AEBek proposatu dute Ukraina NATOko kide bihurtzea, Donbasstik erretiratzearen truke

Zelenskiren arabera, aliantza militarraren 5. artikuluak jasotzen dituen bermeak eta AEBek planteatutakoak antzekoak lirateke.

Zelenski Witkoffi bostekoa ematen ostegun gauean Dublinen, Kushner begira dutela EFE
Zelenski Witkoffi bostekoa ematen ostegun gauean Dublinen, Kushner begira dutela EFE
Igor Susaeta.
2026ko azaroaren 14a
17:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainako auzian margotutako marra gorrietako bat zeharkatzea proposatu dute AEBek. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaur esan duenez, Washingtonek planteatu du Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzea, Kievek bere tropak Donbass eskualdetik ateratzearen truke. Aurrenekoz jarri dute gerra konponbidean jarri ahal izateko balizko irtenbide hori mahai gainean.

Zelenskiren arabera, Etxe Zuriaren ordezkariek zera galdetu zuten Errusiak, Ukrainak eta AEBek aurreko asteartean eta asteazkenean Abu Dhabin (Arabiar Emirerri Batuak) egindako hiruko bileran: «Eta Ukraina NATOn sartuko balitz, Donbasstik aterako litzateke?». Hori kontatu die Ukrainako presidenteak gaur kazetariei Kieven, Ukrinform albiste agentziak kaleratu duenez.

Antzeko planteamendu bat egin zuen iazko azaroan Washingtonek. Orduan proposatu zuen Ukrainako tropak ateratzea Donbass eskualdeko bi probintzietan —Donetsk eta Luhansk— kontrolpean zituzten lurretatik, eta eremu horiek gune desmilitarizatu izendatzea. Proposamen hark ez zuen biderik egin.

Ukraina ekialdean dago Donbass, eta kontuan hartu behar da hura ia bere osotasunean okupatua duela Errusiak: Institute for the Study of War AEBetako think tank-ak kaleratutako azken mapek diotenez, Luhansk ia-ia guztiz du hartua, eta Donetsk %80 inguru batean.

Hurrengo urteko otsailean bost urte beteko dira Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, eta nahiz eta Zelenskik esaten zuen lurraldetasun auzian ez zuela kontzesiorik egingo, denbora pasatu ahala aldatuz joan da bere jarrera. Gaur esan du negoziazioetan eztabaidatzen ari direla Ukrainari zein motatako segurtasun eskain diezaioketen. «NATOren eta Europako Batasunaren segurtasun berme zehatzak, Ukrainako armada indartsu bat, eta Oparotasun Plan bat».

Oraindik ez dute xehetasunez hitz egin. Hori bai, Zelenskik nabarmendu du NATOren 5. artikuluak jasotzen dituen bermeak eta AEBek proposatutakoak antzekoak direla. Artikulu horrek defentsa kolektiboa bermatzen du, jasotzen baitu kide erasotuari lagunduko diotela; ez du ziurtatzen, ordea, kide izate hutsagatik aliatuen tropak herrialdean hedatuta egongo direnik.

Kontuak kontu, Zelenskik argi utzi nahi izan du ez dagokiola berari balizko truke bati buruzko erabaki bat hartzea. Adierazi du, hortaz, herritarrei iritzia eskatuko liekeela. «Onartzen dugu ala ez?». Eta jakinarazi du, bide batez, ez lukeela onartuko Errusiaren eskaeretako bat: Ukrainak estatus neutrala edukitzea. «Nork defendatuko gintuzke?».

Horrek guztiak tupust egiten du, ordea, Errusiaren eskaerekin. Steve Witkoff eta Jared Kushner AEBen ordezkariekin bildu zen Putin ostegunean Kremlinen, eta azaldu zien gerra berriro hasiko litzatekeela aldeek akordio bat egin eta Europako herrialdeek Ukrainara tropak bidaliko balituzte. Hori da mahai gainean dagoen aukeretako bat.

Horiek horrela, aintzat hartu behar da inbasioa hasteko Putinek eman zuen arrazoietako bat izan zela NATOk jarraitu zuela Europa ekialderantz hedatzen, nahiz eta Errusiak 2013 ingurutik aurrera eskatu, bere segurtasunaren izenean, hedapen hori eteteko. Are, 2022ko urtarrilean, inbasioa hasi baino hilabete eskas lehenago, Errusiak AEBei eskatu zien NATO 1997ko mugetara erretiratzeko; hau da, aliantza militarrak tropak, armak eta ekipamendua ateratzea Varsoviako Ituna sinatu zuten herrialdeen mugara. Bereziki, Baltikoko herrialdeak eta Polonia nahi ditu aliantzatik kanpo.

Baldintzarik ez

Europako agintariek erabaki dute zein herrialdek parte hartuko duten, AEBak bitartekari direla, Errusiaren eta Ukrainaren arteko hurrengo goi bileran. Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Polonia dira horiek, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak atzo Dublinen jakinarazi zuenez —talde komunitarioko buruek bilera informal bat egin zuten—. Gainera, Europako Batzordea eta Europar Kontseilua ere ordezkatuta egongo dira Abu Dhabin egitekoa den hurrengo negoziazioa sailean. Ez dute datarik zehaztu.

Bien bitartean, Errusiak esan du ez diela ordezkari horiei baldintzarik jarriko. «Aukera hori planteatzea bera ere guztiz oker dago», azpimarratu du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Errusiako Atzerri ministro Sergei Riabkovek zalantzan jarri zuen atzo Europak negoziazioetan eduki dezakeen rola.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA