Alemania

Alemaniak gogortu egingo ditu migrazio politikak

Olaf Scholzek neurri sorta bat adostu du estatuekin. Asilo eskatzaile gutxiago izatea du helburu, eta, hala, Alemaniako eskuin muturraren igoerari aurre egitea: «Momentu historikoa da».

Olaf Scholz, atzo, Berlinen. CLEMENS BILAN / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko azaroaren 7a
13:36
Entzun

Migrazio politikak berrikustea eta gogortzea adostu dute Alemanian. Olaf Scholz kantzilerrak asilo eskatzaile gutxiago izatea du helburu, eta, bide batez, eskuin muturraren igoerari kontra egitea. Gaur neurri sorta bat hitzartu du herrialdea osatzen duten hamasei landerrekin, hiri asko «gainezka» daudelako iristen ari diren migratzaileen ondorioz. «Garai historikoa da. Guztion helburua da migrazio irregularra mugatzea», Alemaniako kantzilerraren esanetan.

EB Europako Batasuneko herrialde gehienekin alderatuta, Alemaniara iristen diren migratzaileek estatuaren laguntza ugari jasotzen dituzte. Hori diote, bederen, alderdi kontserbadoreek: salatu dute horrek erakarri egiten dituela iheslariak, eta haiei eskudirurik ez emateko eskatu dute. Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) alderdi ultraeskuindarra dabil indartsuen migratzaileen aurkako kanpainan, eta, inkesten arabera, egun herrialdeko bigarren indarra da boto asmoari dagokionez, Scholzen zentro-ezkerreko koalizioaren aurretik.

2023ko lehen bederatzi hilabeteetan 220.000 lagunek eskatu dute asiloa Alemanian, iazko urte osoan baino gehiagok. Ukrainako gerrak Alemaniara eraman dituen milioi bat errefuxiatuetako asko orain ari dira tramiteak egiten, eta tokiko erakundeek hilabeteak daramatzate haiek jasotzeko laguntzak eskatzen.

Hainbat neurri adostu dituzte gaur. Markus Soeder Bavariako lehen ministroak azaldu duenez, negoziazioak gogorrak eta luzeak izan dira, atzo 15 orduz egon baitziren bilduta. Pozik agertu da «aurrerapausoak» eman dituztelako, baina argi utzi du bere iritziz ez dela nahikoa: «Presionatzen jarraitu behar dugu migrazioa mugatzeko».

Negoziazio horien ondorio nabarmenena da iheslariei prestazioak murrizteko erabakia. Orain arte, sei eta hemezortzi hilabete artean behar izaten ziren asilo eskaera bat onartzeko, eta, hemezortzi hilabete horietatik aurrera, laguntza ekonomiko handiagoak ematen zizkieten. Orain, 36 hilabetera luzatuko dute epe hori; bitartean, hilean 410 euroko laguntza murriztua jasoko dute eskatzaileek. Christian Lindner Ogasun Ministroaren arabera, gobernuak mila milioi euro aurreztuko ditu neurri horri esker. «Horrela, estatuen eta hirien saturazioa arintzeaz gain, lortuko dugu Alemaniako ongizate estatua ez hain erakargarria izatea», azaldu du.

Oztopoak

Helburu berberarekin, migratzaileak deportatzeko neurriak onartu ditu azken asteetan gobernuak. Urriaren 17an iragarri zuen Suitzako, Poloniako eta Txekiako mugetan kontrolak jarriko dituztela berriz; hasieran, «aldi baterako» zirela esan zuten, baina Scholzek gaur baieztatu du «luzaroan» eutsiko dietela. EBko gainontzeko herrialdeetatik iritsitako errefuxiatuak, berriz, ahalik eta azkarren itzularazi nahi dituzte Alemaniara sartu aurretik zeuden lurraldera.

Alemaniak eskudirurik ere ez die eman nahi migratzaileei. Gaur egun, harrera zentroetan bizi diren helduek janaria jasotzen dute, eta hilean 150 euroko laguntza gehienez ere. Diru laguntza horrek legediaren babesa du, eta Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen ezin dela «nahierara» murriztu, baina gobernua aztertzen ari da zer egin dezakeen eskudirutan eman beharrean txartelen bidez emateko. Frantzian, adibidez, horrela funtzionatzen du: eskudiruaren ordez, supermerkatuetan erabiltzeko balio duen txartel bat jasotzen dute migratzaileek, baina ezin dute eskudirurik atera hartatik.

Asilo eskatzaileei dagokienez, gobernuak aurrerantzean erraztu egingo die «ongintzazko lanak» egitea euren eskaera tramitatu bitartean. Tramite horiek EBtik kanpo egitea ere nahi dute, baina Scholzek azaldu du ez duela argi ikusten, ez baitaki ez konstituzionalki posible den, ezta herrialdeek onartuko luketen ere. Azkenik, adostu dute gobernu zentralak tokiko erakundeei zenbat diru emango dien jasotzen duten migratzaile bakoitzeko: urtean 7.500 euro.

Orain, Alemanian, asilo eskaera ukatu zaien 250.000 pertsona inguru daude. Haietatik 200.000 inguru ezin dituzte aberriratu, inork ez dituelako jaso nahi, haien jaioterrian gatazkak daudelako, edota osasun arazo larriak dituztelako.

Migratzaileak, Albaniara

Italian ere hizpide dituzte migratzaileak egunotan. Atzo akordio bat iragarri zuten Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak eta Edi Rama Albaniakoak: haren bidez, Italiak Mediterraneotik heldutako errefuxiatuentzako zentroak eraikiko ditu Balkanetako herrialde horretan. Gune horietan 3.000 lagun inguru jasoko dituzte 2024ko udaberritik aurrera, eta kalkulatu dute urtean 36.000 iheslariko fluxua izango dela denera. Aurten jada 145.314 migratzaile heldu dira Italiako kostara; iaz 88.995 izan ziren, eta 2021ean, berriz, 54.733.

Zentro horiek horiek migratzaileak identifikatzeko eta kontrolatzeko balioko dute, baita haien asilo eskaerak kudeatzeko eta jasotzen ez dutenak euren herrialdera itzultzeko. Italiako erreskate zerbitzuek Mediterraneoan atzematen dituztenak helduko dira leku horietara; GKE gobernuz kanpoko erakundeek erreskatatutakoak, beraz, Italiako portuetara iritsiko dira aurrerantzean ere.

Ituna jauzi nabarmena da migratzaileak isilpean deserriratzeko proiektuaren barruan. Erresuma Batuak gauza bera egin zuen iaz, asilo eskatzaileak Ruandara bidalita, nahiz eta oraindik ez duten jaso epaitegiek praktika hori ontzat jotzeko edo debekatzeko eman behar duten azken ebazpena. Baliteke Italiak ere arazo bera izatea.

Europako Batzordeak akordioaren inguruko «informazio zehatza» eskatu du balorazio ofiziala egin aurretik, baina argi utzi du EBko eta nazioarteko legedia errespetatu beharko dituela onartua izateko. Oraindik ez dituzte argitaratu itunaren xehetasunak, baina ez dirudi Italiak nahieran jokatu ahal izango duenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.