Francesca Albanese NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari bereziaren izen ona zikindu nahi dute. Hori nabarmendu du gaur UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusi Philippe Lazzarinik. X sare sozialean idatzitako ohar batean adierazi du giza eskubideen kontrako erasoak salatzen dituztenak isilarazi nahi dituztela. Frantziak, Alemaniak eta Italiak, besteak beste, Albaneseren dimisioa eskatu zuten duela egun batzuk, zera esan zuela egotzita: Israel dela «gizateriaren etsai komuna». Albanesek hori adierazi izana ukatu du.
Lazzarinik belarrietatik tira egin die herrialde horiei, «albiste faltsuen eta desinformazio kanpainen» harira erakutsi duten jarrera dela eta. Caroline Yadan diputatuak Frantziako Asanblea Nazionalean joan den astean egindako hitzaldi batek piztu zuen txinparta. Adierazi zuenez, Al Jazeera hedabideak Dohan antolatutako foro batean parte hartu zuen Albanesek, eta esan Israel dela gizateriaren etsai komuna; manipulatutako eta editatutako bideo batez baliatu zen Yadan baieztapen hori egiteko. Ondoren heldu ziren Frantziaren, Alemaniaren eta Italiaren dimisio eskaerak.
Albanesek gezurtatu egin zuen Yadanen akusazioa. Dohako bere mintzaldia jarri zuen X sare sozialean, eta ondoan mezu hau: «Palestinako genozidioari bide eman dion sistema da gizateriaren etsai komuna».
2022ko maiatzetik da Albanese kontalari berezia, eta maiz salatu izan ditu Israelek Palestinako lurretan egiten dituen krimenak. Eusko Jaurlaritzak Rene Cassin saria eman zion iazko abenduan.