Alaska demokrata izango da datozen bi urteetan. Iragan larunbatean jakin zen AEBetako Alaska estatuko gobernadorea Alderdi Demokratakoa izango dela. Bada, AEBetako Senatuan Alaskari dagokion eserlekua ere demokratena izango da. Mary Peltola izango da senataria; Yupik jatorrikoa da, eta Alaskak senatari indigena bat izango duen aurreneko aldia izango da.
Ia hogei urte bete dira Alaskak azkeneko senatari demokrata izan zuenetik —2008an izan zen, Mark Begich demokrata Ted Stevens errepublikanoari gailendu zitzaionean—. Geroztik, errepublikanoak gailendu izan dira beti han. Baina hilaren 2an egindako agintaldi erdiko hauteskundeetan egoera irauli zuten demokratek.
Botoen %99 zenbatuta, Peltola garailetzat jo dute ofizialki. Botoen %50,1 eskuratu ditu, eta 11.475 botoren aldea ateratzen dio Dan Sullivan egungo senatari errepublikanoari.
Kanpainan Fish, Family, Freedom izan da bere lema —Arrantza, Familia eta Askatasuna, euskaraz—. Besteak beste, esan izan du berea «ahots propio bat» dela, eta Alaskaren interesak lehenesten dituela Washingtonen lehentasunen gainetik.
Guztira, bederatzi eserleku kendu dizkiete demokratek errepublikanoei Senatuan: Alaska, Hego Karolina, Ipar Karolina, Iowa, Kansas, Maine, Mississippi, Ohio eta Texas. Gauzak horrela, demokratek 56 senatari izango dituzte guztira, eta, errepublikanoek, berriz, 44.