Iritsi da negua Armeniara, eta neguarekin batera heldu da hotza Erevan hiriburuko kaleetara. Iparraldeko etorbide zalapartatsuan beroki ilun eta sendoak dira nagusi, eta komertzioak Gabonetarako prestatu dira jadanik.
Ikuspuntu geopolitiko batetik, ordea, Armenia ez dago lasai. Karabakh Garaiaren kontrolaren harira izandako 2020ko gerrak eta bertan jasandako porrotak, eta 2023an lurralde horren aurka egindako garbiketa etnikoak bere aliatuak zein diren birplanteatzera eraman dute Armenia. Azerbaijanen duela bi urteko ofentsibak 160.000 desplazatu eragin zituen.
Ikusi gehiago
Kaukasoaren hegoaldean dago Armenia, Europaren eta Asiaren arteko mugalerroan. Herrialdeak ia hiru milioi biztanle ditu, eta ia 30.000 kilometro koadro. Armeniar gehienak, ordea, kanpoan bizi dira. Izan ere, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan Turkiak armeniarren aurka eginiko genozidioak, milaka pertsonaren heriotza eragiteaz gain, bizirik atera zirenen exodoa eragin zuen. Herrialdeak ez du energia baliabiderik, eta, beraz, alde horretatik, garrantzi estrategiko urria duen herrialdea da. Armeniaren garrantzia bere kokalekuan datza.
Gaur egun, bere aliatu tradizional Errusiatik aldetzen ari da Armenia, eta mendebaldeko eta ekialdeko hainbat estatutara gerturatzen. 2020tik aurrera Errusiak arbitro gisa jokatu du Karabakh Garaiko aferan, eta ez da bereziki Armeniaren alde lerrokatu. Horrek haserrea sortu du Armenian.
Aldentze prozesuak hainbat gako geopolitiko ditu, ordea. Alde batetik, 2018an boterera iritsi zen Nikol Paxinian lehen ministroa babesten ari da Mendebaldea —hau da, AEB Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia eta Ingalaterra— , eta herrialdean Errusiaren presentzia apaltzeko lanetan ere ari da. Horretarako, gizarte zibilean eragiten ari dira, GKE gobernuz kanpoko erakundeak finantzatuz, esate baterako.
Gobernuak ere Errusiaren influentzia eten nahi du: azken hilabeteetan, Moskuren interesen alde lan egitea leporatuta, hainbat kazetari, aktibista, enpresaburu eta apaiz atxilotu dituzte. Bestalde, Iran eta Indiarekin ere sakondu du harremana Armeniak. Iranek hainbatetan laguntza militarra eskaini dio, baina alboratua izan da Mendebaldearen presioen eraginez. Indiaren kasuan, berriz, lankidetza ekonomikoa eta militarra izan da batez ere.
Orain, aukera gehiago
Alek Bayandurian oso kritikoa da Errusiarekin: «Engainatu egin gaituzte, traizio egin digute», dio, te ontzia eskuetan duela. Erantsi du errusiarrek ez zutela ezer egin 2023ko Karabakh Garaiko «garbiketa etnikoa eragozteko». «Moskuk Turkiarekin akordio bat egin zuen armeniarrak botatzeko. Errusiarrek Karabakh sakrifikatu zuten, eta hortik aurrera armeniarrok nola edo hala egin behar izan dugu aurrera».
Bayandurianek 56 urte ditu, argazkilaria da, eta gaur egun Erevanen bizi da, baina urte askoan Bartzelonan bizitakoa da. Haren esanetan, Mosku «mehatxu bat» da Armeniarentzat: «Putinek bere gertuko gobernu bat jarri nahi du, garai sobietarrera itzultzeko, eta Armenia satelite bilakatzeko; azken berrehun urteetan bezala». Bayandurianen arabera, errusiarrek beti «engainatu» izan dituzte armeniarrak, «baita sakrifikatu ere»; eta galdera egin du: «Zer izango da Moskuk sakrifikatuko duen hurrengoa, Sevan lakua? Edo Erevan bera?». Bayandurianen esanetan, Armeniak aliatu berriak bilatu behar ditu: AEB Ameriketako Estatu Batuak, Iran, India eta Txina.
«Jendea ez dago prestatua Mendebaldera biratzeko. Aldaketak onartzea oso zaila da»
ALEK BAYANDURIAN Argazkilaria
Garnik Kocharianek 35 urte ditu, eta soldadu ohia da. Beretzat ere aliatu egokienak Iran, India eta Txina izango lirateke. Alde batetik, armeniarrek muga dutelako Iranekin. Bestetik, Indiaren kasuan, herrialdeak bidalitako laguntza militarra eta azken urteetan bi herrialdeen artean sendotu den harremana aipatu ditu.
Errusiarekiko harremana ez dela ona dio. Kocharianen esanetan, historiari erreferentzia eginaz, Moskuren eta Erevanen arteko harremanak ez du «ezer onik ekarri»: «Beti galerak ekarri dizkigu». Horren erantzuletzat «errusiar inperialismoa» jotzen du. «Ni armeniarra naiz, eta herrialde libre batean bizi nahi dut, ez beste batzuen agindupean». Aitortu du guztiak ez datozela bat ikuspuntu horrekin. Adinekoek Sobietar Batasuneko oroitzapen onak dituztela eta Putin lider indartsu gisa ikusten dutela dio. Bera ez dator bat: «Ni gerran egon nintzen, eta hor garbi ikusi nuen: soldadu errusiarrek ez zuten ezer egin garbiketa etnikoa eragozteko».
Harut Aristakesian ere gerran egon zen. 28 urte ditu, eta soldadu ohia da. Haren esanetan, «ezin da errusiarrez fio». Armeniak Mendebalderantz biratzea «positiboa» dela uste du. «Lehen Errusia zen armeniarren aliatu nagusia, baina orain aukera gehiago ditu Armeniak».
«Ni gerran egon nintzen: soldadu errusiarrek ez zuten ezer egin garbiketa etnikoa eragozteko»
GARNIK KOCHARIAN Armeniako soldadu ohia
Bayandurianen arabera, herrialdea Mendebaldeko zenbait estatutara gerturatzen hasi denetik, aldaketak ari dira gertatzen, baina horiek sustraitzea zaila dela dio. «Jendea ez dago prestatua Mendebaldera biratzeko. Aldaketak onartzea oso zaila da». Horren atzean «nazionalismo itsua» dago, haren esanetan. Armeniarrek oker bat egiten dute, argazkilariaren arabera: «Pentsatzen dute onenak direla, janari armeniarra onena dela, Armeniako lurra, ura, fruta onenak direla. Gezur batean bizi dira».