AEBetako bi soldadu epaituko dituzte Japoniako Okinawa irlan

Emakume bat bortxatzea leporatzen diete soldaduei; herritarren haserrea areagotu du erasoak

Erredakzioa
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Emakume bat bortxatzea leporatuta, AEBetako itsas armadako bi soldadu epaituko dituzte Japoniako Okinawa artxipelagoan. Ustezko bortxaketa urriaren 17an gertatu zen Okinawa irlako aparkaleku batean; emakumeari zauriak eragin zizkioten lepoan, eta, horrez gain, 7.000 yen (67 euro) ere lapurtu zizkioten. 23 urteko bi soldaduak egunean bertan atxilotu zituzten. Kyodo berri agentziak jakinarazi du Nahako auzitegi batean epaituko dituztela, artxipelagoko hiriburuan.

II. Mundu Gerraz geroztik daude AEBetako soldaduak Japonian. Horietatik erdiak Okinawa artxipelagoan daude, eta gisa horretako eraso ugari salatu dituzte herritarrek. Urriko bortxaketa kasuak herritarren haserrea areagotu du, eta AEBetako soldaduak handik alde egiteko eskaerak indarra hartu du.

Washingtonentzat, ordea, leku estrategikoa da Okinawa. Japoniako uharte nagusietatik hegoaldera dago, 400 kilometrora, eta Txinako mendebaldeko kostaldetik 300 kilometrora. Handik Ipar Korea eta Txina gertutik zaintzen dituzte AEBek, eta horregatik ez dute uhartetik alde egin nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.