Azken orduetan berriro areagotu da Pakistan eta Afganistan bizilagunen arteko krisi diplomatikoa. Pakistanek hainbat aire eraso egin zituen atzo goizaldean Afganistan ekialdean, eta 28 pertsona hil. Bada, talibanek gaur ohartarazi diote Pakistani «irmoki» erantzungo dietela eraso horiei.
Zabihullah Mujahid Afganistango agintarien bozeramaileak Tolo News hango hedabideari esan dionez, «egoki» deritzoten unean helduko da erantzun hori. Dena den, nabarmendu du diplomaziaren bidea lehenesten dutela. Bide horri eusten diote aldeek, eta horren seinale da Kabulek ez duela Islamabaden duen enbaxada itxi behar izan, ezta alderantziz ere, nahiz eta talibanen eledunak nabarmendu duen gaur aukera hori mahai gainean dagoela. Haren esanetan, enbaxada horri irekita eustea beharrezkoa da errefuxiatuen auzia kudeatzeko.
Pakistanek atzo goizaldeko erasoa justifikatu zuen, eta azpimarratu Pakistango talibanak hartzen dituzten aterpeak izan zituztela helburu. Zehaztu zuen, bide batez, ordu batzuk lehenago ekintzaile batzuek Karatxiko (Pakistan) gune paramilitar bati egindako erasoari erantzuten ari zela. Hiru soldadu hil ziren eraso hartan, iturri ofizialen esanetan.
«Terroristak» esportatzea egozten dio Islamabadek Kabuli; talibanek, baina, ukatu egiten dute. Pakistanen esanetan, atzoko erasoan 29 ekintzaile hil zituen; Kabulek esan zuen 36 zibil hil zituela eta 163 zauritu; NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi zuenez, aire erasoek 28 zibil hil zituzten. Kabulek eraso «basatitzat» jo zuen Pakistanek egindakoa.
Afganistanek dio erantzun egingo duela, baina militarki askoz ere indartsuagoa da Pakistan. 600.000 soldadu ditu; Afganistanek, berriz, 170.000 inguru, NBEren iturrien arabera. 2.600 kilometro inguru dauzka bi herrialdeen arteko mugak.
Harreman gorabeheratsua
Historian gorabeheratsuak izan dira bi bizilagunen arteko harremanak. Joan den urrian, tentsioak gora egin zuen, bi herrialdeen arteko mugan borrokak piztu ondoren. Bi herrialdeetako soldaduak hil ziren. 2021ean Afganistanen talibanak agintera itzuli zirenetik gertatutako borroka handienak izan ziren ordukoak —1996tik 2001era ere agintean egon ziren—. Eraso horien ondoren, bi aldeek menia bat sinatu zuten; Qatar eta Turkia aritu ziren bitartekari. Tregoa hark, baina, ez zuen askorik iraun.
Ordutik, tartean-tartean, elkarri eraso egin izan diote bi aldeek. Otsail amaieran, esaterako, AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoa hasi bezperan, Pakistanek gerra deklaratu zion Afganistani. Bizpahiru aste geroago, Pakistanek gutxienez 400 pertsona hil zituen Kabulen, osasun zentro bati egindako eraso batean.