AEBek Venezuelan egindako erasoa gaitzetsi dute Errusiak eta Txinak, eta EBk lasaitasuna eskatu du

Moskuk esan du «oinarririk gabeko» erasoak izan direla, eta Pekinek salatu du «AEBen jokabide hegemonikoak nazioarteko zuzenbidea larriki urratzen duela. Bruselak ez du 'gaitzespen' hitza erabili, eta esan du Madurok ez duela «legitimitaterik».

Kolonbiako soldaduak Venezuela eta Kolonbia arteko muga zaintzen, gaur goizaldean. MARIO CAICEDO / EFE
Kolonbiako soldaduak Venezuela eta Kolonbia arteko muga zaintzen, gaur goizaldean. MARIO CAICEDO / EFE
aitor biain
2026ko urtarrilaren 3a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuek Venezuelari egindako erasoaren albistea zabaldu ahala etorri dira erreakzioak. Erasoa salatu dute munduko potentziek, eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko eskatu. Latinoamerikako herrialdeek ere gogor kritikatu dute, Argentinak salbu; pozik azaldu da Javier Milei presidentea. EB Europako Batasunak, aldiz, epel erantzun du. 

Errusia

«Oinarririk gabe egindako eraso armatua izan da»

Errusia izan da Washingtonen erasoaren aurkako adierazpenak egiten aurrenekoa. Errusiako Atzerri Ministerioak ohar bidez gaitzetsi du AEBek Venezuelaren aurkako egindako «eraso armatua», eta esan du «oinarririk gabe» egindako erasoak izan direla. «Etsaitasun ideologikoak arrakasta izan du pragmatismo enpresarialaren eta konfiantzazko harremanak eraikitzeko borondatearen aurrean», adierazi du.

Era berean, elkarrizketarako deia egin du konponbide bat adosteko: «Oraintxe bertan, funtsezkoa da, batez ere, indarkeriaren gorakada galaraztea eta elkarrekin hitz eginez irtenbide bat topatzea. Gure ustez, hitz eginez bilatu behar dituzte irtenbideak. Prozesu honetan laguntzeko prest gaude». Eta zera erantsi du: «Latinoamerikak bake eremua izan behar du aurrerantzean ere, 2014an deklaratu zen bezala. Eta Venezuelari bere patua zehazteko eskubidea bermatu behar zaio, kanpoko esku hartze suntsitzailerik, are gutxiago militarrik, gabe».

Iran

«Estatu burujabe baten aurkako erasoa da»

Hitz gogorragoak erabili ditu Iranek erasoa gaitzesteko. Nazioarteko zuzenbidearen aurkako erasoa dela esan du herrialdeko Atzerri Ministerioak ohar batean, eta «subiranotasun nazionalaren eta lurralde osotasunaren urraketa nabarmena» dela. Teheranek gogorarazi du Venezuelak eskubidea duela bere subiranotasuna, lurralde osotasuna eta autodeterminazio eskubidea defendatzeko. Eta nazioarteari eskatu dio berehala erantzuteko, eta «legez kanpoko erasoak geldiarazteko». Izan ere, ohartarazi du erasoak nazioarteko sistema osoari eragiten diola, NBE Nazio Batuen Erakundearen Gutunean oinarritutako ordena ahulduta geratuko baita.

Txina

«AEBen jokabide hegemonikoak nazioarteko zuzenbidea urratzen du»

AEBen erasoaren inguruan hitz egiten azkenetarikoa izan da Txina, eta adierazi du ezustean hartu duela ekintzak. Gogor gaitzetsi du, halere, «estatu subirano baten aurka indarra erabili» izana, eta ohartarazi du Maduro eta haren emaztea atzeman izanak «larriki urratzen» duela nazioarteko zuzenbidea. «AEBen jokabide hegemonikoak larriki urratzen du nazioarteko zuzenbidea, Venezuelaren subiranotasuna urratzen du, eta Latinoamerikako eta Karibeko bakea eta segurtasuna mehatxatzen ditu», adierazi du Txinako Atzerri Ministerioak ohar batean. Pekinek Washingtoni eskatu dio nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen Gutuna errespetatzeko, baita «beste herrialde batzuen subiranotasunaren eta segurtasunaren urraketak eteteko» ere.

Horrez gain, Venezuelara ez joateko gomendatu diete herritarrei, AEBek egindako erasoen ostean segurtasun arriskuak areagotu egin direlako. Venezuelan dauden txinatarrei, berriz, adi egoteko eskatu die, segurtasun neurriak indartzeko eta beharrezkoa ez bada kalera ez irteteko. Gatazka eremuetatik urruntzeko eskatu die.

