Lehen aldiz, Alemaniako presidente bat Gernikan (Bizkaia) izango da bonbardaketetan hildakoak gogoratzeko. Frank-Walter Steinmeier presidenteak hil honen amaieran Espainiara egingo duen bidaia baliatuko du Euskal Herrira etortzeko. Hilaren 28an izango da Gernikan, Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak 1937ko apirilean egindako erasoan izandako biktimak oroitzeko. Gernikako Batzar Etxea eta Gernikako Arbola bisitatuko ditu, besteak beste, eta Bilbon ere izango da.
Alemaniako Gobernu Federalak aitortu ditu bonbardaketa haiek eragindako biktimak, eta urtero bidaltzen ditu loreak apirilaren 26an Gernikan egin ohi den ekitaldira, baina Alemaniako estatuburu bat Gernikara joaten den lehen aldia izango da.