Tiro bakarrarekin hil dute gaur arratsaldean Alain Orsoni militante nazionalista korsikar historikoa. Amaren hiletan zegoen eraso egin diotenean, uhartearen hegoaldeko Veru herrian, Korsikako eta Frantziako hedabideek jakinarazi dutenez. AFPren arabera, Frantziako Polizia Judizialak ikerketa bat hasi du «talde antolatuan egindako hilketa» delituagatik. Orsonik 71 urte zituen.
Ibilbide politiko luzea zuen Korsikako independentziaren aldeko militantzian. 1975ean parte hartu zuen Edmond Simeonik zuzendutako Aleriako okupazioetan, eta gertakari hori garrantzitsua izan zen Korsikako borroka nazionalista bultzatzeko. Urte batzuk geroago, sortu berria zen FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Armadarekin bat egin zuen, eta haren buruzagietako bat izan zen 1980ko hamarkada hasieran. Urte horietan, 1983an, hil zioten Guy anaia, FLNCko kidea hura ere.
Alain Orsonik espetxean igaro zituen bi aldi, eta, ondotik, 1986an, Korsikako Lurralde Asanbleako ordezkari izendatu zuten MCA Autodeterminazioaren Aldeko Korsikako Mugimenduarekin. Lau urte geroago, MPA Autodeterminazioaren Aldeko Mugimendua sortu zuen. 1996an atzerrira joan zen, eta, itzuli ondotik, 2008an, Frantziako Poliziak jakinarazi zuen Orsoni hiltzeko plan bat eragotzi zuela.
Militantzia politikoa alde batera utzita, Orsoni AC Aiacciu futbol taldeko presidentea izan zen 2008-2015 aldian, eta 2022an.