Ez da giro AEBetako errepublikanoen artean

Alderdikideen artean geroz eta ozenago entzuten dira Trump bozetako porrotaren erantzule egiten duten ahotsak. Hautagai batzuk posizionatzen ari dira 2028ko presidentetzarako hauteskundeetarako bidean.

Trump atzo, Etxe Zuriko dantza aretoko lanetako behargin batzuekin. ANNABELLE GORDON / EFE
Trump atzo, Etxe Zuriko dantza aretoko lanetako behargin batzuekin. ANNABELLE GORDON / EFE
Igor Susaeta.
2026ko azaroaren 5a
15:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agintaldi erdiko hauteskundeetan aspaldiko danbatekorik handiena hartu ondoren, dantzarako gogo gutxi dute AEBetako Alderdi Errepublikanoan. Donald Trumpek, ordea, Etxe Zuriko Ekialdeko Hegalean eraikitzen ari diren eta bere izena edukiko duen dantza aretoko obretara eraman zituen herenegun kazetariak. «Erlaxatu egiten nau», adierazi zuen AEBetako presidenteak, inguruari begiratzen zion bitartean. Ordurako esana zuen, konbentzimendu handirik gabe esan bazuen ere, Iranen aurkako gerrak eragina izan zuela bozen emaitzan. Halere, porrotaren ondoren plazaratutako mezu nagusia izan da hautagaien beraien erantzukizuna dela Alderdi Errepublikanoak Kongresuko bi ganberen kontrola galdu izana. Baina azken orduetan esandakoak eta entzundakoak aintzat hartuta, ondoriozta daiteke ez dutela ikuspegi bera ez alderdian bertan, ez Etxe Zurian.

Ez da giro, ez, AEBetako errepublikanoen artean. Adibide bat. John Feehery beren estratega beteranoenetako bat da, eta atzo iluntzean aitzakiarik jarri gabe aitortu zion Reuters berri agentziari bozetako emaitzak «desastre handi bat» izan direla. Eta Trumpen jokabidea kritikatu zuen: «Etxea garbitu beharra dauka».

Eta Etxe Zurian bertan, herrialdeko presidentea egin dute emaitzen erantzule. Reutersek hitz egin du hango funtzionario batzuekin, eta horiek nabarmendu dute Trumpek entzungor egin ziela ohartarazpenei; bozak baino aste batzuk lehenago adierazi ziotela barne inkestek ere erakusten zutela bi ganberen kontrola galduko zutela, eta komeni zela norabidea aldatzea Iranen kontrako gerraren auzian, baita muga zergak ezartzeko politikari dagokionez ere, adibidez. «Azken finean, ez zitzaion inporta. Ez zion inori entzun nahi. Kaka zahar bat da hemen egotea. Jota gaude». 

AEBetako presidenteak aitortu du Iranekin duten gerrari eusteko erabakiak kalte egin diela errepublikanoei —erregaien prezioen gorakada ekarri du horrek—,  baina, aldi berean, islamiar errepublikaren aurkako esku hartzea defendatu du. Kontuak kontu, litekeena da astearteko porrotak aldaketak eragitea Trumpen kabinetean.

Hori bai, beto eskubidea izanagatik, Trump ahate herren bihurtzeko bidean da, bai, behintzat, jaso duen zaplaztekoak eragindako zaratari erreparatuz gero —hala esaten diote AEBetan azkenetan dagoen agintari bati—. 2028koan dira AEBetan presidentetzarako hauteskundeak egitekoak, eta Trump ezingo da horietara aurkeztu, hango konstituzioak debekatu egiten baitu presidente batek bi agintaldi baino gehiago egitea. Dena den, esan izan du karguan jarraitzea gustatuko litzaiokeela.

Ezin izango du, ordea, eta Trumpen erritmoan dantzan aritzen diren sona handieneko errepublikano batzuk hasi dira posizionatzen presidentegai izateko ahaleginean. JD Vance presidenteordea eta Ted Cruz senataria dira horietako bi. Vancek esan du, batetik, Iranen aurkako gerragatik galdu dutela errepublikanoek; eta, bestetik nabarmendu du, zundaketa bateko emaitzak aipatuz, 2024an Trumpi botoa eman baina orain Alderdi Demokratari botoa emateko asmoa zutenek iritziz aldatzeko azpimarratu dituzten arrazoietako bat dela AEBek Israelekin duten harremana aldatu beharra daukatela. 

%69

Demokraten alde bozkatu duten latinoen portzentajea. 2024ko presidentetzarako bozetan, Donald Trumpek latinoen botoa bereganatu zuen; izan ere, orduan, komunitate horretako %41ek besterik ez zuten egin Kamala Harris presidentegai demokrataren alde. Agintaldi erdiko bozetan, baina, portzentaje hori nabarmen igo da, eta latinoen %69k Alderdi Demokrataren hautagaiak babestu dituzte.

Cruzek, jakinda erosahalmena dela estatubatuarren kezka nagusietako bat, kopuru batzuk eta Iranen aurkako erasoaldia sartu ditu Trumpen politikak zalantzan jartzeko X sare sozialean planteatu duen ekuazioan. Texas ordezkatzen du senatariak, eta, haren esanetan, ezin zaizkio «inondik ere aiatolari milioika milioi dolar eman». Antza, Teheranek eta Washingtonek ekainean sinatutako memorandumean Iran berreraikitzeko aurreikusitako 300.000 milioi dolarreko maileguaz ari zen —270.000 milioi euro inguru—. Horren harira, hain zuzen, Trumpentzat «pixka bat» eta «aldi baterako» besterik ez da garestitu erregaien prezioa.

Zalantzan jarri dituzte Trumpek porrota azaltzeko emandako arrazoiak. Pete Hegseth Gerra idazkariak ez du halakorik egin. Pentagonoko burua ere presidentegai izateko kinieletan azaldu izan da, berak ukatu arren horretarako asmoa duela. Hura ere, baina, jopuntuan jarri dute azken orduetan. Defentsa Departamentuko goi kargudun ohi batek CNN hedabideari esan dio Hegsethek berak nahi izan zuela Iranen kontra jo militarki, nahiz eta arazoa, finean, «atzerri politikakoa izan». Adierazpen horien berri eduki ondoren, Trumpek Hegseth defendatu du.

Demokraten dudak

Bien bitartean, Etxe Zuriaren ertzera iritsi den olatu urdinaren aparretan daude Alderdi Demokratakoak. Eta ikusirik Trumpek nola egiten duen haien kontra, Kongresuko kide demokrata batzuk, lortutako garaipenaren ondoren, hasiak dira mendeku usaina duten mezuak plazaratzen. «Abokatuak kontratatu», idatzi zuen herenegun sare sozialetan Robert Garciak, Kaliforniak Ordezkarien Ganberan dituen diputatuetako batek. Antzeko beste mezu batzuk idatzi dituzte azken orduetan Kongresuko beste kide demokrata batzuek.

Izan ere, Trump batez ere negozio gizon bat izanik, demokrata batzuek nahi dituzte zukutu Kongresuko batzordeek ematen dituzten aukerak, Etxe Zuriko maizterraren eta haren senideen negozioen nondik norakoak ikertzeko eta hura estu hartzeko.

Demokratek ere ez dute presidentegai argirik 2028ko bozetarako, eta ez dago argi zer lehenetsiko duten datozen bi urteetako jarduera parlamentarioan. Neurri ekonomikoak hauspotzea, Etxe Zuriko ustelkeria ikertzea... Izan ere, Chuck Schumer demokraten Senatuko liderrak uste du ustelkeria nagusi dela gobernuan, eta hori «garbitzea» dagokiela. Hori bai, iruditzen zaionez emaitzak Trumpen politiken aurkako erreakzio gisa interpretatu behar direla, zehaztu du lehen egitekoa: bizimoduaren kostua murriztea. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA