'Habemus papam': Leon XIV.a izango da hurrengo aita santua

Vatikanoko 267. buruzagia estatubatuarra da. Konklabean parte hartu duten kardinalak hirugarren bozketa saioan jarri dira ados. Goizean bi bozketa egin dituzte, baina 'fumata' beltza atera da.

Leon XIV.a, hautatua izan berri, gaur arratsaldean, Vatikanoan. VATIKANOA / EFE
Leon XIV.a, hautatua izan berri, gaur arratsaldean, Vatikanoan. VATIKANOA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Maddi Iztueta Olano
2025eko maiatzaren 8a
12:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Habemus papam. Edo badugu aita santua. Laugarren bozketa sailean izan da hautatua 267. aita santua: Leon XIV.a. Izen hori hautatu du Robert Francis Prevost estatubatuarrak; 70 urte ditu, eta aurrerantzean hura izango da Frantziskoren oinordekoa.

Txalo eta oihu artean jaso dute Done Petrin elkartu diren milaka jarraitzailek, eta haiei egin dizkie aurreneko hitzak: «Izan dadila bakea zuekin». Frantzisko aita santuaren omenez egin ditu hurrengo adierazpenak. Haren buruzagitza goraipatu du, eta eskerrak eman dizkio «bakearen eta humanitatearen alde» lan egiteagatik. Eskerrak eman dizkie, halaber, haren alde bozkatu duten kardinal guztiei. Denera 133 kardinalek hartu dute parte konklabean, eta gutxienez bi herenen botoak beharrezkoak ziren aita santu izendatua izateko.

Gero, berriro mintzatu zaie aurrean zituen milaka jarraitzaileei, eta irmo esan die: «Lagun iezaguzue zubiak eraikitzen». Hain justu, AEBetako aita santu batek balio lezake Vatikanoaren eta Washingtonen arteko zubiak eraikitzeko, noiz eta Donald Trump Etxe Zuriko maizter denean. Izan ere, bi herrialde horien arteko tentsioak zertxobait egin zuen gora Frantzisko aita santuaren buruzagitzan. Horrekin lotuta, aita santua munduko lehenengo potentzian jaiotakoa den aurreneko aldia da oraingoa.

Konklabeak erabaki behar zuen Frantziskok 2013an hasitako bidearekin jarraitu ala norabidea aldatu. Bada, irudi du erdibideko aukeraren alde egin dutela azkenean. Leon XIV.a ez da sektore kontserbadoreenaren alde lerratu; ezta sektore progresistenaren alde ere. Dena den, Frantziskok egindako bidea txalotu du jendaurrean egindako aurreneko agerraldian; are, hark egin gisan, nabarmendu du «Jainkoak gizaki guztiak berdin maite» dituela.

Izen saltsa

Konklabea hasi baino lehen ez du elkarrizketarik eman, eta, halere, bozketa saioei ekin aurretik aita santu izateko hautagai nagusien zerrendan agertu da. Hautagai nagusia, nolanahi ere, Pietro Parolin zen (Italia, 70 urte). Frantziskok Vatikanoko estatu idazkari izateko hautatu zuen, baina ez da beti ados egon Bergogliok ibilitako bidearekin.

Nazioarteko hedabideetan gehien aipatu diren kardinaletako beste bat Luis Antonio Tagle da (Filipinak, 67 urte), hautatuz gero Asiako lehen aita santua izango bailitzateke. Kardinal aurrerakoitzat jotzen da, eta, Frantziskoren moduan, kapitalismoa kritikatu izan du, baita Eliza katolikoak homosexualen inguruan erakutsitako jarrera zurruna ere. Halere, kontserbadorea da beste auzi batzuetan; esaterako, eutanasiaren, abortuaren eta antisorgailuen aurkako jarrera du. Hauek dira askotan aipatu dituzten beste hautagaietako batzuk: Matteo Zuppi (Italia, 69 urte) eta Jean Marc Aveline (Frantzia, 66 urte).

Vatikanoan bilduta egon diren 133 kardinalek atzo ekin zioten konklabeari: 17:00etan egin zuten aurreneko bozketa, eta espero baino bi ordu geroago atera zen ke beltza tximiniatik. Gaur goizean bi bozketa egin dituzte, eta fumata beltza izan da berriro ere. Kardinalek Santa Marta etxean bazkaldu dute, eta arratsaldean jarraitu du konklabeak. 16:00etan hasi dute eguneko bigarren saioa, 17:00etan egin dute lehen bozketa, eta handik ordubetera eman dute abisua: habemus papam.

Milaka lagun elkartu dira Vatikanoko Done Petri plazan, konklabearen bigarren egunean. ANGELO CARCONI/EFE
Milaka lagun elkartu dira Vatikanoko Done Petri plazan, konklabearen bigarren egunean. ANGELO CARCONI /EFE

 

Ez dago eperik aita santua aukeratzeko. Dena den, azken ehun urteotan konklabea ez da bost egun baino gehiagokoa izan behin ere. Frantzisko aita santua hautatzeko, esaterako, bi egun eta bost bozketa behar izan ziren; oraingoa ere prozesu azkarra izan da, 24 ordu eta lau bozketa nahikoa izan baitira. Azken 150 urteetako konklaberik laburrenean, 1939koan, hiru bozketa nahikoa izan ziren aita santua hautatzeko. Erromako Poliziaren arabera, 50.000 pertsona bildu dira gaur arratsaldean Done Petri plazan; goizean, 10.000 lagun inguru; eta atzo arratsaldean, 30.000 inguru. 

Agintarien zorion mezuak

Nazioarteko agintariek berehala zoriondu dute aita santu izendatu berria; besteak beste, Trumpek. AEBetako presidenteak bere sare sozial Truth Social erabili du horretarako: «Oso harro nago hura delako aurreneko aita santu estatubatuarra». Eta segidan esan du «irrikaz» dagoela harekin aurrez aurre elkartzeko.

Europako agintariek ere zoriondu dute Leon XIV.a, hala nola Alemaniako kantziler Friedrich Merzek, Frantziako presidente Emmanuel Macronek, Espainiako presidente Pedro Sanchezek eta Poloniako presidente Andrzej Dudak. Aita santuari mintzatu zaio Ukrainako presidente Volodimir Zelenski ere, eta mezua probestu du gogorarazteko Ukrainak Vatikanoaren «babes morala» jaso duela gerran, eta aurrerantzean ere hala izatea espero duela.

14

Zenbat bozketa egin ziren 1922ko konklabean. Azken mende eta erdian, 1922an behar izan zuten denbora gehien aita santu berria hautatzeko. Konklabeak bost egun iraun zuen, eta kardinalek 14 bozketa saio behar izan zituzten Pio XI.a aita santu hautatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.