Europako Batasuna

Nazioarteko zuzenbideren alde, baina Madurori babesik adierazi gabe

Europako Batasunak, aldiz, erantzun epela eman du, eta argi utzi du, beste behin ere, oreka zailari eusten ahalegintzen ari dela. Izan ere, Kaja Kallas Europako Batasuneko diplomaziaburuak ez ditu erasoak gaitzetsi; «moderazioa» eskatu du, eta lasaitasunerako deia egin. Era berean, nazioarteko zuzenbidearen eta NBEren Gutunaren «printzipioak» errespetatu behar direla azpimarratu du, AEBen aldebakarreko ekintza aitortzeak beste eraso batzuk egiteari atea irekitzea ekar dezakeelakoan. Kallasek adierazi du, halaber, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariarekin hitz egin duela eta adi-adi dagoela Venezuelan gertatzen ari denari.

Halere, ez dio zuzenean erreparatu AEBetako presidente Donald Trumpi, eta ezta Nicolas Madurori ere. Esan du Bruselak aurrez ere esana duela Madurok ez duela «zilegitasunik», eta «trantsizio baketsua» defendatzen duela. Kallasen adierazpena hitzez hitz berretsi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.

Espainia

Bitartekaritza lanak egiteko prest, «konponbide baketsu bat» lortzeko asmoz

EBko estatu kideek ere hitz egin dute. Espainia izan da aurrenetarikoa. Gaitzespen hitza erabili gabe, Jose Manuel Albares Atzerri ministroak lasaitasunerako mezua igorri du ohar baten bidez, eta, Bruselak adierazitakoaren ildotik, nazioarteko zuzenbidea eta NBEren Gutuna errespetatzea galdegin du. Madrilek adierazi du prest dagoela bitartekaritza lanak egiteko, «krisiari konponbide baketsu eta adostu bat» emateko.

Ildo beretik, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere «krisia leuntzeko» eta «arduraz jokatzeko» deia egin du, eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko adierazi. Bestelako hitzak erabili ditu, ostera, Sumar gobernu bazkideak. Yolanda Diaz presidenteordeak salatu du AEBek NBEren Gutuna eta nazioarteko araudia urratu dituztela: «Gaitzespen irmoa adierazi nahi dugu Venezuelaren aurkako eraso inperialista hau dela eta. Mundua ez da hain segurua eta ez da hain askea Trumpek eta nazioarteko gorrotoak zigorrik gabe jokatzen dutenetik. Beti egongo gara nazioarteko zuzenbidearen eta bakearen alde», esan du.

Alemania

«Trump arauak abandonatzen ari da»

Alemaniak ez du begi onez ikusi AEBek Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro atxiki izana, eta «kezka handia» agertu du herrialdearen egoera dela eta. «Trump presidentearekin, 1945etik gidatu gaituzten arauak abandonatzen ari dira AEBak», adierazi du gobernuak. 1940. urtea baino lehen AEBetan indarrean zen doktrina ekarri du bueltan Venezuelan izan den «estatu kolpeak», Alemaniaren arabera. «Indarraren legea gailentzen da pentsaera horretan, nazioarteko zuzenbidea alboratuta». Berlinen salaketa gogorra izan da: «AEBetan genuen konfiantza suntsitzen ari da Trump».  

Frantzia

«Ondorio larriak izango ditu munduko segurtasunean»

Frantziak ere kritikatu egin du AEBen erasoa, eta esan Nicolas Maduro atxikitzeko operazioak urratu egiten duela indarra ez erabiltzeko printzipioa, zeina nazioarteko zuzenbidean jasoa baitago. «Frantziak berresten du ezin dela irtenbide politiko iraunkorrik kanpotik inposatu eta herri subiranoek bakarrik erabakitzen dutela euren etorkizuna», adierazi du Jean-Noel Barrot Atzerri ministroak. Era berean, ekintza horiek Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak izateko erantzukizun nagusia duten nazioek egin izana nabarmendu du. Barroten iritziz, horrek «ondorio larriak izango ditu munduko segurtasunean», ez delako inor salbu egongo. Hala ere, zuzenean erreparatu dio Madurori, eta «Venezuelako herriari boterea eta oinarrizko askatasunak kentzea» leporatu dio. 

Kolonbia

Erasoa gaitzetsi du, eta mugan segurtasuna indartu  

Erasoak alarma guztiak piztu ditu Hego Amerika osoan, eta erne jarri ditu herrialde bat baino gehiago. Kolonbia da horietako bat. Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak gogor kritikatu du erasoa, eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera eskatu. Sare sozialen bidez bakerako deia zabaldu du, eta adierazi «errefusatu» egiten duela «biztanleria zibila arriskuan jartzen duen aldebakarreko ekintza militar oro».

Petrok, era berean, eskualdean bakea bermatzeko eskatu du, eta, horretarako, «inplikatutako alde guztiei» galdegin die «borroka areagotuko duten ekintzei uko egiteko». Elkarrizketaren eta diplomaziaren aldeko deia ere egin du. Halere, iragarri du mugako segurtasuna indartu dutela, erasoen ondorioz errefuxiatu oldeak iritsiko diren beldur.

Kuba

«Estatu terrorismoa da»

Kubak ere gogor kritikatu du AEBek Venezuelari egindako «eraso kriminala», eta nazioartearen erantzuna eskatu du Miguel Diaz-Canel Kubako Errepublikako presidenteak. «Gure bake eremua bortizki erasotzen ari da. Estatu terrorismoa Venezuelako herri kementsuaren eta Gure Amerikaren aurka ari da. Aberria edo hil. Irabaziko dugu!», idatzi du X plataforman argitaratutako mezu batean.

Brasil

Erasoak «onartezinak» dira, eta aurrekari «arriskutsua»

Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak ere gogor gaitzetsi ditu erasoak. Esan du «onartezina» dela Venezuelako lurretan bonbardaketak egitea eta Nicolas Maduro Venezuelako presidentea atxikitzea: «Venezuelaren subiranotasunari egindako irain oso larria da, eta oso aurrekari arriskutsua nazioarteko komunitate osoarentzat», adierazi du X sare sozialean argitaratutako mezu batean, eta erantsi du Brasil prest dagoela «elkarrizketaren eta lankidetzaren bidea sustatzeko».

Brasilgo presidenteak salatu duenez, nazioarteko zuzenbidearen «urraketa nabarmena» da, eta «indarkeria, kaosa eta ezegonkortasuna nagusi den mundu baterako lehen urratsa», zeinetan indartsuenaren legea multilateralismoaren gainetik jarriko den. «Ekintza horrek Latinoamerikako eta Karibeko politikan izandako interferentziaren garairik txarrenak gogorarazten ditu, eta eskualdea bake eremu gisa babesteko mehatxua da», ohartarazi du. Hori dela eta, nazioarteko komunitateari, eta, bereziki, NBEri eskatu die «gertaera horri modu indartsuan erantzuteko». 

Mexiko

«Nazio Batuen Erakundeari eskatzen diogu esku hartzeko»

Mexikok ere gogor gaitzetsi du AEBen erasoa, eta NBE Nazio Batuen Erakundeari eskatu dio esku hartzeko, «elkarrizketa erraztu» dezan, eta «nazioarteko zuzenbidean oinarritutako konponbide baketsu eta jasangarria» izateko baldintzak egon daitezen. Oharrean adierazi dutenez, Hego Ameriketako herrialdeek «elkarrekiko errespetuan» eraikitako eskualdea osatzen dute, eta esku hartze militarrek eskualde horietako egonkortasuna arriskuan jartzen dute.

Txile

«Venezuelako krisia hitz eginez konpondu behar da, eta ez indarkeriaren bidez»

Txileko presidente Gabriel Boricek «kezka eta gaitzespena» agertu ditu, Venezuelaren aurkako eraso militarra dela eta. Egoera lasaitzeko, «irteera baketsu bat» eskatu du: «Venezuelako krisia hitz eginez konpondu behar da, eta ez indarkeriaren bidez». Litekeena da, ordea, Txileren jarrera erabat aldatzea, Boricen erreleboa hartuko baitu aurki Jose Antonio Kast eskuin muturreko politikariak. Hain justu, Kastendako «albiste ona» izan da Nicolas Maduro presidentea preso hartu izana.

Argentina

Txalotu egin du erasoa

Oso bestela erantzun du Javier Milei Argentinako presidenteak. Begi onez hartu du AEBek Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro atzeman izana. «Askatasuna aurrera doa», esan du. Mezu horrekin batera esteka bat jarri du, bere jarraitzaileek ere irakur dezaten Maduro AEBetara preso eraman dutelako albistea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.