Mendebaldeko estatuak beren herritarrak eta haiekin lan egindako afganistandarrak hegazkinetan ebakuatzen ari dira oraindik ere. Batzuek, dozenaka, eta beste hainbatek, ehunka. EB Europako Batasuneko kideak, ordea, gerora Afganistandik irits daitezkeen migratzaileengan jarri du arreta. Hala adierazi du Ylva Johansson Barne komisarioak,EBko Barne ministroekinbildu ostean: «Litekeena da Afganistango ezegonkortasunak migrazio presioaren gorakada eragitea. Beraz, jokaleku guztietarako prestatzen ari gara».
Batasuneko kide bakoitzak berekin Kabulen lan egindako afganiarrak eta haien familiak jasotzeko konpromisoa hartu du. Horrez gain, Bruselak estatu kideei eskatu die EBrekin lan egindako beste 500 lagun ere jasotzeko. Hortik aurrera, baina, estatu kideek ez dute ikuspegi bateratu bat Europara irits daitezkeen migratzaile afganiarrekin izan behar duten jokabidearen inguruan. Alemaniako kantziler Angela Merkelek asteartean aurreratu zuen hori: «EBren ahulguneetako bat da asilo politika bateratu bat ez izatea».
Hala, migratzaileak «EBko mugetara iritsi aurretik» ekin beharra nabarmendu du Johanssonek: «Bide irregular eta deskontrolatuetatik EBrako bidea hartzea eragotzi behar dugu». Azken egunetan, EBko hainbat gobernu eta estatuburuk ere «migrazio fluxu irregularrak» eteteko beharra nabarmendu dute, eta horiekin bat egin du Barne komisarioak. Haren esanetan, Afganistanen jarduten duten erakundeei eta herrialde harekin muga egiten duten estatuei laguntzea da konponbiderako bidea; «batez ere, Pakistani, Irani eta Tajikistani, baina baita Turkiari ere». Izan ere, hainbat agintarik herrialde harekin 2016an eginiko migrazio akordioa berritzeko beharra adierazi dute.
Batasunera irits daitezkeen afganistandarren inguruan, berriz, Johanssonek azaldu du Bruselak «harrera kuotak handitzeko» eskatu diela estatu kideei, batez ere, emakumeak eta neskatoak jaso ditzaten: «Nire ustez, argi dago Afganistango emakumeak eta neskak arrisku egoera baten aurrean daudela. Harrera bide irregularren gainetik jartzeak genero dimentsio bat du kasu honetan».
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, urtea hasi zenetik 550.000 lagun baino gehiago desplazatu dira Afganistanen, baina ez dira asko azken asteetan herrialdeko mugak zeharkatu dituztenak. Halere, erakundeak uste du egoera «bilakaera azkar bat» izaten ari dela, eta litekeena dela kopuruak nabarmen gora egitea.
Mugakide horietako bat da Iran. Teheranek jakinarazi duenez, oraingoz ez da ezohiko mugimendurik egon inguruan, baina neurriak hartzen hasi da irits daitekeenaren aurrean. Irango Gobernuak adierazi du pasabideak itxi dituela, eta Afganistanekiko mugan behin-behineko harrera guneak ezarri. Hala, muga igarotzen dutenak itzularazteko agindua dute segurtasun indarrek. Neurria egoera «egonkortu» arte egongo da indarrean. Gobernuak herrialdeko krisi ekonomikoarekin eta migratzaileen iritsierak COVID-19ak eragindako osasun egoera larrian izan ditzakeen ondorioekin arrazoitu du erabakia. Iranera sartuko balira ere, migratzaileek zaila dute Europarako bidea hartzea. Izan ere, Turkiak muga indartu du. Duela aste batzuk hasi zen horma bat eraikitzen, gerta zitekeenaren esperoan.
Abdul Ghani Baradar talibanen Dohako bulego politikoko burua eta bere taldea asteartean iritsi ziren Kandaharrera, 1996tik 2001era bitarte Afganistango Emirerri Islamikoaren hiriburu izan zenera. Talibanen negoziatzaileek ez dute denbora galdu, eta ordezkaritza bat HCNR Adiskidetze Nazionalerako Kontseilu Nagusiko presidente Abdullah Abdullahrekin eta Hamid Karzai Afganistango presidente ohiarekin bildu da Kabulen. Haien buru izan da Anas Haqqani, bulego politikoko kide eta Sirajuddin Haqqaniren anaia. Azken hori talibanen buruzagietako bat da, eta Haqqani Sarea talde armatuko burua.
Elkarrizketa horien inguruko xehetasunik ez da argitaratu, baina Tolonews albiste agentziak jakinarazi du «gobernu inklusibo baten» sorrera izan dutela hizpide. «Gakoa da nola ezarri daitekeen denek onartuko duten gobernu inklusibo bat, gizartearen garapenerako bidean», azaldu dio agentziari Gul Rahman Qazik, Karzairen laguntzaileetako batek.
«Itzaletatik» ateratzen
Talibanek Tolonewsi jakinarazi diote laster emango dutela gobernu berri bat osatzeko bidean gainerako indar politikoekin eta nazioarteko aktoreekin adostutakoaren berri. Baliteke hori talibanen buruzagi nagusien agerraldiarekin batera egitea. Izan ere, horiek «itzaletatik» ateratzeko prest daudela azaldu dute matxinoek. Horiek, Sirajuddin Haqqaniz eta Baradarrez gain, taldeko lider Haibatullah Akhundzada eta Mohammed Yaqoob —erakundeko lehen lider Mohammed Omarren semea— lirateke.
Talibanek Karzaik eta Abdullahk gidatutako koordinazio batzordea hartu dute Afganistango gainerako indar politiko eta etnikoetara gerturatzeko bitartekaritzat. Badira, baina, hori onartzen ez dutenak. Oraintsu arte Afganistango presidenteorde izaniko Amrullah Salehk aldarrikatu du Axraf Ghani presidentearen ihesak utzitako hutsunea betetzeko «legitimotasuna» berea dela, eta talibanen aurkako «erresistentziara» batzeko deia egin du. Hura eta haren jarraitzaileak Panjxir eskualdean egin dira indartsu; hura da talibanen esku ez dagoen eremu bakarra.
Horrez gain, protestak egin dira hainbat hiritan, Afganistango bandera —beltza, gorria eta berdea— Emirerri Islamikoko ikurrinarekin —Xahada, islamiar fede profesa idatzita daraman oihal zuria— aldatu izana kritikatzeko. Manifestazio handiena Jalalabaden, Nangarhar eskualdeko hiriburuan egin zen, atzo. Han, talibanek gutxienez bi lagun hil zituzten tiroz, eta dozena bat zauritu, Khaama agentziaren arabera.
Argitu da, bide batez, non dagoen Ghani. Azken egunetan, hainbat hedabidek adierazi dute Tajikistanen ezkutatuta zegoela, Afganistango zenbait hegazkin eta helikoptero militarrek han lur hartu baitzuten igandean. Halere, Arabiar Emirerri Batuek jakinarazi dute beren herrialdean jaso dutela, «arrazoi humanitarioengatik». Talibanek beren azken agintaldian izan zuten aliatu bakanetakoa izan zen, 2001ean harremanak hautsi zituzten arte. Egunotan, berriz, Kabulen eta Mendebaldeko herrialdeen arteko lotura lana egiten ari dira herrialdeko aireportuak, besteak beste, EBko, AEBetako eta Erresuma Batuko hegazkinentzat.