Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidenteak aste honetan bertan esan du Venezuelako Gobernuak ez duela kanpoko inoren agindurik onartuko. Rodriguezek esandakoak hautsak harrotu ditu AEBetan, nahiz eta Donald Trump presidenteak azpimarratu izan duen bi aldeek daukaten «harremana ona» dela. Gaur, ordea, erantzuna jaso du Rodriguezek. Izan ere, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Marco Rubiok adierazi du Washington prest dagoela Venezuelan indarra erabiltzeko jarduneko presidenteak bi herrialdeen arteko lankidetzari eusten ez badio.
«Jarduneko agintarien lana gertutik gainbegiratuko dugu. Inork ez dezala zalantzarik izan: presidenteak adierazi duen bezala, beste metodo batzuek porrot egiten badute, prest gaude indarra erabiltzeko ahalik eta lankidetza handiena bermatzeko». Hala jaso du AEBetako Estatu idazkariak gaur Senatuan eman duen hitzaldirako prestatu duen oharrean —Estatu Departamentuak zabaldu du dokumentua—; izan ere, hilaren 3an Nicolas Maduro presidentea eta Cilia Flores haren emaztea bahitu ostean AEBek Venezuelan ezarri duten politikaren nondik norakoak azaldu ditu goi ganberan.
Senatari demokrata batek balizko erasoari buruz galdetu dio Rubiori, eta oharrean esandakoak zuzendu ditu: «Ziurtasun guztiz esan dezaket ez garela ari Venezuelaren kontrako akzio militarrik prestatzen. Ez dugu intentziorik, eta espero dugu halakorik egin behar ez izatea». Dena den, oharrean ohartarazi du Trumpen administrazioak ez diola inoiz uko egingo AEBetako herriarekin daukan betebeharrari, ezta Amerika «zuzentzeko» misioari ere.
Goi ganberan, Venezuela «narkotrafikoaren erregimena» zela adierazi du, eta, Madurok boterea «modu baketsuan» uzteari uko egin zionez, «legea betearazteko operazio bat» egin behar izan zutela —AEBetako epaitegi federal batean ari dira epaitzen, narkotrafikoa eta beste leporatuta; martxoaren 17an izango da hurrengo auzi saioa—. Rubioren hitzetan, Venezuelako sistema ez zen «normala», «ustelkerian» oinarritutakoa baizik.
Estatu idazkariak esan du herrialdea «trantsizio eta egonkortze fasean» dagoela, eta bien bitartean «agintea dutenekin» aritu beste aukerarik ez dutela: «Gustatu edo ez, erregimenaren eskuetan dago armen kontrola eta gobernuaren instituzioena». Washingtonen helburua Venezuela herrialde «lagunkoia, egonkorra eta oparoa» izan dadila lortzea da. «Eta demokratikoa», erantsi du gero.
Behin hori lortuta, «hauteskunde askeak eta bidezkoak» egin ahal izatea dute xede. Horretarako, ordea, aste gutxi batzuk baino gehiago beharko dela azpimarratu du. Rubioren ustez, gaur egun hauteskundeak egin daitezke, baina ez lirateke «bidezkoak» izango oposizioak komunikabideetan agertzerik ez balu eta erabateko parte hartzea bermatuko ez balitzaio.
Oposizio horri dagokionez, Rubiok azpimarratu du haientzat «esparru politikoak» irekitzea beharrezkoa dela, eta gogorarazi nahi izan du Venezuelan oraindik 2.000 «preso politiko» inguru daudela. Preso horiek aske uzteaz ere mintzatu da Rubio. Estatuko idazkariak adierazi du «nahi baino motelago» ari direla presoak aske uzten, «pixkanaka».
Rodriguez Venezuelako jarduneko presidente izendatu zutenetik, Trumpek azpimarratu izan du harreman ona duela harekin eta Venezuelako jarduneko gobernuarekin, eta horixe esan du Rubiok ere; Rodriguezek «AEBekin elkarlanean aritzeko asmoa» agertu duela adierazi du oharrean. Estatu idazkariaren esanetan, jarduneko presidenteak konpromisoa hartu du Venezuelako energia sektorea «AEBetako enpresetara zabaltzeko» eta «lehentasuna emateko». «Rodriguezek ondo baino hobeto daki zein izango den Maduroren patua; eta uste dugu haren interes pertsonala bat datorrela gure helburuek aurrera egitearekin», erantsi du.
Atzo bertan, Venezuelako jarduneko presidenteak jakinarazi zuen Venezuelak AEBetan dituen aktibo batzuk desblokeatuko dituela. Erabakia Trumpekin hitz egin ostean hartu dutela adierazi zuen herrialdeko telebista publikoan zuzenean eman zuten agerraldian, eta esan horrek «ospitaleetarako ekipamenduan» inbertitu ahal izateko modua emango duela. Gainera, ziurtatu zuen argindar sistemarako eta gasaren industriarako tresneria erosteko ere erabiliko dutela diru hori.
Laster, Machado
Bi aste bete dira Etxe Zuriko maizterra Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buruarekin bildu zenetik. Bada, behin Senatuan hitz egin ostean, AEBetako Estatu idazkaria Machadorekin biltzekoa da AEBetako Estatu Departamentuaren egoitzan.
Bilera ateak itxita egitekoak dira, duela bi aste Trumpen eta Machadoren arteko bilera egin zuten antzera, eta ez dute eman bilkura horretan hitz egingo dutenaren inguruko xehetasun gehiago. Aurrez, Senatuan, Rubiok esan du Machadok zereginen bat izan dezakeela Venezuelako trantsizioan; azkenerako, AEBek «Maria Corinak eta beste batzuek parte hartzeko» modua izan dezaten nahi dute.
Hasiera batean, Trumpek eta haren administrazioak Venezuelan egin nahi duten trantsiziotik kanpo utzi zuten Machado, AEBetako presidentearen hitzetan ez baitzeukan Venezuelako herritarren sostengu nahikorik. Baina duela bi aste, Machadorekin berarekin bildu ostean, oposizioko burua tartean sartzeko asmoa erakutsi zuen.