Prevost, erdibideko soluzio bat

Elizgizon estatubatuarrak Perun egin du bere ibilbide erlijiosoaren parterik handiena, eta Frantziskok ardura postu ugari eman zizkion azken urteetan.

Leon XIV
Leon XIV.a. ALESSANDRO DI MEO / EFE
jon olano
2025eko maiatzaren 8a
19:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Vatikanoan, aita santua aukeratzeko konklabean, Robert Francis Prevost kardinal agustindarra izendatu dute Eliza Katolikoaren buruzagi goren. Neurri batean, konklabera sartzen azkenetakoa izan da Prevost, Frantzisko aita santuak 2023ko irailean izendatu baitzuen kardinal. Haren gertukoa izan zen Prevost, eta Jorge Bergoglioren abaroan lortu zituen ardura postuak, besteak beste, munduko apezpiku guztien arduradun izendatuta. Aurretik, Gotzainen Kongregazioko kide izendatu zuen 2020an, eta Peruko apezpikuen batzarreko presidenteorde 2022an.

1955ean Chicagon jaioa, 69 urte ditu. Ikasketaz matematikaria da Prevost, eta hura da lehen aita santu estatubatuarra. 27 urte zituela joan zen Erromara zuzenbide kanonikoa ikastera. Perura bidali zuten misiolari, eta han egin du bere ibilbidearen parterik handiena. 1999an itzuli zen AEBetara, Chicagoko agustindarren buru izateko. 2014ko azaroan, Frantziskok Perura bidali zuen berriro, Chiclayoko elizbarrutiko administratzaile apostoliko izendatuta. 2015eko irailean, Chiclayoko gotzain izendatu zuten.

Leon XIV.a izena hartu du Prevostek. Aipatu izan da bere izena hurrengo aita santuaz egin diren kinieletan, baina ez faboritoen artean. Kardinal diskretua dela esan izan dute, eta, kardinalen artean dauden joera kontserbadore eta progresisten artean, erdibidekoa izan daitekeen hautagaitzat jo izan dute. Haatik, Eliza Katolikoaren inguruko hedabide kontserbadore batzuetan progresisten ezkutuko hautagaitzat jo izan dute Prevost. 2017an, adibidez, Alberto Fujimori Peruko presidente ohiari emandako indultuaz zera esan zuen, Fujimorik barkamena eskatu beharko liekeela bere biktimei, eta azken hilabeteetan Donald Trumpen administrazioaren aurkako iruzkinak idatzi izan ditu sare sozialetan. Gainera, aita santu izendatu berriari kritikak egin izan dizkiote Elizaren sexu abusuen kasu batzuetan hartutako jokabideagatik, bai Perun eta bai AEBetan.

Haren erabakietako bat izan zen COVID-19aren izurri garaian aitortzak telefonoz egitea, kontaktu fisikorik ez izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.