Mundua

AEBetako Ordezkarien Ganberak Obamaren osasun erreformaren aurka bozkatu du

2010eko osasun erreformaren aurkako neurri bat onartu dute errepublikarrek. Ganbera horretan errepublikarren gehiengoa duten arren, Sentatuan demokratak dira nagusi, eta Etxe Zuriak esan du soilik bi ganberek aurka bozkatzen badute utziko duela erreforma bertan behera.

2012ko uztailaren 12a
08:47
Entzun

Bost orduko eztabaidaren ondoren, AEBetako Ordezkarien Ganberak aldeko 244 botorekin eta kontrako 185ekin Barack Obama presidentearen 2010eko osasun erreformaren aurkako neurria onartu zuen atzo gauean. Horrek ez du askorako balio izango, Epaitegi Gorenak orain bi aste erreforma konstituzionala dela ebatzi zuelako eta Senatuan demokratek gehiengoa dutelako, Ordezkarien Ganbaran ez bezala.

Errepublikarrak, ordea, boto-emaile kontsebadoreak mugitu arazi nahi dituzte azaroko hauteskundeei begira, eta bozketak baliorik izango ez duen arren, modu horretan herritarren artean eurekiko atxikimendua lortu nahi dute. Ez da, gainera, osasun erreformaren aurka bozkatzen duten lehen aldia. Etxe Zuriak, baina, garbi utzi du soilik bi ganberek kontra bozkatzen badute utziko duela bertan behera osasun erreforma.

Erreformak osasun zerbitzua hobetu eta gastuak murrizteko asmoa du. Gainera, asegurua beharrezkoa egiten du eta aseguru etxeak euren zerbitzua zabaltzera behartzen ditu. Errepublikarrentzat herritarrak aseguru hori izatera behartzea beste zerga bat ordainaraztea da. Mitt Romney presidentetzarako hautagai errepublikarrak esan du presidente ateratzen bada, bertan behera utziko duela osasun erreforma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.