Irango gerra geldiarazteko exijitu dio AEBetako Kongresuak Donald Trump presidenteari, eta, gerran jarraitu nahi badu, baimena eskatzeko. Ordezkarien Ganberak hilaren hasieran onartu zuen neurria, eta Senatuak, atzo. Neurria sinbolikoa da, ez baita loteslea, baina esanahi politiko sakona du. Hainbat kongresista errepublikanok bozkatu dute ebazpen horren alde, eta erakusten du Trumpek abiarazitako gerrak bere alderdian ere kezka sortzen duela. 1973an Gerrako Botereen Legea onartu zutenetik lehen aldiz exijitu diote bi ganberek presidenteari operazio militar bat geldiarazteko.
Errepublikanoek gehiengoa dute AEBetako Kongresuko bi ganberetan. Atzoko bozketan 50 senatarik bozkatu zuten ebazpenaren alde, eta 48k kontra. Alderdi Demokratako senatari batek aurkako botoa eman zuen, eta lau errepublikanok, aldekoa. Halere, Trumpen alderdiak argudiatu du ebazpenak aurrera egin duela bi senatari errepublikanok ezin izan zutelako saioan parte hartu. Aurrez ere, ekainaren 3an, Ordezkarien Ganberan, beste lau diputatu errepublikanok eman zuten aldeko botoa, eta ebazpena Senatura igaro zen —215 alde, 208 kontra—.
«Gerra honek abian jarraitzen duen segundo bakoitzeko, AEBetako herritarrentzat izaten ari den kostua areagotu egingo da», adierazi zuen Chuck Schumer demokraten Senatuko buruzagiak, ebazpena onartu ostean egindako agerraldian. Errepublikanoen artean ere zabaltzen ari den irudipena da Irango gatazkak AEBei kostu ekonomiko eta politiko handia eragin diela.
Onartu bezain pronto kritikatu du neurria AEBetako presidenteak. «Iran kinka larrian daukat, erortzear dago... eta AEBetako Senatuak zentzurik gabeko bozketa bat egitea erabaki du Gerrako Botereen Legearen inguruan», idatzi du Truth Social bere sare sozialean. Gainera, neurri horrek bere lana «zailduko» duela ohartarazi du, baina ziurtatu «lortuko» duela: «Modu batean edo bestean, baina lortuko dut. Beti lortzen dut».
Otsailaren 28an hasi zuten AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoaldia. Ekainaren 14an, Washingtonek eta Teheranek memorandum bat adostu zuten. Horrela, tregoa bat ezarri Ekialde Hurbilean —Libanon barne—, eta bi hilabeteko tartea ireki dute negoziatzeko.