NBE Nazio Batuen Erakundeak AEBen oztopoak saihesten ahalegindu da, eta onartu egin du PAN Palestinako Aginte Nazionaleko ordezkariek bideo dei bidez parte hartzea datorren astean erakundeak egingo duen urteroko Batzar Nagusian. Erabakia gehiengo zabalarekin hartu zuten batzarreko estatu kideek atzo gauean, eta, horren bidez, AEB Ameriketako Estatu Batuek ezarritako betoa saihestea lortu dute berriro.
AEBetako Estatu Departamentuak aste honetan berretsi du Mahmud Abbas PANeko presidenteari eta Palestinako gobernuko hainbat goi karguduni herrialdera sartzeko bisa ukatu dietela, bigarren urtez jarraian. Washingtonek adierazi zuen neurriaren arrazoia zela Palestinako agintariek ez dituztela bete «bake prozesuarekin lotutako konpromisoak», eta nazioarteko erakundeetan Israelen aurkako ekinaldi juridikoak sustatzen jarraitzen dutela.
NBEren urteroko Batzar Nagusia nazioarteko diplomaziaren hitzordu nagusietako bat da, eta NBEko estatu kideetako agintari nagusiak biltzen dira bertan. Aurten irailaren 22an hasiko da, eta hilaren 28ra arte iraungo du. Urtero bezala, Batzar Nagusiaren egoitzan egingo da, New Yorken.
Palestinako ordezkariei AEBetara sartzea ukatzeak, beraz, zuzenean eragiten die eztabaidetan eta goi mailako bilera ofizialetan parte hartzeko aukerei.
Hori jakinda, NBEko estatu kideek PANek bideo dei bidez parte hartzea onartzeko ebazpena bozkatu zuten atzo, eta aldeko 152 boto lortu zituen. Lau herrialde abstenitu egin ziren —Kolonbia, Honduras, Panama eta Peru—, eta AEBek, Israelek eta Paraguaik aurka bozkatu zuten. Horiek denek eskuineko edo eskuin muturreko agintariak dituzte.
Bi petroliontziri eraso egin diete Ormuzko itsasartean
Herenegun eta gaur artean bi petroliontziri egin diete eraso Ormuzko itsasartean, nabigazioa gainbegiratzen duen Erresuma Batuko marinako erakunde baten arabera; ez du zehaztu zer herrialdetako bandera duten ontzi horiek, baina Irango Guardia Iraultzaileak adierazi du gaur Togoko bandera zeraman ontzi bati egin diotela eraso, itsasartea «legez kanpo» igarotzen saiatzeagatik —beste erasoa asteazkenean izan zen—. Erresuma Batuko erakunde horrek zehaztu du ez dutela zauritu bi tripulazioetako ezein kide.
NIE Nazioarteko Itsas Erakundeak herenegun jakinarazi zuenez, Ormuzko eta Bab el-Mandebeko itsasarteetan gerraontziak ez diren laurogei ontziri egin diete eraso Ekialde Hurbileko gatazka areagotu zenez geroztik —alegia, Ameriketako Estatu Batuek otsailaren 28an Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenez geroztik—, eta 22 lagun hil dira.
Ez da lehen aldia NBEk horrelako neurriak hartzen dituela. Iaz ere, Trumpen administrazioak PANeko ordezkariei bisa ukatu zien Batzar Nagusira joateko. Eta, orduan ere, estatu kideek antzeko ebazpen bat onartu zuten, eta Palestinak nazioartean zuen babesa erakutsi zuten. Gainera, Palestinaren aitortza orokortzen ari zen une horretan. Besteak beste, Erresuma Batuak, Australiak, Kanadak eta Frantziak aitortu zuten Palestinako Estatua iazko irailean.
AEBen betebeharra
Onartutako testuan, NBEk Washingtoni gogorarazi dio Palestinako ordezkariek Batzar Nagusian parte hartzeko eskubidea dutela, eta azpimarratu du AEBen jarrera NBEren Egoitzaren Akordioaren aurkakoa dela. Hitzarmen horrek herrialde anfitrioia behartzen du estatu kideetako ordezkariei New Yorkeko egoitzarako sarbidea bermatzera.
NBEko idazkari nagusiaren bozeramaile Stephane Dujarricek, gainera, azaldu du erakundea etengabe dagoela harremanetan AEBekin, eta adierazi du herrialde orok Batzar Nagusian baldintza beretan parte hartu dezan saiatzen ari direla.
Palestinako agintariek eskertu egin dute NBEk hartutako jarrera, eta berriro gaitzetsi dute AEBen erabakia. Varsen Aghabekian Shahin Atzerri ministroak X sare sozialean gaur adierazi du bere gobernuak «erabat» baztertzen dituela jasaten dituzten oztopoak, eta neurri horiek bi estaturen konponbidea eta bake prozesua ahultzen dituztela.
Kritikak NBEri
Etxe Zuriko bozeramaileorde Anna Kellyk, berriz, defendatu du Washingtonek bere segurtasun eta kanpo politikako lehentasunen arabera har ditzakeela erabakiak, eta NBEri hainbat kritika egin dizkio, Al Jazeera hedabideari gaur goizaldean egindako adierazpenetan.
Adibidez, adierazi du NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak ez duela «ezer lortu giza eskubideen alde», «hamarkadetan seriotasunik gabeko tontakeria barregarriak zabaltzen aritu delako».
Bestalde, Irani buruz ere mintzatu da, atzo NBEk Washingtoni Iranen gerra krimenak egitea egotzi baitzion. Kellyren arabera, «gatazkan gerra krimenak egin dituen alde bakarra Iran da», eta adierazi du AEBetako administrazioaren helburua dela herrialde horrek arma nuklearrik ez eskuratzea.