiteko. Israelgo mugatik 60 kilometro ingurura dago ibai hori, eta ebakuazio agindua emandako eremu horren barruan daude, besteak beste, Tiro, Nabatieh eta Sidon hiriak.

Nazioartetik ere iritsi dira gaitzespenak Israelek Libanon abian duen okupazioa dela eta. Jean Noel Barrot Frantziako Atzerri ministroak esan du ezerk ezin duela justifikatu Israel Libano hegoaldean egiten ari den operazioa, ezta herrialde hori okupatzea ere. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, martxoaren hasieratik 3.400 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Libanon, eta 10.000 baino gehiago zauritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE