Iraken okupazioa

AEBetako indarrek Faluja mendean hartzeko erasoarekin jarraitzen duten bitartean hainbat atentatu izan dira Iraken

AEBetako Armadak eta Irakeko indar ofizialek erresistentziaren kontrako erasoaldi handiarekin jarraitzen dute Faluja hirian, eta, bitartean, zenbait eraso egin dituzte erreboltariek Irakeko beste gune batzuetan. Bakuban, esate baterako, hiru poliziaetxeren aurka egin dituzte erasoak, eta Al Jazeera telebista katearen arabera, 25 bat dira hildakoak. Kirkuken, berriz, bonba-auto bat leherrarazi dute Irakeko Guardia Nazionalaren egoitzaren kontra, eta, gutxienez, hiru dira hildakoak.

2004ko azaroaren 9a
11:11
Entzun
Nolanahi ere, borroka gogorrenak Falujan ari dira gertatzen, triangelu sunita esaten dioten eremuko hirian, eta AEBetako buruzagi militarren arabera, Saddam Husseinen aldeko erresistentziaren gotorleku nagusi den gunean. Hain zuzen ere, erreboltarien aurkako gatazkaren ikur bihurtu dute AEBek Faluja, eta atzo erresistentziaren aurkako erabateko erasoa abiatu zuten hiri horretan.

Lekukoen arabera, AEBetako soldaduak Irakeko indar ofizialaren laguntzarekin iparraldetik sartu dira hirira, eta buruz buruko borroketan dabiltza erreboltariekin. Pentagonoak atzo jakinarazi zuenez, 15.000 soldadu ari dira parte hartzen erasoaldi horretan.

Agi denez, Al Julan auzoan, tren geltoki inguruan, ari dira borroka latzenak gertatzen —izan ere, tren geltokia mendean hartu zuten atzo gauean AEBetako tropek—. Halaber, Al Dubat eta Al Askari auzoetan ere oso bortitzak bide dira enfrentamenduak.

Hiriko osasun zerbitzuetako arduradunek azaldu dutenez, hiriko erietxe bakarra erabat suntsitu dute AEBek egindako bonbardaketek, eta, ondorioz, ez dago ez hildakoei, ez zaurituei behar bezalako arreta eskaintzeko aukerarik.

Iad Alaui Irakeko behin-behineko Gobernuko lehen ministroak Falujaren kontrako erasoaldiari ekiteko baimena eman zuen atzo. Erabaki hori dela eta, orain arte Gobernuarekin bat egin duten zenbait talde politikok urruntzeko jarrera hartu dute. Talde erlijiosoek ere haserre hartu dute erasoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.