AEBek operazio militar handi bat abiaraziko dute Ormuzko itsasartean, Irango blokeoa dela-eta han harrapatuta dauden ontziak «askatzeko» asmoz. Misioak Project Freedom du izena, eta ehun hegazkin baino gehiago, gerraontziak, droneak eta 15.000 militar mobilizatuko dituzte AEBek. Gaur hastea aurreikusten dute.
Donald Trump AEBetako presidenteak azaldu duenez, hainbat herrialdek eskatuta egingo dute operazio hori. Ontziak babestuta gidatuko dituzte itsasartean zehar, «keinu humanitario» gisa. Haren arabera, itsasontzi askok elikagai eta hornidura eskasia dute, eta egoera jasanezina bihurtzen ari da tripulazioentzat.
Trumpek plan hori iragarri eta gutxira erantzun du Irango armadak. Ohartarazi du itsasartea zeharkatzen saiatzen den edozein ontziri eraso egingo diola. Irango agintariek, gainera, argi utzi dute AEBek Ormuzen egindako edozein esku hartze su etenaren urraketatzat hartuko dutela. Ebrahim Azizi Segurtasun Nazionaleko batzordeburuak adierazi duenez, Ormuzko itsasartea ez da Washingtonen erabakien arabera arautuko.
Blokeo bikoitza
Egoera bereziki konplexua da; izan ere, Ormuzko itsasartea blokeo bikoitz baten pean dago. Iranek pasabidea mugatu zuen otsailean, eta, aldi berean, AEBek Iranera doazen edo handik ateratzen diren ontziak atxikitzen dituzte.
Apirilaren 8tik, indarrean dago Iranen eta AEBen arteko su etena, baina horrek ez du ekarri pasabidea berriz eta erabat irekitzea. Washingtonek eta Teheranek negoziazioak martxan dituzte. Trumpek adierazi du elkarrizketak «oso ondo» doazela, baina «zalantzan» jarri du AEBek Iranek bidalitako azken proposamena onartzea.
Irango Gobernuak baieztatu du AEBen erantzuna jaso duela, Pakistanen bitartez, baina ez du baloraziorik egin; edukia aztertzen ari direla esan du.
Arrakalak aliatuen artean
AEBen aliatu mendebaldarren artean ere tentsioa handitzen ari da. Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak gogor kritikatu du AEBen estrategia, esanez Washingtonek ez duela «irteera plan koherenterik» Iranen.
Merzek hori esan du AEBek iragarri ondoren Alemaniatik milaka soldadu erretiratuko dituela. ARD telebista kate publikoan egindako elkarrizketa batean, Alemaniako gobernuburuak adierazi du erabaki horrek ez duela loturarik hark AEBei egindako kritikekin, eta neurri hori lehendik aurreikusita zegoela. Zehaztu duenez, tropa horiek Ukrainako gerrarengatik bidali zituzten AEBek Alemanian dituzten baseetara, eta aldi baterako.
Pentagonoak baieztatu du 5.000 soldadu inguru erretiratuko dituela datozen hilabeteetan —guztira 36.000 inguru ditu herrialdean— , eta Trumpek ohartarazi du kopuru hori handiagoa izan daitekeela. AEBetako presidenteak Merz kritikatu du, Iranen aurkako gerran ez duelako lagundu.
Alemaniako kantzilerrak erantzun du AEBek ez zutela Europarekin ezer kontsultatu gerra hasi aurretik; hala ere, aliantza atlantikoaren garrantzia berretsi du, eta adierazi du Washington Europako bazkide nagusitzat jotzen duela oraindik.