Bart egin du debuta AEBetako gizonezkoen selekzioak Munduko Futbol Txapelketan. Etxean aritu dira, AEBetan, baina Donald Trump presidentea ez da estadioan egon; beste egiteko batzuk zituen. Etxe Zuriko maizterrak, futbol partida jokoan zela —Euskal Herrian goizaldea zela—, jakinarazi du Tren de Aragua talde kriminaleko buru Hector Guerrero Flores Niño Guerrero hil duela AEBetako armadak, Venezuelako lurretan egindako operazio batean. «AEBetako armadak Niño Guerrero hil du nire gidaritzapean, Tren de Aragua Lur planetako erakunde terrorista odoltsuenetako baten burua». Etxe Zuriko maizterraren arabera, «Venezuelako lagunekin lankidetzan» egindako ekintza bat izan da, eta azpimarratu du haiekin «modu bikainean» lan egiten duela.
Venezuelako Gobernuak ordu batzuk geroago baieztatu du AEBetako presidenteak aurreratutakoa. Venezuelako Komunikazio eta Informazio Ministerioak X sare sozialean onartu du AEBetako armadarekin elkarlanean aritu dela, eta adierazi du Venezuelak «beharrezkoak diren neurri guztiak» hartuko dituela herrialdearen «bakea eta lasaitasuna bermatzeko».
AEBetako Gobernuak Guerrerori egotzi izan dio «kontinente osoan aritzen den talde kriminal bilakatzea» Venezuelako kartzelako «gaizkile» talde bat izan ondotik. 2023az geroztik ihes eginda zegoen, eta Hego Amerikako gaizkileen artean bilatuenetako bat zen.
«Aurrerantzean, Tren de Aragua taldeko terroristek ez dute babesleku segururik izango, ez Venezuelan, ez beste inon. Nire gidaritzapean, hiltzaile anker horiek guztiak aurkituko ditugu, edonon egonik ere, eta infernura bidaliko ditugu. Ez baitute besterik merezi», idatzi du Trumpek X sare sozialean.