Bost lagun hil dira AEBetako eliza mormoi batean izandako tiroketa batean

Zortzi lagun zauritu dira. Poliziak hil egin du tiroen egilea, hark elizari su eman ostean.

Grand Blanceko eliza mormoia, artxiboko irudi batean. EFE
Grand Blanceko eliza mormoia, artxiboko irudi batean. EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko irailaren 29a
09:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste tiroketa bat izan da AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Michigango Grand Blanc herriko eliza mormoi batean, gizon batek lau lagun hil eta zortzi zauritu zituen atzo goizean. Poliziaren arabera, tiroen egileak su eman zion elizari, eta agenteek hil egin zuten jarraian.

Ikertzaileek jakinarazi dutenez, erasotzaileak bere autoarekin jo zuen ehunka lagun bilduta zeuden eliza, eta tiroka hasi zen jarraian. 10:25ean gertatu zen hori, eta 10:33rako hila zuen Poliziak. Sareetan berehala zabaldu ziren elizatik kea irteten ikusten zen zenbait bideo, eta kalea itxi behar izan zuten zenbait orduz, suhiltzaileek sua itzali arte. Dirudienez, erasotzaileak bizkortzaileren bat erabili zuen sua azkarrago hedatu zedin, eta «lehergailu susmagarriak» ere topatu dituzte elizaren inguruan.

Hiltzaileak 40 urte zituen, Grand Blancetik gertu dagoen Burton herrikoa zen, eta AEBetako armadako kide izandakoa zen 2004tik 2008ra. Errifle bat erabili zuen erasoan, eta, itxura guztien arabera, bakarrik antolatu zuen ekintza.

377 tiroketa aurten

Donald Trumpek, AEBetako presidenteak, adierazi du egoerari erreparatzen ari zaiola, eta erasoa gaitzetsi du: «Dirudienez, hau AEBetako kristauen aurkako beste eraso bat da. Trumpen administrazioak informatuta edukiko du iritzi publikoa, beti egiten duen bezala. Bitartean, egin otoitz biktimen eta haien familien alde. Indarkeriaren pandemia honek amaitu egin behar du gure herrialdean, berehala!».

Mass Shooting Tracker kontagailuaren arabera, aurten gutxienez 377 «tiroketa masibo» —gutxienez lau hildako eragin dituztenak— izan dira AEBetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.