Pakistanen eta Afganistanen arteko muga itxi dute, asteburuko borroken ondorioz

Islamabaden arabera, berrehun taliban baino gehiago hil dituzte; Kabulen esanetan, ordea, Pakistango 58 soldadu eta bederatzi taliban hil dira borroketan.

Pakistandar talde bat gorpu bat eramaten atzo Kurramen, Pakistanen eta Afganistanen arteko mugan. BASIT GILANI / EFE
Pakistandar talde bat gorpu bat eramaten, atzo, Kurramen, Pakistanen eta Afganistanen arteko mugan. BASIT GILANI / EFE
Igor Susaeta.
2025eko urriaren 13a
14:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Borroka handiak izan dira asteburuan Afganistanen eta Pakistanen artean, bi herrialdeen arteko mugan; hain zuzen ere, inoizko borroka bizienak izan dira duela lau urte talibanak agintera bueltatu zirenetik. Kabulen arabera, Pakistango 58 soldadu eta Afganistango bederatzi hil dira borroketan; Islamabadek, ordea, bere 23 soldadu eta talibanen berrehun ekintzaile baino gehiago hil direla esan du. Horiek horrela, Pakistanek bi herrialdeen arteko muga ixtea erabaki du: 2.600 kilometro luze da.

Beraz, salgaiak daramatzaten ibilgailuak aurrera egin ezinda geratu dira mugaren bi aldeetan. Salgaiak eta elikagaiak nagusiki Pakistandik heltzen dira Afganistanera —ez du itsasorako sarbiderik—. 

Bi herrialdeen arteko harremanak gaiztotu egin dira 2021eko abuztutik hona; hau da, AEBetako tropak Afganistandik atera, eta talibanak agintera itzuli zirenetik. Pakistango talibanei babesa eta laguntza militarra ematea leporatzen dio Islamabadek Kabuli; bigarrenak akusazio hori ukatu du.

Eta asteburuan gertatutakoaren inguruan, bi aldeek elkarri egozten diote erantzukizuna. Pakistango armadak atzo ohar batean jakinarazi zuenez, «probokatu gabeko erasoak» abiatu zituen Afganistanek larunbat gauean, eta horiei erantzun zien armadak. Kabulek beste ohar batean adierazi zuenez, Pakistanek ostiralean egindako eraso bati erantzun zioten. Bi aldeek ohartarazi dute erasoei erantzungo dietela etorkizunean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.