AEBek Gazarako su etena jasotzen duen ebazpen bat aurkeztu dute NBEn, lehen aldiz

Washingtonen testuak proposatzen du «behin-behineko menia bat» indarrean sartzea, hori gauzatzea «egingarria» bada. OMEk Israeli leporatu dio ospitale bateko erreskate misioak blokeatzea.

(ID_13623455) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Lekualdaturiko palestinar batzuk, Deir al-Balahn, Gaza hegoaldean, gaur. MOHAMMED SABER /EFE
ander perez zala
2024ko otsailaren 20a
18:05
Entzun

Orain arte, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Gazako gerraz aritzean, ez dute inoiz erabili menia hitza NBE Nazio Batuen Erakundean. Baina, Israelgo armadaren erasoaldiak aurrera jarraitu ahala, eta, batez ere, zerrendako herritarren egoerak okerrera egin ahala, jarrera aldatuz joan da Washington. Horren erakusle da NBEren Segurtasun Kontseiluan aurkeztu duen ebazpen zirriborroa: lehen aldiz, su eten bat indarrean sartzea jasotzen du.

AEBen proposamenak baditu, zenbait xehetasun, hori bai. Aurkeztu duen testua onartuz gero, NBEren Segurtasun Kontseiluak bere «babesa nabarmenduko» luke Gazan «behin-behineko menia bat» indarrean sartzeko, betiere hori gauzatzea «egingarria» bada. Hori gertatzean «bahitu guztiak askatzea» nahiko luke, eta dei egingo luke laguntza humanitarioa zerrendan sartzea, Reuters albiste agentziak ebazpen zirriborroaren edukia ikusi ondoren argitaratu duenez.

Testuaren edukiak agerian utzi du Rafahko (Gaza) egoerak bultzatu duela Etxe Zuriak jarrera aldatzea NBEn. «Gaur egungo egoera aintzat harturik, Rafahn lurreko ofentsiba handi bat egiteak sufrimendu handiagoa eragingo lieke zibilei, eta lekualdatze gehiago eragingo lituzke, potentzialki herrialde bizilagunetan», diote dokumentu horretan.

Israelgo armadaren erasoaldiaren ondorioz, milioi bat pasatxo lagun lekualdatu behar izan dira hilabeteotan hiri horretara —Egiptoko mugan dago—. Nazioartea presio egiten ari zaio Tel Avivi, ez dezan ofentsiba militarra hara zabaldu, baina Israelgo Gobernuak ez du amore eman nahi. Are, AFP France-Press albiste agentziak jakinarazi zuenez, Benny Gantz gerra kabineteko kideak bilkura batean esan zuen datorren martxoaren 10era arteko epea eman diotela Hamasi bahituak askatzeko; hori egin ezean, armadak lurreko ofentsiba bat hasiko du Rafahren kontra.

Aljeriak beste testu bat proposatu du, «berehalako menia humanitario baterako», baina Washingtonek esan du horri betoa ezarriko diola.

NBEk hilaren 13an ohartarazi zuenez, hori gertatuz gero «sarraski bat» izango litzateke hiri horretan. Eta, hain justu, AEBek arrisku horretaz ohartarazi dute erakundearen Segurtasun Kontseiluan aurkeztu duten testuan, baita Ekialde Hurbilean izan dezakeen eraginaz ere: «Ondorio serioak eragingo lituzke eskualdeko bakean eta segurtasunean. Gaur egungo egoera aintzat harturik, ez diote ekin behar halako lurreko ofentsiba handi bati».

AEBen aurretik, Aljeriak beste ebazpen zirriborro bat proposatu zuen hilaren 1ean, eta horrek «berehalako su eten humanitario bat» eskatzen du. Halere, ez dute proposamena onartu, Etxe Zuriaren ordezkariak beto eskubidea erabili baitu hori blokeatzeko. Kontrako boz hori argudiatzeko, AEBen NBErako enbaxadore Linda Thomas-Greenfieldek hilaren 2an esan zuen eskaria gehiegizkoa zela, eta kalte egingo liekeela su etenari eta bahituak eta presoak trukatzeari buruzko negoziazioei. Asteotan ere jarrera horri eutsi dio Washingtonek.

Gaur bozkatu dute Aljeriaren testuaren inguruan, baina, oraindik ez dute argitu zer gertatuko den AEBen proposamenarekin, horren edukiaz negoziatzen ari baitira oraindik ere NBEren Segurtasun Kontseiluko estatu kideak. Ebazpen zirriborro bat onartzeko, gutxienez aldeko bederatzi boto behar dira, eta beto eskubidea duten herrialdeetako inork —AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak edo Txinak— hori ez erabiltzea.

Hungariaren blokeoa

Atzo gauean, hain justu, EB Europako Batasuneko estatu kideak Gazarako etenaldi humanitario bat eskatzekoak ziren, baina Hungaria kontra agertu zen, eta, beraz, plana eragotzi zuen, eskariak aho batezkoa izan behar baitu.

Horren aurrean, EBren diplomaziaburu Josep Borrellek adierazpen bat irakurri zuen prentsaren aurrean, bilkuraren ondoren, eta, horren bitartez, exijitu zuen «berehalako etenaldi humanitario bat ezartzea» Gazan, zeinak berekin ekarriko lukeen «su eten iraunkor bat finkatzea, bahitu guztiak baldintzarik gabe askatzea eta laguntza humanitarioa ematea».

Gazako herritarren egoeraz, Nutrizio Kluster Globalak —Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren parte da— txosten bat atera du argitara gaur, eta esan du Gazako 6 eta 23 hilabete arteko haurren %90 eta haurdunak gosete larria jasaten ari direla.

Eta, osasun zerbitzuen aferari dagokionez, OME Osasunaren Mundu Erakundea kritiko agertu da Israelekin, eta, gaur, herrialde horri leporatu dio Gaza hegoaldeko Khan Yunisko Nasser ospitalean erreskate misioak blokeatzea. OMEren arabera, ospitale horretan 130 paziente daude oraindik ere, baita hamabost mediku eta erizain ere; horiek guztiak, «elektrizitaterik eta urik gabe»; halere, erakunde horrek jakinarazi du 32 eri ateratzea lortu duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.