AEB Ameriketako Estatu Batuetako aire trafikoa normaltasunera itzultzen hasi da gaur goizean, atzo arratsaldean herrialde osoko aireportuetatik ateratzekoak ziren hegaldiak lau orduz geldituta egon ondoren. FAA aireko zirkulazioa kudeatzen duen Administrazio Federalak «segurtasun arrazoiengatik» hartu zuen erabaki hori; zehazki, aire trafikoaren kontrol zentroetako komunikazio sistemetan arazoak izan zirelako erabaki zuen milaka hegaldi etetea. Ezohiko neurriak milaka hegaldiri eragin die: FlightAware plataformaren arabera, atzo iluntzerako 6.600 baino gehiago zeuden bertan behera, eta beste milaka atzeratuta.
AEBetako ekialdeko kostaldean 15:36 zirenean hasi zen arazoa. Radar eta komunikazio sistemetan ezegonkortasunak antzeman zituzten, eta FAAk herrialde osoko aireportuetatik abiatuko ziren hegaldiak geldiaraztea agindu zuen. Une horretan, 3.500 hegazkin baino gehiago zeuden airean; horiek helmugara iristeko baimena izan zuten. Nazioarteko hegaldien kasuan, irteerak banan-banan aztertu zituzten, eta AEBetako lur eremua zeharkatu behar ez zuten Europako eta Asiako zenbait hegazkinek aireratzeko aukera izan zuten. Etenak salgaien eta posta garraioari ere eragin zion, FedEx eta UPS konpainien operazioei, besteak beste.
Hegaldiak geldiarazteko agindua 20:15 aldera utzi zuten bertan behera, baina aire trafikoa ez zen berehala bueltatu normaltasunera. Hegazkinak eta tripulazioak berrantolatu behar izan zituzten, eta aireportu askotan bidaiariek ordu luzez itxaron behar izan zuten. Donald Trumpen gobernuak ohartarazi du asteburu osoko hegaldi programazioan eragina izango duela erabakiak.
Krisiak agerian utzi du AEBetako aire trafikoa kudeatzeko azpiegituren zaharkitzea. Hain justu, Trumpen gobernuak 30.100 milioi dolar eskatu dizkio Kongresuari aire trafikoa kontrolatzeko sistemak, kontrol dorreak eta aireportuetako instalazioak berritzeko.Â
AAn oinarritutako sistema berria
Garraio idazkari Sean Duffyren arabera, matxuraren jatorria FAAk erabiltzen dituen komunikazio azpiegitura zaharkituetan dago. Azaldu zuenez, telekomunikazio sareak datu gehiegi jaso zituen, eta bideratzaileek transmititutako informazioan «inkoherentziak» sortu ziren. Horren aurrean, agintariek sarea itzaltzea erabaki zuten, prebentzio neurri gisa. Duffyren esanetan, erabiltzen dituzten ekipamenduak ez dira 1980tik berritu, eta egungo sistema teknologikoen eskakizunei aurre egiteko gaitasunik ez dute. «Horrela jarraituz gero, huts egiten jarraituko du», ohartarazi du.
Azken egunotan, FAA SMART izeneko sistema berria hedatzen hasi da herrialde osoko kontrol zentroetan. Adimen artifizialean oinarritutako tresna horrek aireko trafikoa, eguraldia eta hegaldien ibilbideak aztertzen ditu, atzerapenak aurreikusteko eta ibilbideak optimizatzeko. Hala ere, sistema hori garatu duen Air Space Intelligence enpresak ukatu egin du matxurarekin zerikusirik izan duenik. Agintariek ere ez dute oraingoz lotura hori baieztatu.
Era berean, gobernuak ez du zibereraso baten zantzurik aurkitu, baina ikerketak zabalik jarraitzen du. Markwayne Mullin Segurtasun idazkariak ez du aukera hori erabat baztertu. «Oraingoz ez dago ezer ziurrik. Ez dirudi halakorik izan denik», esan zuen atzo, gertatutakoaren inguruko azalpenak emateko Etxe Zurian egindako agerraldian. Segurtasun idazkariak, gainera, FAAren matxuraren eta aurreko egunean Microsoft Outlook zerbitzuan izandako arazoen artean loturarik ez dagoela adierazi zuen.
Gisa horretako geldialdi bat oso ezohikoa da AEBetan. Antzeko bi kasu baino ez dira egon: irailaren 11ko atentatuen ondoren, eta 2023ko urtarrilean, orduan ere kontrol sistemetan matxura bat egon zelako.Â