AEBen dokumentuen ustezko filtratzailea atxilotu du FBIk

'The Washington Post'-en arabera, base militar batean lan egiten du, eta sare sozial bateko kideak «txunditu» nahi zituen

2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
WASHINGTON. AEBetako Defentsa Departamentuaren ehunka dokumentu klasifikatu filtratu izanaren ustezko erantzulea atxilotu zuen atzo FBI Ikerketa Bulego Federalak, erakundeak berak jakinarazi zuenez. Atxilotua Jack Teixeira da, Massachusettseko Aireko Guardia Nazionaleko kidea. 21 urte dauzka.

The Washington Post egunkariaren arabera, Teixeirak AEBetako base militar batean lan egiten du, eta armazalea da. Egunkariak azaldu du dokumentu sekretuen filtrazioarekin Discord sare sozialeko talde bateko kideak «txunditzea» zela haren asmoa. Ustezko filtratzailearen lagun bat da egunkariak erabili duen iturria.

Filtratutako dokumentuek agerian uzten dituzte Ukraina prestatzen ari den kontraerasorako lanak, eta, besteak beste, Kiev armatzeko orduan Washingtonen eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko estatuen artean dauden tentsioak. AEBek Ukraina, Hego Korea eta Israel espiatzen dituztela ere erakusten dute.

Atxilotuak Discord sare sozialeko talde batean jarritako bideo bat ikusi du The Washington Post-ek. Horretan ikus daiteke «irain arrazistak eta antisemitak» oihukatzen dituela. Interneteko talde horretako beste kideei esana zien base militar batean lan egiten zuela, dokumentu klasifikatuak gainbegiratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.