Bi menderen ondoren, emakumezko bat exekutatu behar zuten atzo AEBetako Tennessee estatuko kartzela batean. Baina Christa Pikeri jarritako bi injekzio hilgarriek huts egin zuten. Haren abokatuen esanetan, pairatu duen «agoniak» urratu egiten du Pikek zigor «krudel eta ezohikoa» nozitu gabe exekutatua izateko duen eskubidea. Presoa espetxez kanpoko ospitale batera eraman zuten.
Tennesseeko Kartzelen Departamentuak ohar batean esan duenez, injekzio hilgarrietarako baliatzen duten substantzia kimikoa «eraginkorra» izan da beti. «Protokoloak ez du biderik ematen gaur gauean aurrera eraman direnez besteko prozedura gehigarririk erabiltzeko». Adierazi du, bide batez, fiskaltzak ere baimendu zuela prozedura hori.
Exekuzioaren berri eman zuten kazetariek agerraldi bat egin zuten, eta nabarmendu zuten Pikek arnasa hartzen jarraitu zuela injekzioak hartu ondoren ere, berrogei minutu geroago. Aurten Tennesseen huts egin duen bigarren exekuzio saiakera da. Horiek horrela, Bill Lee estatu horretako gobernadoreak bertan behera utzi ditu urtea amaitu arte aurreikusita zeuden exekuzioak. The Tennessean egunkariak jaso duenez, eskatu du «beste instantzia batek» iker dezala zer gertatu den Pikeren exekuzio saiakeran.
Pikek 50 urte ditu, eta heriotzaren korridorean dago 18 urte zituenean eskolako kide bat hiltzeagatik. Haren defentsak eta giza eskubideen aldeko taldeek eskatu izan dute exekuzioa bertan behera uzteko, argudiatuta kidea hil zuenean tratatu gabeko buruko gaixotasun bat zuela, eta sexu abusuen biktima izandakoa zela. Lee gobernadoreak indultu eskaera baztertu zuen astelehenean.Â