Espainiak Marokora itzularazi nahi ditu Ceutara heldutako migrante guztiak

Espainiako Atzerri ministroak esan du «ahalik eta azkarren» kanporatuko dituztela migranteak. Dagoeneko 1.527 migrante adingabe zenbatu dituzte hiri autonomoan.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroa gaur, Ceutan. REDUAN / EFE
Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroa gaur, Ceutan. REDUAN / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko abuztuaren 11
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak esana du «lehentasuna» duela abuztuaren 1ean Marokoren eta Ceutaren arteko muga zeharkatu zuten adingabeak Marokora itzultzea, eta Jose Manuel Albares Atzerri ministroak are gogorrago adierazi du asmo hori gaur: haren arabera, hiri autonomora «irregularki» sartu den migrante «bat bera ere» ez da Espainian geratuko.

Atzerri ministroa Juan Jesus Vivas Ceutako presidentearekin bildu da gaur hiri autonomoan bertan, eta bileraren ondoren egin ditu adierazpenok: migranteak «ahalik eta azkarren» itzularaziko dituztela, nahiz eta, «nola ez», ebazpen judizialak eta Espainiako legedia aintzat hartuko dituzten. Aintzat hartzekoa da, batetik, gatazketatik-eta ihesi doazenek asilo eskubidea dutela, eta, bestetik, adingabe marokoarrei dagokienez, jaioterrian duten egoerari ere erreparatu beharko liokeela Espainiako Fiskaltzak, berresteko ez direla muturreko egoeraren batean bizi.

Vivasek ere —PP Espainiako Alderdi Popularrekoa da— kazetarien aurrean hitz egin du Albaresekin bildu ostean. Nabarmendu duenez, Atzerri ministroak esan dio migranteak «botatzea» dela «irtenbide bakarra».

Felix Bolaños Presidentetza ministroak Sira Rego Gazteen eta Haurren Gaietarako ministroak azken egunotan erabilitako hitzak errepikatu ditu: Ceutara joandako migrante adingabe «guztiak» nor bere familiekin biltzea dela «lehentasuna». Prentsaurrekoa eman du gaur Almerian, eta jakinarazi 1.527 adingabe zenbatu dituztela dagoeneko Ceutan.

Abdellatif Uahbi Marokoko Justizia ministroak atzo exijitu zuen bakarrik dauden migrante adingabe marokoarrak aberriratu ditzala Espainiak, eta eskaera hori gogoratu du gaur Albaresek. Aitortu du kooperazio falta izan ohi dela «zailtasun handienetako bat», baina hori ez dela oraingo egoera: «Horrek eman zuen modua ordu oso gutxian milaka lagun itzultzeko». Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, 72.000 migrantek zeharkatu zuten Maroko eta Ceuta arteko muga uztailaren amaieran, eta ia gehienak, 70.000, hurrengo egunetan itzuli ziren. Espainiako Atzerri ministroak jakinarazi du Marokoko bere homologoarekin hitz egin duela egunero, eta bi herrialdeek elkarrekin «hausnartuko» dutela, besteak beste, migranteak mobilizatzea eragin duen «elementu berri batez» eztabaidatzeko: sare sozialez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA