Alemaniako Gobernuak gaur jakinarazi du Errusia dagoela abuztuaren 4an Leipzigeko aireportuaren aurka droneekin egindako erasoaren atzean. Alemaniako Barne ministro Alexander Dobrindtek eta Atzerri ministro Johann Wadephulek prentsaurrekoa eman dute gaur, duela ia hilabete gertatutakoaren nondik norakoak azaltzeko; esan dutenez, Ukrainako zama hegazkinak zituen helburu erasoak, eta hiru drone erabili zituzten. Batek bakarrik jo zuen hegazkin bat, baina ez zen lehertu, huts tekniko bat tarteko. Hala ere, aireportua itxi egin behar izan zuten tarte batez.
Orduko hartan, AEB Ameriketako Estatu Batuen zerbitzu sekretuek iradoki zuten Errusia zela erasoaren erantzulea. Hala zabaldu zuen The Wall Street Journal kazetak, AEBetako bi funtzionario aipatuz. Iturri horren arabera, Vladimir Putin Errusiako presidentea aztertzen ari da zer-nolako erabakitasuna duten NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideek, eta prest dago estatu kide baten aurkako eraso mugatu bat egiteko, hala nola zibereraso bat edo eskala txikiko lurreko inbasio bat.
Justu gaur jakinarazi dutenez, Alemaniako Polizia beste eraso bat ikertzen ari da: Brandeburgoko estatuko Turnow-Preilack azpiestazio elektrikoari lehergailuz eraso egin diotela zabaldu dute iturri ofizialek. Azaldu dutenez, erasoaren erantzuleek «itzalaldi orokor bat» eragin nahi zuten, baina sarea babesteko sistemek eragotzi egin dute kaltea. Hala ere, iturri ofizialek adierazi dute oraingoz ez dagoela bi kasuak lotzeko moduko zantzurik.
Letonian eta Estonian ere alarmak aktibatu dituzte gaur goizaldean, drone batzuk EB Europako Batasuneko bi herrialde horietako aire eremuan sartu direlako. Hortaz, protokoloari jarraikiz, Estoniako base batean zeuden NATOren gerra hegazkinak mugiarazi dituzte droneen arrastoari jarraitzeko. Horren berri eman dute hango hedabideek, iturri militarrak aipatuz.Â
Margus Tsakhna Estoniako Atzerri ministroaren esanetan, Errusiak Ukrainaren aurka «hasitako gerraren» ondorio dira gisa horretako «gorabeherak». «Horregatik, guk, geure aliatuekin batera, jarraituko dugu Ukrainari laguntzen eta Errusiari presio egiten gerra amai dezan», adierazi du ministerioak kaleratutako ohar batean. Aintzat hartu behar da duela bi aste pasa, abuztuaren 14an, baita ekain hasieran ere, NATOren hegazkinek droneak erorarazi zituztela Letonian.
Hamabi hildako Kieven
Konponbidea urrun dago oraindik Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran. Errusiak berriro bonbardatu du Kiev gaur, eta gutxienez hamabi pertsona hil ditu Ukrainako hiriburuan eta haren aldirietan, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.Â
Seigarren egunez jarraian jo dute Ukrainako hiriburua Moskuren droneek eta misil balistikoek. Errusiako Defentsa Ministerioak ohar batean adierazi duenez, energia instalazioak eta azpiegitura militarra eta industriala izan dituzte helburu, argudiatuta instalazio horiek Ukrainako armadarentzako materialaren eta erregaiaren biltegi gisa erabiltzen dituztela.
Ukrainaren esanetan, zortzi lagun hiriburuan bertan hil dira, eta lau, aldirietan. Informazio horren arabera, hildakoetatik sei Ukrainako trenbide enpresa publikoaren langileak ziren. Errusiak jaurtitako droneek eta misilek hainbat etxebizitza bloke ere hondatu dituzte. Moskuk, gainera, herrialdearen hegoaldea ere jo du, jakinarazi duenez Odesa hiriari ere eraso egin baitio; Ukrainak ekipamendu militarra gordetzeko baliatzen zituen hainbat biltegi txikitu ditu, Defentsa Ministerioak azaldu duenez.
Horiek horrela, Andri Sibiga Ukrainako Atzerri ministroak nabarmendu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez duela bakerik nahi. X sare sozialean idatzitako mezu batean, Errusiaren kontrako zigor ekonomikoak areagotzea galdegin die Mendebaldeko aliatuei. Hain zuzen, Putinek eskatu die Shanghaiko Lankidetza Erakundeko herrialdeei «ahal den guztia» egin dezatela gatazka armatuak «hauspotzea» eragozteko. Foro horrek goi bilera bat egin du azken bi egunetan Kirgizistango hiriburu Bixkeken, eta gaur hitza hartu duenean, hori esan die Kremlineko buruak Txinako, Indiako eta, besteak beste, Irango agintariei.
Eta horren guztiaren harira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Oleksandr Kamixin energia industriaren eta armamentuaren aholkularia kargugabetu zuen atzo. Ostiral gauean munizio biltegi bati eraso egin zion Errusiak Butxan, Kievetik gertu, eta 38 lagun hil zituen. Zelenskik gaitzetsi egin zuen munizioa etxebizitzetatik gertu biltegiratu izana, eta neurriak hartuko zituela iragarri. 2024ko urrian aholkulari bihurtu aurretik, Kamixin Industria Estrategikoen ministroa izan zen urtebetez.
2.800Erreakzio motorrek propultsatutako zenbat drone jaurti zituen Errusiak abuztuan. Ukrainaren arabera, erreakzio motor batek propultsatuta jaurtitako droneak eroraraztea zailagoa da, eta Kievek esan du Errusiak 2.800 drone inguru jaurti zituela abuztuan modu horretan. Juri Ihnat armadaren bozeramailea elkarrizketatu dute gaur Ukrainako telebista kate batean, eta zehaztu du hamarretik sei erorarazi dituztela; beste molde bateko droneak badira, gehiago erorarazten dituzte.
Ukrainak ere Errusiaren kontrako erasoak areagotu ditu hilabeteak pasatu ahala; nagusiki, Moskuren energia azpiegiturak ditu helburu. Atzo bi pertsona hil zituen Belgorod eskualde mugakidean —beste bat gaur—, eta gaur goizaldean, droneak erabiliz, aire erasoak egin ditu Leningrad eskualdean —Baltikoan— eta Samara hirian, Kazakhstango mugatik 200 kilometro ingurura. Leningraden, Ust-Lugako portua jo du, eta kalteak eragin, eskualde horretako gobernadoreak sare sozialetan jakinarazi duenez. Samaran, bestalde, aireko defentsa sistemek Ukrainak jaurtitako droneak bota dituzte; defentsako maniobren ondorioz, baina, arma zati batzuek etxebizitza batzuk hondatu dituzte. Hango gobernadoreak sare sozialetan esan duenez, ez dago hildakorik.