Agintaldia amaitu aurretik Guantanamo ixteko aukera gutxi ditu Obamak

Auzitegi zibil batek Guantanamoko preso bat epaitu du lehen aldiz, eta ia kargu guztietatik libre utzi du

2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Auzitegi zibilak terrorismo kasuez aritzeko gai direla erakutsi nahi izan du Barack Obamak, Guantanamo ixteko. Ahmed Khalfan Gailaniri zigor eredugarria jarriko ziotela espero zuen presidente estatubatuarrak horregatik. New Yorkeko epaimahaiak, baina, Guantanamoko preso ohiari egozten zizkioten 286 akusazioetatik bakarraren erantzule egin du, eta Obamaren asmoak, bide batez, bazterrera bota. Kontserbadoreen susmoak bete dira, izan ere; eta Guantanamo ixteko beldurrak indartu dira berriro. Horregatik, baina baita azken hauteskundeetan errepublikanoek nabarmen gora egin dutelako ere, kosta egingo zaio Obamari bere promesa betetzen. Ez dirudi agintaldia amaitu aurretik lortu duenik bederen.

Guantanamotik pasatutako preso guztiak auzitegi militarretan epaitu dituzte orain gutxi arte. Gailanirena izan da epaitegi zibilek aztertu duten lehen kasua. Tanzaniarra da hori, 36 urtekoa, eta 1998an Afrikako bi enbaxada estatubatuarren aurka egindako atentatuetan parte hartzea egozten zioten. Haatik, eraikin ofizialak suntsitzeko konspirazio baten parte hartzeagatik kondenatu dute azkenean, ez terrorismoagatik. Urtarrilaren 25ean jakinaraziko dute Gailaniren kondena; dena dela, jakina da dagoeneko hogei urtetik bizi guztiko kartzela zigorraren artean ezarriko diotela.

Ebazpena kolpe gogorra izan da Obamaren gobernuarentzat; izan ere, Guantanamoko preso guztiak auzitegi zibiletan epaituko zituela agindu zuen presidentetzarako hauteskunde kanpainan. Kontserbadoreek gogor kritikatu dute presidentearen proposamena, presoen transferentziak herrialdeko segurtasuna arriskuan jarriko duela argudiatuz. Orain, ez da argi Obamaren exekutiboak ere agintaldi hasieran iragarritako asmoari eutsiko dion.

«Errespetatzen dugu epaimahaiaren erabakia, eta atsegin hartu dugu Ahmed Gailaniri gutxienez hogei urteko kartzela zigorra ezarriko diotela jakitean», adierazi du Matthew Millarrek, AEBetako Justizia Departamenduko bozeramaileak. Pedro Quijano defentsa abokatuak, berriz, sententziaren aurkako helegitea jarriko duela jakinarazi du: «Egozten dizkioten kargu bakar bategatik ere ez dela erruduna pentsatzen dut oraindik».

Gehiengorik gabe

Presidente kargua hartu zuenean, urtebetean Guantanamo itxiko zuela agindu zuen Obamak. Errepublikanoak, eta horien barruan kontserbadoreenak direnak bereziki, aurka agertu dira. Azken bozetatik, baina, oztopo hutsa baino zerbait gehiago bihurtu dira, Ordezkarien Ganberan gehiengoa eskuratu baitu Alderdi Errepublikanoak.

Kongresuaren babesik ez duela ikusita, eta lehen epaiketa zibilak esperotako emaitzak eman ez dituela jakin ostean, Guantanamoren itxiera atzeratu beharko du berriro Obamak.

Giza eskubideen aldeko erakundeek, hala ere, Obamak hasitako bidetik jarraitzea nahi dute. AI Amnesty Internationalek, besteak beste. Erakunde horrek eskatu du Guantanamon dauden presoei epaiketa justuak egiteko, eta, beraz, epaimahai militarrak behin betiko alboratzeko. AIren ustez, Gailaniren kasuak agerian utzi du epaiketa zibilak egin behar zaizkiela Guantanamoko presoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.