Alderdi Quebectarra, maldan behera

PLQ alderdi federalistak gehiengo osoa eskuratu du hauteskundeetan, eta Couillard izango da Quebeceko lehen ministroaMaroisek eserlekua galdu du parlamentuan, eta PQ alderdiko buruzagitza utzi egin du

Alderdi Quebectarra, maldan behera.
Xabin Makazaga.
2014ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uste baino kolpe handiagoa hartu du PORQUE Alderdi Quebectarrak asteleheneko hauteskundeetan. Eta, zer esanik ez, Pauline Maroisek. Lehen ministro independentistak gehiengo osoa eskuratzeko helburuarekin aurreratu zituen Quebeceko Asanblada Nazionalerako hauteskundeak, agintea hartu eta urte eta erdira. Inkestak alde zituen Maroisek duela hilabete eta erdi, legebiltzarra desegin zuenean; Philippe Couillard PLQ Alderdi Liberal Quebectarreko buruak, baina, zaldi gainetik bota egin du kanpainan.

PLQk, izan ere, gehiengo osoa eskuratu du hauteskundeetan: iragarpen onenak ere gainditu, eta, botoen %41,5ekin, 70 ordezkari lortu ditu 125 eserlekuko ganberan. PQk, berriz, oposizioan bederatzi urte pasatu eta 2012ko irailean PLQ agintetik kentzea lortu ostean, lanak izan ditu Quebeceko hirugarren alderdi bihurtzea saihesteko.

1970. urtean Asanblada Nazionalerako hauteskundeetan lehenengo aldiz parte hartu zuenean salbu, inoiz ez du PQk emaitza kaskarragorik lortu. Botoen %25 justuan gainditu ditu —CAQ alderdi nazionalista kontserbadorea bi puntura hurbildu zaio—, eta 24 eserleku galdu ditu legebiltzarrean. Hondamendia, argiki, Marois berarena izan da, ez baitio legebiltzarkide eserlekuari eutsi —777 botoren aldeagatik—, eta Alderdi Quebectarraren buruzagitza utzi egin du.

Alde guztietatik jan dizkiote botoak Alderdi Quebectarrari. PLQk nabarmen, 20 eserleku gehiago eskuratu baititu. Baina baita CAQ Quebec Etorkizuna Koalizioak eta Quebec Solidarioa ezkerreko alderdi independentistak ere. Hauteskundeetan, galtzaile bakarra PQ izan da.

PQ bera, eta hirugarren aldiz Quebecen independentziari buruzko erreferendum bat egiteko aukera. Azken urteetan gaia nahiko isilpean eduki duten arren, eta hauteskunde kanpainan bertan ere Maroisek gaiari buruz hitz egitea saihestu arren —Couillardek bai haizatu du PQk gehiengo osoa lortuz gero sezesioaren arriskua zegokeela—, bozak irabaziz gero batzorde bat eratuko zuela agindu zuen lehen ministroak, quebectarrek herri galdeketarik nahi duten edo ez aztertzeko. Hala ere, PQren «ezkutuko asmoa» erreferenduma egitea zela —Couillardek hala salatu zuen— ukatu egin zuen Maroisek eta, egitekotan, quebectarrak prest zeudenean antolatuko zutela nabarmendu zuen.

Aurrez 1980an eta 1995ean egin dituzte Quebecen independentziari buruzko erreferendumak, eta bietan ezetzak irabazi zuen. Aurrenekoan, aldeko botoak %40,44 izan ziren, eta, aurkakoak, %59,56. Bigarrenean, estuagoa izan zen emaitza: %49,42 alde, eta %50,58 aurka.

Balioen Karta

Independentziari buruzko erreferenduma berriro egiteko aukerak PQri hauteskundeetan kaltea ekarriko ziola aurreratu zuten Quebeceko komunikabideek bozen aurretik ere, inkestek izan zuten bilakaera aintzat hartuta. Maroisek parlamentua desegin zuenean PQ gehiengo osotik gertu agertzetik, PLQri botoen %38 eta Alderdi Quebectarrari %29 ematera iritsi baitziren. Azkenean, Quebecek Kanadan jarraitzearen aldekoagoak izan dira emaitzak, eta independentistak iragarpen txarrenen azpitik geratu dira.

Quebecen independentziari buruzko galdeketa, izan ere, ez da lehentasunezkoa hiru herritarretatik birentzat, inkesten arabera. Eta Kanadatik bereizteak eragin ditzakeen ondorio ekonomikoek —130.000 milioi eurotik gorako zorra du Quebecek— kezkatzen dituzte gehiago herritarrak.

PQk gutxiengoan agintzen baitzuen, aurrekontuak onartzerik izan ez zuelako eta egin asmo zituen erreformak atzeratzen ari zirelako erabaki zuen Maroisek hauteskundeak aurreratzea. Iazko irailean aurkeztutako Balioen Karta da horietako bat: Quebecen laikotasuna bultzatzeko helburuarekin, langile publikoei soinean ikur erlijiosoak eramatea debekatu egin nahi zien PQk.

Lege proposamen horregatik —Frantzian gisa bereko lege bat indarrean dago— tolerantzia falta eta xenofobia ere leporatu zizkioten giza eskubideen aldeko taldeek eta oposizioko alderdiek Maroisen gobernuari. Hauteskunde kanpainako gai nagusietako bat izan zen, eta, bereziki landa eremuetan, PQk babesa galtzea eta boto-emaile askok PLQ alderdi liberala hobestea eragin du.

«Zatiketa amaitu da»

Aspaldiko hauteskunde kanpaina «zikinena» izan da Quebecen, alde bateko nahiz besteko iturriek onartu dutenez, eta bozak irabazi berritan, herritarrek «batasuna eta irekiera» aukeratu dituztela esan zuen Couillardek: «Zatiketa amaitu da, eta adiskidetzea hasi da. Has gaitezen elkarrekin Quebecen alde lanean».

Maroisek hauteskundeak aurreratu eta PQk halako porrota jaso izana txantxarako baliatu zuen Quebeceko hurrengo lehen ministroak: «Zorionekoak gu lau urtean behin, edo baita gehiagotan ere, geure gobernua bozkatzeko aukera ematen digun demokrazia batean bizi garelako». PLQ alderdi liberalaren ardura nagusia gobernutik ekonomia suspertu eta langabeziari aurre egitea izango dela erantsi zuen Couillardek.

Quebeceko Asanblada Nazionalerako hauteskundeen emaitzekin lasaitua hartu zuela ez zuen ezkutatu, bestalde, Stephen Harper Kanadako lehen ministro kontserbadoreak: «Emaitzek argiki erakutsi dute quebectarrek galdeketa bat egiteko aukerari ezezkoa eman diotela», nabarmendu zuen, agiri baten bidez, Kanadako gobernuburuak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA