Sargis Melik-Xajnazarian politologo armeniarra da, Moskun jaioa. Arbasoak Karabakh Garaikoak ditu, eta 2007an Stepanakertera, hango hiriburura, joan zen bizitzera. 2016ko eta 2020ko gerretan Armeniako armadako soldadua izan zen, eta Azerbaijanen kontra borrokatu. Erevan kanpoaldean bizi da egun.
Ikusi gehiago
Zer bilakaera izan dute Errusiaren eta Armeniaren arteko harremanek 2018an Nikol Paxinian boterera heldu zenetik?
Nikol Paxinian mendebaldezalea da, eta hura boterera iristeak kalte egin zien Moskuk Armenian zituen interesei. 2018tik, adibidez, handitu egin da Europako Batasunak herrialdean duen influentzia. Paxinianen politikaren emaitza da hori. Europako hainbat egitura indar handiz sartu dira, besteak beste. Laburbilduz, esan genezake Paxinian boterera iritsi zenetik Errusiaren eta Armeniaren arteko harremanak okertu egin direla. Harreman aldaketa, ordea, zazpi urte lehenago hasi zen egiaz, Serzh Sargsian agintean zegoela. Garai hartan Errusiak arma mordoa saldu zizkion Azerbaijani, baita Armeniari ere, baina askoz gehiago azeriarrei [azerbaijandarrak]. Horrek bi herrialdeen arteko oreka militarra hautsi zuen.
Zer rol izan du Errusiak 2020ko Karabakh Garaiko gerran eta 2023ko garbiketa etnikoan?
2020ko irailetik eta azarora bitarteko gerra hasi zenean, Moskuk bake indarrak bidali zituen. Bi mila militar inguruk osatzen zituzten indar horiek. Hasieran esan zenaren arabera, bost urte iraun behar zuen bake misioak. Noski, argi gelditu da hori ez zela bete, 2023ko garbiketa etnikoaren eta Artsakheko Errepublikaren desagerpenaren ondorioz. 2020ko gerran, Errusiako bake indarrek ez zuten ezer egin armeniarrak babesteko. Zibil armeniar asko hil ziren gerra horretan. Azeriarrek zibilen aurkako erasoak egitean, adibidez, Errusiako tropek ez zuten erantzuten. Bestalde, Errusiak ez zuen onartu Artsakhen independentzia. Alde horretatik, ez zuen ezta babes politikorik eman. 2023ko garbiketa etnikoan berdina gertatu zen: Errusiak ez zuen Azerbaijanen agenda oztopatu nahi izan. Garbi esan daiteke 2020ko gerran eta 2023ko garbiketa etnikoan Errusiak traizio egin ziola Armeniari. Gainera, esan beharra dago bi herrialdeen artean sinatutako defentsa akordioaren arabera Errusiak Armeniako Errepublika babesteko betebeharra duela. Baina hori ere ez du bete. Azeriarrek Armeniako Errepublikako 200 kilometro koadro inguru okupatu dituzte, eta ez da ezer gertatu.
Gaur egun zer harreman dute Errusiak eta Armeniak?
Ez da bi aliatuen arteko harremana, baina ezta bi etsairen artekoa ere. Errusiak presentzia militarra du Giumri hirian. Batetik, Armeniak dependentzia ekonomiko handia du Errusiarekin. Beraz, esan daiteke lotura ekonomikoa badagoela. Bestetik, kontuan izan behar da Errusia dela armeniar diasporaren parterik handiena hartzen duen herrialdea, eta Errusian bizi diren armeniarrek lagundu egiten diete Armeniako armeniarrei. Hori bai, Erevanen eta Moskuren arteko erlazioa ez da 2020aren aurretik zen bezalakoa. Errusiar kulturaren influentzia badagoen arren, gaur egun Armeniako armeniar gehienek ez dute federik Errusiako Gobernuarengan; Errusiaren lidergoaren gaineko iritzia are eta gehiago okertu da Ukrainaren inbasioaren harira. Hanka sartze handia izan zen hori.
Armeniak beste aliatu batzuk bilatu ditu azken urteetan.
Artsakhekin gertatu zenaren ondorioz, Armenia aldendu egin da Errusiatik, baina, aldi berean, beste hainbat herrialderengana gerturatu, tartean direla Frantzia eta Ameriketako Estatu Batuak. Horiek, ordea, oraindik ez dute presentzia militarrik. Baina haien eragin politikoa handitu da: esaterako, Parisek kontsulatua ireki zuen Siunik probintzian. Historikoki harreman handia egon da Frantziarekin. AEBei dagokienez, Oparotasunerako eta Bakerako Trump ibilbidea deiturikoa dago Iranekin muga egiten duen Armeniako eremuan. Ibilbide hori garatzeko interes berezia du Trumpek. Diru asko atera dezakete AEBek bide hori garatuz. Hor dago Iran ere, estatu mugakidea. Teheranek laguntza militarra hainbatetan eskaini dion arren, Armeniak ez du onartu, Mendebaldearen eta Errusiaren presioaren eraginez. Mendebaldeak eta Errusiak ez dute nahi Iranek inguru honetan influentzia handiagoa izatea. Azkenik, India dago. Herrialde hori oinarrizkoa da Armeniarentzat, lankidetza militar eta ekonomikoa baitu harekin.