Ameriketako Estatu Batuei ez zaizkie ahaztu droga trafikoaren kontrako operazioak, eta, oraingoan, Ekuadorko armadarekin batera ekin diote «erakunde terroristen» aurka. Horixe jakinarazi du Washingtongo armadako Hegoaldeko Agintaritzak sare sozialetan kaleratutako mezu baten bidez. Atzo hasi zituzten operazioak, baina ezein aldek ez du jakinarazi inor atxilotu edo hil duten; xehetasun horiek «isilpean» gordeko dituzte, hemendik aurrerako ekintzei «trabarik» ez jartzeko, Ekuadorko Defentsa Ministerioaren arabera.
Daniel Noboa Ekuadorko presidentea herenegun batzartu zen Francis L. Donovan Hegoaldeko Agintaritzako jeneralarekin, presidentearen bulegoak ohar bidez adierazi zuenez. Droga trafikoaren kontrako jarduna «hemisferioko segurtasuna indartzeko» asmoz hasi dute: kontrol gehiago ezarriko dituzte, informazioa trukatuko dute, eta zenbait operazio elkarrekin koordinatuko dituzte bai aireportuetan eta bai portuetan, «arriskuak identifikatzeko eta delituak eragozteko».
Aurrez, Noboak agerraldi batean esan zuen «beste fase batean» sartu dela narkotrafikoaren kontrako «barne gerra», eta martxoan zehar «aliatuekin batera» egingo dituztela operazioak. 2023an izendatu zuten presidente, eta Donald Trump AEBetako bere homologoaren gertuko denez gero, Ekuadorko Gobernuak lankidetzarako zenbait akordio sinatu ditu AEBekin, batik bat «segurtasun» gaiei dagokienez.
Eta Washingtonek asmoa erakutsi izan du herrialdean base militar bat ezartzeko. Noboa presidenteak erreferendumera deitu zuen iazko azaroan, Konstituzioa aldatzeko; izan ere, 2008an moldatu zuten hori, atzerriko herrialdeek Ekuadorren baseak izatea galarazteko. Parte hartu zuten herritarren %60k ezezkoa eman zuen.
%70Ekoizten den kokainaren ehuneko zenbat igarotzen den Ekuadortik. Daniel Noboa Ekuadorko presidenteak emandako datuen arabera, munduan ekoizten den kokainaren %70 herrialdeko portuetatik-eta igarotzen da, eta hori «etekintsua» da droga trafikoan aritzen diren taldeentzat. Aintzat hartzekoa da Ekuadorrek muga egiten duela Kolonbiarekin eta Perurekin, eta bi horiek direla munduan kokaina gehien ekoizten duten herrialdeak.