AEBen eta Iranen arteko erasoak etenda daudela bildu dira gaur Trump eta Netanyahu

Netanyahuk elkarlanaz aritu direla nabarmendu du, eta helburua argia dela: «Iranek ez dezala arma nuklearrik eduki». AEBetako presidenteak adierazi izan du badela «aukera» akordio bat lortzeko, baina ez du baztertu erasoei berriro heltzea.

Benjamin Netanyahu eta Donald Trump irribarretsu gaur, Etxe Zurian. @NETANYAHU
Benjamin Netanyahu eta Donald Trump irribarretsu gaur, Etxe Zurian. @NETANYAHU
Julen Otaegi Leonet - Beñat Mujika Telleria
2026ko uztailaren 28a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Diplomaziak —edo bi aliaturen bilkura batek behintzat— ekarriko duenaren esperoan dago Ekialde Hurbila. Izan ere, gaur arratsaldean bildu dira Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Etxe Zurian —ateak itxita egin dute bilera, eta ordu eta erdi inguru iraun du—. Netanyahuk adierazi du bilera «bikaina» izan dela, eta gaineratu ez dela «protokoloak eskatzen duen laudorio bat». Trumpek ez du adierazpenik egin oraingoz, baina Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak X sare sozialean esan du bilera «positiboa eta eraginkorra» izan dela. Bertan izan dira, besteak beste, AEBetako presidenteorde JD Vance, estatu idazkari Marco Rubio, Gerra idazkari Pete Hegseth eta Steve Witkoff mandataria. 

Netanyahuren bulegoak lehen ministroaren ohar bat zabaldu du sare sozialetan. Azaldu duenez, elkarlana izan du oinarrian bilerak, eta azpimarratu du helburu bera dutela biek ala biek: «Iranek ez dezala arma nuklearrik eduki». Horrez gain, adierazi du Trump «lagunarekin» inoiz izan duen elkarrizketen artean «onenetarikoa» izan dela gaurkoa, eta azaldu du Israelgo Estatuaren etorkizunaz eta segurtasunaz mintzatzeko aukera izan dutela bi aldeetako delegazioek.

Trumpekin bildu ostean, Lindsay Graham senatari errepublikanoaren hiletara joan da Netanyahu. «Israelek lagun minenetako bat galdu du», adierazi zuen duela astebete pasatxo, Graham hil zenean.

Dagoeneko hiru egunez jarraian etenda diraute Washingtonen eta Teheranen arteko erasoek; ekainaren amaieran biek ala biek sinatu zuten memoranduma paper erre bihurtu zen duela ia hiru aste, harik eta bonbardaketei berriro ekin zioten arte, baina asteburuan ez da eztandarik egon AEBen eta Iranen artean.

Atzo Michigan estatura joateko Air Force One hegazkina hartu aurretxoan, Trumpek mezu kontrajarria eman zien bertan ziren kazetariei: bazitekeela «zerbait» gertatzea —«eta hala bada, ondo»—, baina diplomaziak porrot eginez gero asteburua baino lehenagokoari helduko ziotela berriro, hau da, erasoei; Michiganen egin zuen agerraldi batean, berriz, erantsi zuen «elkarrizketa adiskidetsuak» dituztela errepublika islamiarrarekin: «Bada akordio bat lortzeko aukera».

Etxe Zuriko iturriak aipatuz CNN kateak AEBen armategiari buruzko zurrumurruak kaleratu berritan, ordea, presidenteak gerrazale hitz egin zuen beste behin: nabarmendu zuen nahikoa munizio dutela, «asko», eta are gehiago izango zuketela Joe Biden AEBetako presidente izandakoak (2021-2025) Ukrainari arma gehiegi bidali izan ez balio. «Sasoiko gaude, baina gauzarik sofistikatuenei dagokienez gehiago eduki nahiko genuke, dudarik gabe», esan zuen.

Hori bai, Israelgo lehen ministroari ez zaio gustatu, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak duela hiru aste Ankaran egindako goi bileraren ondotik, Trumpek aintzat hartu izana Turkiari F-35 gerra hegazkinak berriz saltzen hasteko aukera; horri buruz galdetu zioten kazetariek atzo AEBetako presidenteari, eta ohartarazi zuen inork ere ezin diola agindu zer arma sal ditzakeen: «Nire laguna da, eta inork ere ez dit esango zer saldu behar diogun», esan zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteari buruz. «Turkia ez da Israelen edo Bibiren jarraitzailea», baina AEBen «aliatu handia» da, Trumpen ahotan. Eta, Netanyahu hizpide zuela, AEBetako presidenteak aitortu zuen gatazkari buruz ez datozela guztiz bat, «desadostasun txikiak» dituztela: «Baina nahiko gertu gaude».

4

 

Hagako auzitegiko kide diren zenbat herrialdetako aire eremua gurutzatu duen Netanyahuk. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Nazioarteko Zigor Auzitegiaren kide diren lau herrialdetako aire eremua gurutzatu zuen atzo, Ameriketako Estatu Batuetaranzko hegaldian: Grezia, Italia, Frantzia eta Kanada. Hagako auzitegiak hura atxilotzeko agindua du emana, Gazako zerrendako erasoaldia dela-eta gizadiaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzita. AEBak ez dira auzitegi horretako kide.

Netanyahurekin bildu aurretik Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin bildu da Trump —Rubio eta Heghseth ere bertan izan dira—. Joan zen otsailaren amaieran Ekialde Hurbileko gatazka areagotu zenetik ez atzera eta ez aurrera daude Kieven eta Errusiaren arteko elkarrizketak, baina, bilera egin ostean, Zelenskik eskerrak eman dizkio Trumpi X sare sozialean, «bakea bultzatzeagatik eta ukrainarren bizitzak babesteagatik», besteak beste. Horrez gain, adierazi du Patriot misil sistemaren produkziorako lizentziak izan dituztela mintzagai, eta diplomaziaz ere aritu direla nabarmendu du: «Garrantzitsua da prozesu diplomatikoa biziberritzea». Behin bilera bukatuta, Zelenski ere Grahamen hiletara joan da. Ukrainako presidentearen hitzetan, «Ukrainaren benetako laguna» zen Graham.

Volodimir Zelenski eta Donald Trump Etxe Zurian, gaur. @ZELENSKYYUA
Volodimir Zelenski eta Donald Trump Etxe Zurian, gaur. @ZELENSKYYUA

Erasoak Ekialde Hurbilean

Atzo, Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak prentsaurreko batean adierazi zuen zuzeneko negoziazioak etenda daudela eta aldeek bitartekarien bidez trukatu beharko dituztela mezuak.

Asteburuan, Irango armadak jakinarazi zuen AEBek erasoak etenda dauzkan bitartean ez dutela «mendekua hartzeko» erasorik egingo Ekialde Hurbileko helburuen kontra. Eskualdean egon da eztandarik, ordea, azken egunetan: Irakeko hedabideek gaur kaleratu dutenez, aireko defentsa sistemek zenbait misil atzeman dituzte Iraken menpeko Kurdistanen; Saudi Arabiak Iranen babespeko Irakeko «milizia terroristei» egotzi zien atzo herrialdeko petrolio instalazioei eraso egin izana —Irakeko lehen ministro Ali al-Zaidik atzo esan zuen ikerketa abiatuko duela—, eta Jordaniako armadak jakinarazi du jaurtigai bat eraitsi duela herrialdeko aire eremuan, Irakekin duen mugatik zetorrena —. Halaber, bigarren egunez jarraian, Israelgo armadak drone bat eraitsi du gaur herrialdearen eta Jordaniaren arteko mugan —ohar bidez, esan du nondik bota duten ikertzen ari dela—.

Horrekin lotuta, Teheranek gaur jakinarazi du Irani blokeatutako aktiboetatik datorren dirua onartzen duten enpresetako edo herrialdeetako ontziek ezin izango dutela Ormuzko pasabidea igaro. «Irango Errepublika Islamikoko Indar Armatuek ez dute onartuko ontzi horietako bakar bat Ormuzko itsasartetik igarotzea», nabarmendu du Teheranek ohar batean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA