Baliteke AfDk gehiengo osoa lortzea Saxonia-Anhalteko hauteskundeetan

Inkestek aurreratu dutenez, eskuin muturrak igandeko bozak irabaziko ditu ziurrenik. AfDk Alemaniako eskualde batean gobernatzea lortuko lukeen lehen aldia izango litzateke.

AfDren aldeko bi lagun, alderdiaren eta Alemaniaren banderekin, Siegmunden ekitaldi batean, Naumburgen, abuztuaren 24an. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
AfDren aldeko bi lagun, alderdiaren eta Alemaniaren banderekin, Ulrich Siegmunden ekitaldi batean, Naumburgen, abuztuaren 24an. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko irailaren 4a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alemaniako ultraeskuinaren goranzko joerak etenik ez duen honetan, Saxonia-Anhalt landerreko herritarrek hango parlamenturako hauteskundeak dituzte igandean. AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarrak irabaziko dituela diote inkestek. Hala, irailaren 6a mugarria izan liteke Alemaniako politikan, eta Bigarren Mundu Gerratik (1939-1945) egon ez dena gertatu: Alemaniako ultraeskuinak eskualde bateko bozetan gehiengo osoa lortzea eta agintera iristea.

Aurreikuspenen arabera, AfDk botoen %40 gaindituko ditu, eta bakarrik gobernatzeko aukera emango dio horrek. CDU demokristauak, SPD sozialdemokratak eta Berdeek osatzen dute estatu horretako gobernua gaur egun, baina, inkestek diotenez, hiru alderdien botoak bateratuta ere, ez dute AfDk adina babes lortuko.

Horiek horrela, AfDko landerreko buru Ulrich Siegmundek bakarrik gobernatzeko asmoa du, eta iragarri du hori lortuz gero aldaketa sakonak egingo dituela; esaterako, migrazio politikak gogortuko ditu, Errusiarekin harremanak sakondu eta Poliziaren indarra areagotu. Gainera, alderdi horrek gobernatzea lortuko balu, zenbait eserleku lortuko lituzke Alemaniako Kontseilu Federalean, eta, beraz, baliteke modu horretan Berlingo legedi nazionala oztopatzea, nahiz eta biztanle gutxiko landerra den —bi milioi biztanle ditu—.

Ultraeskuinak gehiengoa lortuko ez balu, beste molde bateko gobernua osatzea ere posible izango litzateke. Esate baterako, AfDren aurkako alderdiek superkoalizio bat egitea izango litzateke alternatibarik ziurrena. Hau da, eskuin muturra geldiarazteko, gainerako alderdiak batu —kontserbadoreak, sozialdemokratak, berdeak, ezkertiarrak eta abar— eta gobernu bat osatzea.

Beste aukera bat da demokristauak AfDrekin akordio bat egitea, baina Alemaniako presidente eta CDUko buru Friedrich Mertzek hainbatetan nabarmendu du negoziazioaren ateak itxita daudela AfDrentzat, eta beharrezkoa den guztia egingo duela eskuin muturra boterera irits ez dadin.

Gutxiengoen gobernua osatzea izango litzateke beste hautabide bat. Baina funtsezko aurrekontuak edo legeak onartzeko nahiko babesik ez luke izango, eta, seguruenik, berriro hauteskundeetara deitu beharko lukete.

Irailaren 20an beste bi estatu federaletan egingo dituzte bozak Alemanian: Berlinen eta Mecklenburgen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA