Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak bart gauean iragarri du ikasle ez-egoiliar txinatarren bisak baliogabetuko dituztela. Kaleratu duen oharrean, Rubiok adierazi du Estatu Departamentua aztertzen ari dela Txinako eta Hong Kongeko ikasleen eskariak onartzeko irizpideak, «segurtasuna hobetze» aldera. Ez du zehaztu ea neurriak ikasle txinatar guztiei eragingo dien, nahiz eta zehaztu duen, besteak beste, «Txinako Alderdi Komunistarekin zerikusia» dutenei eta «arlo erabakigarrietako ikasketak» egiten dituztenei eragingo diela. Arlo horien zehaztapenik ere ez du eman —The New York Times egunkariak aditzera eman du balitekeela Fisikarekin lotura dutenak izatea—.
Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Mao Ningek salatu du Washingtonen erabakia «motibazio politikoko ekintza» dela, «diskriminatu» egiten dituela ikasle txinatarrak: «AEBek, ideologiaren eta segurtasunaren izenean, arrazoirik gabe utzi dituzte bertan behera bisak». Txinatarren eskubideak «ahultzea» leporatu die AEBei, baita bi herrialdeen arteko trukeak «oztopatzea» ere. Ningen ustez, Rubioren iragarpenak agerian utzi du «faltsua» dela Washingtonen «ustezko irekitasuna», eta ziurtatu du nazioartean haren irudiari «kalte are handiagoa» egingo diola.
%25Zenbat diren AEBetan ikasten duten ikasle ez-egoiliar txinatarrak. Txinatik joaten dira AEBetara ikasle gehien, Nazioarteko Hezkuntza Institutuaren datuak aintzat hartuta —aurreko ikasturtean (2023-2024) lehenbizikoz, ordea, Txinako ikasleak baino gehiago izan ziren Indiakoak—. Institutu horrek AEBetan ikasten duten nazioarteko ikasleen errolda egiten du, eta iaz 1.126.000 ikasle ez-egoiliar baino gehiago hartu zituzten hango unibertsitateek. Ia laurdenak (%24,6; 277.000 ikasle) txinatarrak izan ziren.
AEBetan ikasi nahi duten atzerriko ikasleek beren herrialdeko AEBen enbaxadan egin ohi dituzte bisak eskatzeko elkarrizketak. Bada, herenegun, Rubiok enbaxada horiei eskatu zien behin-behinean txanda gehiago ez emateko, Estatu Departamentuak neurriak ezarri nahi dituelako ikasle horien sare sozialetako profilak are gehiago arakatzeko. Izan ere, AEBetako Estatu Departamentuko bozeramailearen arabera, «oso serio» hartzen dute hara doazenak aztertzeko prozesua: «Horretan jarraituko dugu». Horri erantzunez, Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak, prentsaurreko batean, Washingtoni eskatu zion «zintzotasunez» babesteko ikasle ez-egoiliarren eskubideak.
Axios AEBetako hedabideak Estatu Departamentuko iturriak aipatuz kaleratu duenez, Etxe Zuriak bi herrialdeen arteko harremanak «orekatu» nahi ditu, haren ustez Txina AEBen bisa sistemaz «baliatu» delako: «Gure herrialdera datozen askok helburu bakarra dute: gure jabetza intelektuala Pekinen izenean lapurtzea».
Trump, unibertsitateen kontra
Trumpen administrazioak begiz jo ditu hainbat unibertsitate, «progresistak» izatea edo «antisemitismoz» jokatzea leporatuta; ikasleek campusetan Israelen jarreraren aurka egindako protestak jartzen ditu adibide gisa. Presidenteak mehatxu egin die unibertsitateei, esanez ez dutela funts federalik jasoko.
Horietako bat da Harvard Unibertsitatea: apiril hasieran, Etxe Zuriak ikasle ez-egoiliarren datu pertsonalak —besteak beste, zigor erregistroak— eskatu zizkion Harvardi. Unibertsitateak erantzun ez, eta joan zen astean, Trumpek erabaki zuen bertan behera uztea ikasle ez-egoiliarrak jasotzeko programa, daturik jaso ezean. Harvardek, ordea, salaketa jarri zuen Massachusettseko barrutiko epaitegi federalean, eta bertako epaileak kautelaz erabaki zuen neurria atzera botatzea. Kontuan hartu behar da gobernuak ikasleen datuak eskatu zituenean unibertsitate horretako presidente Alan Garberrek «ilegaltzat» jo zuela eskaria, inork ezin dituelako «kontrolatu» unibertsitate pribatuetako ikasleak. Gaur arratsaldean, Trumpek 30 eguneko epea eman dio unibertsitate horri, neurriaren aurka egin izana «justifikatzeko».