Afganistango eta Pakistango armadek elkarri eraso egin diote bart; talibanek Pakistango tropen kontrako operazio bat egin eta gero, hark erantzun egin dio: bi herrialdeen arteko muga inguruko zenbait gune bonbardatu ditu, tartean Kabul hiriburua eta Paktia eta Kandahar eskualdeak; haren arabera, gune militarrak, kontrol postuak eta armategiak bonbardatu dituzte. «Gure pazientzia amaitu da, orain elkarren arteko gerran gaude», adierazi du sare sozialetan Pakistango Defentsa ministroak, Khawaja Muhammad Asifek.
Afganistango Defentsa Ministerioak jakinarazi du ohar bidez ezen amaitutzat eman dutela gaueko erasoaldia, hainbat base eta postu militarren kontrola berreskuratu ondoren; jakinarazi du Pakistango soldadu 55 hil dituztela, eta bere zortzi hil direla. Attaullah Tarar Pakistango Informazio ministroak, berriz, sare sozialetan esan du Afganistango 133 soldadu hil dituztela. Goizean, mugako Torkham pasabidean tiroketak egon direla kaleratu dute Al-Jazeera hedabideak eta AFP Agence France-Presse agentziak.
Bi herrialdeen arteko gatazka ez da zeozer berria, Afganistanek ez baitu onartzen bien arteko muga, Durand lerroa deiturikoa —Britainiar inperioak ezarri zuen 1893an, Afganistango Emirerria eta Indiako bere kolonia banatzeko; Pakistanek 1947an lortu zuen independentzia, eta hark bai errekonozitzen duela—. Baina, hein handi batean, Islamabaden eta Kabulen arteko harremana 2021eko abuztutik hona gaiztotu da; alegia, Ameriketako Estatu Batuetako tropak Afganistandik ospa egin, eta talibanak agintera itzuli zirenetik. Pakistango talibanei babesa eta laguntza militarra ematea leporatzen dio Pakistanek Afganistani, azken horrek hori ukatzen duen arren.
Azken enfrentamenduak iazko urrian izan ziren: ordura arteko erasorik handienak izan zituzten Afganistanek eta Pakistanek muga inguruan; azken horrek muga ixtea erabaki zuen, eta ondoren sinatu zuten su etena, Turkiaren eta Qatarren bitartekaritzarekin. Mendebaldeko tropak erretiratu eta gero, «espero izatekoa zen Afganistanen bakea egotea, eta talibanak herriaren interesetan eta eskualdeko bakean zentratzea», esan du Pakistango Defentsa ministroak; dena den, «terroristak esportatzea» egotzi die. Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak ohar bidez esan du herrialdeko armadak ez duela baimenduko «segurtasunaren kontrako ezein mehatxu», eta «erantzun egokia» emango diotela edozein erasori.
Bonba hotsak eskualdera heldu dira: Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik elkarrizketarako deia egin du; Indiak, aldiz, «gogor» kondenatu ditu Pakistanen erasoak. Baita nazioartera ere: Errusiako Atzerri Ministerioak erasoak eteteko eskatu die bi aldeei; Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak presntsaurreko batean jakinarazi du bi aldeen artean aritu direla bitartekari lanetan; eta Stephane Dujarric Nazio Batuen Erakundeko bozeramaileak ohar bidez exijitu die, Antonio Guterres idazkari nagusiaren partez, «diplomazia» lehenetsi dezatela gatazka amaitze aldera. Halaber, NBEren Afganistanerako ordezkari berezi Richard Bennettek lasaitasuna eskatu die bi aldeei, eta errespeta ditzatela giza eskubideak eta zibilen segurtasuna.